Eremu digitalean euskarak izan behar duen presentzia azpimarratuta ospatu da Lehendakaria buru izan duen Euskararen Nazioarteko Eguna

0
PRUEBA

Euskararen Nazioarteko Egunaren ekitaldiaren buru izan da Iñigo Urkullu Lehendakaria. Donostian, Tabakalera – Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan, egin den ekitaldian Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Josu Erkoreka Lehenengo Lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua, Olatz  Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun Sailburua, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Gotzone Sagardui Osasun sailburua, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Eneko Goia Donostiako alkatea ere izan dira beste agintari eta euskalgintzako eta euskal gizarteko ordezkariekin batera.

Aurtengo ekitaldiaren ardatz Kultura eta Hizkuntza Politika sailak martxan duen GAITU kanpaina izan da. GAITU-Hizkuntza-teknologien ekintza-plana 2021-2024-k jasotzen duenez, hizkuntza-teknologietan aurrera egiteko eta euskara garapen teknologiko handiko Europako hizkuntzen artean jartzeko besteak beste beharrezkoa da eremu digitalean ere euskararen presentzia areagotzea. Helburu hori du GAITU-Common Voice kanpainak ere: audio-grabazioen datu-sorta librea sortzea ahots-teknologiak garatzen dituen edozein enpresak edo entitateak hori erabilita, produktuak euskaraz garatu ahal izateko.  “Batu ditzagun gure ahotsak” lelopean, euskal hiztunei gaitu.eus atarian sartzeko eskatzen zaie beren ahotsa grabatzeko eta horrela, euskal hizkuntza eta kulturaren garapenari ekarpena egiteko. Zenbat eta ahots eta grabazio gehiago, orduan eta zabalagoa izango da teknologia berriek lantzeko izango duten datu eta materiala.

Gaur egun Common Voice proiektuan 205 hizkuntza daude, horietatik 131 martxan daude, grabazioak egiten alegia, tartean euskara, eta beste 74 hizkuntza prestaketa lanetan. Urrian GAITU kanpaina martxan jarri zenetik euskara mundu mailan grabazio ordu gehien pilatzen dituzten hizkuntzen artean hamabigarrena da (131 hizkuntzako zerrendan) italiera eta japoniera bezalako hizkuntzak gaindituz. Guztira, 171.149 esaldi lokalizatu dira, prestatu dira eta ondoren plataformara igo dira. 8.232 hiztunek parte hartu dute grabazioetan. Guztira, 518 ordu grabatzea lortu da ( grabatutako ordu kopurua hirukoiztu da bi hilabateetan) .

Erronka berriak

Tabakaleran egin den ekitaldian Iñigo Urkullu Lehendakariak nabarmendu duenez euskarak XXI. mendean erronka berriak ditu aurretik: “askok hezkuntzarekin dute zer ikusia. Hezkuntza sistema izan da euskara biziberritzeko izan dugun biderik eraginkorrena, oparoena. Aurrerantzean ere horrela izango da”. Lehendakariak gaineratu duenez “herritar trebatuak nahi ditugu, ezagutzen ez dugun etorkizunari aurre egiteko tresna eta baliabide egokiak izango dituzten pertsona kriteriodun eta kritikoak.  Eta argi dago hizkuntzak tresna garrantzitsuak izango direla, etxeko eta lagunarteko harremanak goxatzeko zein kanpoko eta munduko harremanetarako”.

Erronken artean eremu digitalean ere euskarak izan behar duen presentzia azpimarratu du Iñigo Urkullu Lehendakariak: “ Mundu berria dator eta gure Herriak bere tokia aurkitu nahi du mundu berri horretan. Koldo Mitxelenak esan zuen bezala, euskarak ere bere tokia behar du; toki nahikoa, beste hizkuntzen artean, bizi dadin eta aurrera egin dezan. Aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunak mundu berri bati begira paratu gaitu, mundu digitalari begira alegia. Erronka berria da, bizi dugun garaiari dagokiona. Horretan ari gara eta erronka berri horretan ere aurrera goaz”.

Euskararen Eguneko Adierazpen Instituzionala 

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira Eusko adierazpen instituzionala ere kaleratu du. “Euskal hiztunon ahotsa, euskararen zabalbide. Euskal hiztuna, euskararen zabalkunde digitalaren eragile nagusia” izenburupean mundu digitalean euskararen presentzia areagotzeko beharra azpimarratzen da: “Euskararen zabalkunderako aro digital berria hasi da, inplikazio pertsonalaren bidez eta komunitate gisa jarduteko unea iritsi da. Har dezagun geure esku bereziki adimen artifizialaren bidetik datozkigun lanabesak euskaraz funtzionatzeko bidean tinko jartzeko ardura, erakutsi diezaiogun euskaraz lan egiten geure eguneroko jardueran ezinbesteko lankide dugun tresneria digitalari”.

Euskararen Eguneko adierazpen instituzionalak jasotzen duenez euskal hiztunen komunitateak bere buruari “zor dio ahalduntzeko bide honetan urrats erabakigarriak egitea, digitalizazioak sortutako beharrak asetzea, kasu”. Adierazpenean gaineratzen denez ahalegin hori “ euskarara hurbiltzen ari diren herritar guztiei ere zabaldu behar zaie “euskal herritarren komunitate eleaniztunak elkartasunez, harrotasunez eta kontzientzia betean bizi dezan euskararen aurrerabide digitala”.