Eusko Jaurlaritzak, Confebaskekin lankidetzan, eskualdeetako ESEPE-etarako 1.047 M €-ko dirulaguntzen zuzeneko kudeaketa eskatzen du

0

Ekonomia eta Ogasun Sailak, Confebaskekin eta haren hiru lurralde-erakundeekin (CEBEK, SEA eta ADEGIrekin) lankidetzan, beste urrats bat eman du Euskadi Next programan, ESKUALDEETAKO ESEPE-etarako euskal proposamena diseinatu baitu. Proposamen horretan jasotzen da euskal proiektu estrategikoak garatzeko oraindik egikaritu ez diren SEM dirulaguntzen 1.047 M €-ren zuzeneko kudeaketarako eskaera. SEMa egikaritzeko epea 2026an amaitzen da eta, epe horren erdia igaro denez, gobernantza-formula aldatzen ez bada, ez egikaritzeko arrisku larria dago. Horrek berekin ekarriko luke erabili gabeko funtsak Europari itzuli behar izatea.

Azpiazuren ustez, “dimentsio historikoetako porrota eta aukera-galera litzateke hori”. “Une honetan, lankidetza eraginkorra bertute bihurtu behar da, euskal ekonomia-ehunarentzat ondorio positibo izugarriak izango dituen bertute, ekonomia-ehuna izango bailitzateke Europako baliabide horiek galtzearen kaltetu nagusia”.

Bestalde, Tamara Yagüe Confebaskeko presidenteak adierazi duenez, “kudeaketa ‘deszentralizatuagoa eta hurbilekoagoa’ izatea bide gehigarria izan daiteke Europako laguntza horiek erabat balia daitezen bultzatzeko, zenbatekoan eta helburu eraldatzailean historikoak baitira. Ezin dugu onartu ‘euro’ bakar bat galtzea autonomia-erkidegoen parte-hartze aktiboagoarekin konpon litekeen zerbaitengatik, aipatutako laguntzen esleipenean, kudeaketan eta banaketan parte hartzeari dagokionez”.

“Bat gatoz Eusko Jaurlaritzak azken 40 urteetan enpresa- eta industria-politikak aplikatzeko eta hobetzeko izan duen hurbiltasuna eta esperientzia eta lankidetza publiko-pribatuaren ibilbide luze eta frogatua abiapuntu egokiak direla, zalantzarik gabe, Europako funtsak euskal enpresa-sarea modernizatzeko eta Europako eskarietara egokitzeko erabiliko direla ziurtatzeko. Gure produkzio-ehuna ezagutzeak eta euskal enpresekiko eta gurekiko —enpresen ordezkaritza handiena duten erakundeekiko— tratuan dagoen konfiantzak lagundu egingo dute, zalantzarik gabe, banaketa arinagoa eta behar dugunera gehiago bideratua lortzen”.

Modu praktikoan, RIS3 espezializazio adimenduneko estrategia erabiltzea proposatzen da, Europako SEM funtsak lor ditzaketen proiektuak zehazteko palanka gisa”. Eusko Jaurlaritzak proposatzen du oraindik banatu gabe dauden Estatuko ESEPE-etako funtsen % 65 —11.792,57 M €— autonomia-erkidegoetara bideratzea. Horrela, Euskadik zenbateko horren % 8,88 kudeatuko luke —EINen datuen arabera, bere industriaren balio erantsi gordinak Estatu osoarekiko duen pisuari dagokio zenbateko hori—. Guztira, 1.047,18 M € izango lirateke.

Era berean, Euskadik aktiboki parte hartu nahi du Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren eranskinean jasotako Autonomia Erkidegoen Jasangarritasunerako Funtsari dagozkion maileguen kudeaketan, Finantzen Euskal Institutuaren (FEI) bitartez. Funts horrek 20.000 M € arteko zuzkidura du, eta proiektu pribatuak, publikoak eta publiko-pribatuak finantzatzeko erabiliko da honako esparru hauetan: etxebizitza sozialak eta eskuragarriak eta hiri-berroneratzea; garraio jasangarria; industriaren eta ETE-en lehiakortasuna; ikerketa, garapena eta berrikuntza; turismo jasangarria; zainketen ekonomia eta uren eta hondakinen kudeaketa; eta trantsizio energetikoa.

