Euskararen Mundu Eguna, abenduaren 3a
Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko Dekretua onartu zenetik, hizkuntza-eskakizuna betetzen duten profesionalen ehunekoa % 7,6tik % 51ra igo da, eta Osakidetzak finantzatutako ia 60.000 euskalduntze-ikastaro eman dira
2017an, pazienteek hautatutako lehentasunezko hizkuntzaren erregistroa abian jarri zenetik, 347.000 pertsonek hautatu dute lehentasunez euskara erabiltzea Osakidetzarekin komunikatzeko
Inkesta erantzun duten ia 10 erabiltzailetik 8k adierazten dute pozik daudela euskarak Osakidetzan duen erabilerarekin eta presentziarekin
Beren plazari dagokion hizkuntza-eskakizuna betetze duten Osakidetzako langileen ehunekoa zazpi aldiz handiagoa da azken 20 urteotan, 2003ko % 7,6tik 2023ko % 51ra pasa baita.
Era berean, 2017an pazienteek hautatutako lehentasunezko hizkuntzaren erregistroa abian jarri zenetik, 347.200 erabiltzailek hautatu dute lehentasunez euskara erabiltzea euskal osasun-sistema publikoarekin harremanetan jartzean.
Era berean, Osakidetzako erabiltzaileei aldizka egiten zaizkien ausazko inkestetan, erabiltzaileen % 77,2 (2022ko datuak) pozik daude euskarak Osakidetzan duen erabilerarekin eta presentziarekin.
Hala jakinarazi dute gaur Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak, Euskararen Egunaren bezperan, Euskal Osasun Zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzeko Dekretua onartu eta 20 urte betetzen direnean, hain zuzen ere.
Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuaren iritziz, duela bi hamarkada onartu zen dekretu horren onarpenaren garrantzia berretsi egiten da Euskal Osasun Sistema Publikoan euskararen presentziak eta erabilerak izan duten aurrerapen mailakatua eta jarraitua egiaztatzen duten datu horiekin. Lorpen hori Osakidetzako langileen ahaleginari eta konpromisoari esker erdietsi da. Izatez, aldi horretan, profesionalak euskalduntzeko 58.631 ikastaro eman dira, Osakidetzak berak finantzatuta.
Gotzone Sagarduik oso positibotzat jo du bilakaera hori, betiere euskararen normalizazioan oraindik bide luzea egin behar dela jakinik, bai osasunaren esparruan, bai gizartearen beste hainbat esparrutan.
III. NORMALIZAZIO PLANA
67/2003 Dekretuak Euskal Osasun Zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzea ekarri zuen. Arau horrek ezarri zituen erakundeko erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak errespetatzeko gutxieneko helburuak, lehentasunak eta oinarrizko neurriak —Euskal Autonomia Erkidegoko Antolamendu Sanitarioaren 8/1997 Legearen 10. artikuluan deskribatzen dira eskubide horiek—.
67/2003 Dekretua indarrean sartu ondoren, Osakidetzak Euskararen Erabilera Normalizatzeko Lehen Plana (2005-2011) jarri zuen abian, eta plan horri bigarren Plan batek eman zion jarraipena (2013-2019). Gaur egun, Osakidetzak lanean jarraitzen du, bai herritarren hizkuntza-eskubideak berma daitezen, bai Euskal Osasun Zerbitzuko profesionalen artean euskararen erabilera susta dadin, Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Planaren (2022-2028) esparruan.
EUROPAN PARTE-HARTZEA
Hain zuzen ere, Osakidetzak parte hartu du Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarearen (NPLD, ingelesezko siglak) foroan. Aurten, Helsinkin egin da foroa, eta bertan osasun-arloan euskara erabiltzeko estrategia ezagutarazi da. Estatuetako gobernuak, autonomia-erkidegoetakoak, gobernuz kanpoko erakundeak eta hizkuntza-plangintzaren arloan lan egiten duten erakundeak biltzen dituen erakunde horren helburua da hizkuntza konstituzionaletako, eskualdeetako hizkuntzetako eta Europako estatu txikietako hizkuntzetako hiztunen interesak ordezkatzea.