STEAM Euskadi Sariak: sariketaren laugarren edizioan proiektuak aurkezteko epea zabalik da

0
PRUEBA

Hezkuntza Sailak ireki du dagoeneko STEAM Euskadi Sarien laugarren ediziora proiektuak aurkezteko epea, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin lankidetzan. STEAM Euskadi Estrategiaren baitan antolatzen den ekimen honen helburua da STEM bokazio goiztiarrak bultzatzen dituen hezkuntza-eredu hori sustatzeko jardunbide onenak aitortzea eta ikusaraztea. Hau da, Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikako bokazioak piztea, betiere Arteekin eta Humanitateekin loturan (STEAM akronimo ingelesa da, Science, Technology, Engineering, Arts eta Mathematics hitzekin sortua).

STEAM Euskadi Sarietan parte har dezakete ikastetxeek, unibertsitateek, hezkuntza ez-formaleko erakundeek, ikerketa-zentroek, enpresek edo Euskadin STEAM hezkuntzako ekimenak garatzen ari den beste edozein erakundek ere bai. Hautagaitzak aurkezteko epea 2024ko otsailaren 9ra arte egongo da zabalik.

Hiru kategoriatan

Hezkuntza Sailak 18.000 euro bideratzen ditu saritan, lehiaketa honek dituen hiru kategorietarako. Kategoria bakoitzak bi sari eta aipamen berezi bat ditu, genero ikuspegiari aipamen berezia. Honako kategoria hauetan parte hartu ahal izango da:

  • 1 Kategoria: ikastetxeek sustatutako STEAM Hezkuntzako ekimenak:
    • Lehen saria: 3.000 euro
    • Bigarren saria: 2.000 euro
    • Aipamen berezia genero ikuspegiari: 1.000 euro
  • 2 Kategoria: unibertsitateek eta Lanbide Heziketako zentroek sustatutako STEAM Hezkuntzako ekimenak:
    • Lehen saria: 3.000 euro
    • Bigarren saria: 2.000 euro
    • Aipamen berezia genero ikuspegiari: 1.000 euro
  • 3 kategoria: erakunde sozioekonomikoek sustatutako STEAM Hezkuntzako ekimenak:
    • Lehen saria: 3.000 euro
    • Bigarren saria: 2.000 euro
    • Aipamen berezia genero ikuspegiari: 1.000 euro

Jasotako saria euren STEAM proiektura bideratu beharko dute irabazleek: saritutako ekimenean edota horren irismenean hobekuntzak finantzatzeko, edo STEAM ekimen berri bat abiarazteko.

Hezkuntza Sailaren STEAM Euskadi Estrategiaren baitan garatzen den ekimen honen helburuak honako hauek dira:

  • Euskadin garatzen ari diren eta estrategian ezarritako helburuak betetzen laguntzen ari diren STEAM hezkuntzako ekimenak identifikatzea
  • Ekimen berritzaileenak eta bereziki neskatila, neska gazte eta emakumeentzat direnak aitortzea

Informazio gehiago eta zehatzagoa STEAM Euskadi Estrategiaren webgunean dago eskura.

STEAM Euskadi Estrategia

STEAM Euskadi Sariak Hezkuntza Sailaren ekimena dira, STEAM Euskadi Estrategiaren baitan sortutakoak. Ikasleen prestakuntza zientifiko-teknologikoa hobetzea (neskei arreta berezia jarrita) lehentasunetako bat da Eusko Jaurlaritzarentzat. Hori horrela izanik, STEAM Euskadi Estrategiaren bidez, Hezkuntza Saila hainbat ekimen gauzatzen ari da STEAM (Science, Technology, Engineering, Arts and Mathematics) hezkuntzari bultzada emateko; izan ere, Euskadiren garapen ekonomiko eta soziala bermatzeko elementu giltzarria da hezkuntza-eredu hau.

STEAM Euskadi Sariak martxan jartzearen helburua ere hori bera da: arlo horretako jardunbide egokienak ikusaraztea eta aintzat hartzea, bai haien eraginagatik eta berrikuntza-mailagatik, bai neskatilak, neska gazteak zein emakumeak diziplina horietara erakartzeko duten gaitasunagatik.

Zer da STEAM Hezkuntza?

STEAM Hezkuntza Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikak Artearekin eta Giza Zientziekin harremanean lantzen dituen hezkuntza mota da. Oinarrizko konpetentziak garatzen ditu, bai zeharkakoak bai diziplinazkoak, eta ikasleak ahalduntzen ditu gure gizarteko erronkei era arduratsuan aurre egiteko.

 

STEAM Hezkuntzak arlo horietako kontzeptuak aldi berean eta era integratuan ikastea ahalbidetzen duten egoerak eragiteko gaitasuna du, nahita, arazoak diseinatzeko eta ebazteko testuinguru praktiko batean, enpresetan eta ingeniaritzan egiten den moduan. Ikerketan oinarritzen da, eta ikerketa hori honela gauzatzen da: esperimentuak planifikatu, hipotesiak ikertu, informazioa bilatu, ereduak eraiki, taldean lan egin, eztabaidatu eta azalpen koherenteak proposatu.