Europako Inbertsio Bankuak (EIBk) kudeatuko du funtsa, eta planteatzen da FEIk bitartekari gisa jardun ahal izatea (EIBrekin batera enpresentzako beste finantzaketa-ekimen batzuetan duen esperientzia aprobetxatuz) eta aktiboki parte hartu ahal izatea euskal ETE-entzako finantzaketa bideratzean. Hori posible izan dadin, FEIren, EIBren eta Estatuko Administrazio Orokorraren artean behar diren akordioak sinatzea eskatzen da, harreman horren baldintzak ezartzeko.

“Gaur, Estatuko Administrazio Orokorrari eskualdeetako ESEPEaren figura planteatu eta hiru urtera, CONFEBASK euskal patronalarekin eta haren hiru lurralde-erakundeekin (CEBEK, SEA eta ADEGIrekin) lankidetzan, beste aurrerapauso bat eman dugu, modu proaktibo, kolaboratibo eta eraikitzailean, Europak inbertsioaren alde egin duen apustu berri hori modu eraldatzailean gauzatu dadin lortzeko”, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak adierazi duenez.

Eskaera hori Europako Batzordeak Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planerako (SEEPerako) Espainiako gehigarria onartu eta bi hilabetera egin da. Horren bidez, Next Generation EU funtsetatik Espainiari esleitutako baliabide guztiak mobilizatu dira, eta transferentzia gehigarrien 10.000 M € baino gehiago aurreikusi dira (Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 7.700 M € eta REPowerEU programaren 2.600 M € baino gehiago), 83.000 M € arte ere maileguetan. Horrela, Espainiako SEEPak 162.700 milioi euro inguru mobilizatu ahal izango ditu transferentzietan eta maileguetan 2021-2026 aldian.

Eraldatze-proiektu estrategikoetan dago esleitutako SEM funtsak euskal ehun sozial eta produktibora behin betiko iristeko oztopo nagusia. ESEPE izenekoek ez diete erantzuten euskal ehun sozial eta produktiboaren beharrei. Gaur egun, 12 ESEPE daude identifikatuta, eta aurrean dugun erronkaren garrantzia islatzen dute zifrek: eraldaketa-proiektu estrategiko horietarako dirulaguntzetan aurreikusitako 24.496,2 M €-etatik 18.141,63 M € daude oraindik banatzeko eta gauzatzeko datozen hiru urteetan.

Euskadik proposatzen duen gobernantza-alternatiba horretan lurralde-lehentasunak ezartzen dira, hala nola Administrazio zentralari laguntzea enpresei eta produkzio-ehunari zuzendutako Europako funtsak bideratzen, eta beste autonomia-erkidego batzuekin eta beste eragile publiko eta pribatu batzuekin baloratutako eta partekatutako alternatiba bat da.

Eskualdeetako ESEPEak gaitzeak Eusko Jaurlaritzari ahalbidetuko lioke aktiboki bat egitea SEM funtsak ezartzen —dirulaguntzak eta maileguak—, eta baliabide gehigarriak izango lituzke enpresak sustatzeko dagoeneko abian dauden politikak bizkortzeko eta horiei anbizio handiagoa emateko. Autonomia-erkidegoek esperientzia dute dirulaguntzen kontratuak eta programak kudeatzen, eta beren produkzio-ehunaren beharrak ezagutzen dituzte. Horrela, “funtsak bideratzeko 17 ‘leihatila’ berri bete-betean baliatuko lirateke”.

INDAR-FAKTOREAK

  1. Dagoeneko abian dauden eskualde-ekimenak babestu, indartu eta bultzatzen dira:

Funtsek eskualde-politikak indartzeko balioko dute. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, produkzio-ehunera bideratuko dira: zientzia, teknologia eta berrikuntzako euskal sistemako erakundeak —unibertsitateak, zentro teknologikoak, etab.—; euskal instituzio publikoak eta pribatuak, hirugarren sektoreko erakundeak, enpresa-elkarteak eta sindikatuak, Euskadi Next Programan eta Euskadiko RIS3 Espezializazio Adimenduneko Estrategian esleitutako lehentasunetan oinarrituta.

  1. Baliarazi egiten dira lehendik dauden eta diruz lagundu daitezkeen tresnak:

Eskualdeko ehun sozial eta produktiboaren lehiakortasuna eta erresilientzia sustatzeko tresnak bete-betean aprobetxatzea da kontua, planteamendu eta tresna juridiko berriei aurre egin behar izateak eragileei dakarkien nahasmena saihestuta.

Jakina, hautatutako tresnek barne hartuko lituzkete SEMaren Europako erregelamenduak eskatzen dituen zeharkako betekizunak.

  1. Euskadiko RIS3 estrategiak Estatuko ESEPE-en planteamenduan laguntzen du:

Euskal Autonomia Erkidegoko RIS3aren industria adimenduneko espezializazioak arlo hauetako ESEPE-ei laguntzen die: aeroespaziala, ibilgailu elektriko eta konektatua, abangoardiako osasuna, ekonomia soziala eta zainketak, mikroelektronika, ontzigintza, deskarbonizazioa, ekonomia zirkularra eta nekazaritzako elikagaiak. Era berean, zeharkako sektoreek, hala nola makina-erremintarenak edo doitasunezko manufakturarenak, zeregin handia betetzen dute euskal industrian. Azken bi eremu horiek garrantzi berezia dute CONFEBASKentzat.

  1. Euskadiko eraldaketa-beharrak:

Euskadiko eskualdeetako ESEPE-en aplikazio-esparruak honako hauek dira:

  1. Longebitatea, ongizatea eta erresilientzia.
  2. Banaketa-sare adimendunak.
  3. Itsas jatorriko energia berriztagarriak.
  4. Trebakuntza zientifikoa eta teknologikoa.
  5. Big Data, Cloud, Adimen Artifiziala eta Zibersegurtasuna.
  6. Euskadi Sortzailea.
  7. Hiri jasangarriak.
  8. Klima-aldaketarekiko erresilientzia, ekosistemak eta biodibertsitatea.
  • BASQUE MOBILITY.

 

  1. Euskadiko eskualde-errealitatera egokitzen da:

SEEPean sartutako eremuak egokiak dira euskal produkzio-ehunarentzat eta RIS3 estrategiarentzat, baina, egia esan, Estatuak abiarazi eta zehaztutako deialdietan ezarritako oinarriek kanpoan uzten dituzte ehunka euskal enpresa, Europako eskakizunak betetzen dituzten proiektu eraldatzaileak dituzten enpresak, hain zuzen.

 

 

Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planerako proiektu estrategikoen taula. Gauzatze-maila 2023ko abuztuaren 31n. Lanketa propioa

ESEPEak   ESTATUA EUSKADI
Aurreikusitako aurrekontua (M €) 1. faseko transferentziak Eranskina Banatua (M €) Adjudikatua (aurreikusitakoarekiko %) Euskadin banatua (M €) Euskadiri adjudikatua (Estatuko adjudikatuarekiko %)
  Transferentzia gehigarriak Maileguak
Aeroespaziala 930,7 590,7 100 240 244,7 % 26,30 31,3 12,8
Nekazaritzako elikagaien katea 1.357 747 150 460 120,9 % 8,9 6,82 % 5,60
Uraren zikloaren digitalizazioa 3.485 430 1.250 1.805 174,5 % 5 9 5,2
Mikroelektronika eta erdieroaleak 12.250 275 1.225 10.750 0 % 0 0 % 0
Ekonomia zirkularra 792 192 600 0 0 % 0 0 % 0
Gizarte- eta zainketa-ekonomia 1.766 766 1.000 0 289,2 % 16,40 17,7 % 6,10
Energia berriztagarriak, hidrogeno berriztagarria eta biltegiratzea 10.797 6.600 4.197   2.734,70 % 25,30 159,7 % 5,80
Hizkuntzaren ekonomia berria 724,5 323,5 0 401 22,5 % 3,10 5 % 22,20
Ontzigintza-industria 150 150 0 0 0 % 0 0 % 0
Abangoardiako osasuna 1.640 810 500 330 889 % 54,20 30,12 % 3,40
Ibilgailu elektrikoa eta konektatua 4.120 2.870 250 1.000 2.234,50 % 54,20 316,3 % 14,20
Deskarbonizazio industriala 3.170 450 1.020 1.700 0 % 0 0 % 0
GUZTIRA 41.182 14.205 10.292 16.686 6.710 % 16 575,94 % 8,60