Open Cloud Factory adimen artifizialean lanean ari da, nazioartean zibersegurtasuna eskaintzeko helburuarekin

0

Open Cloud Factory Barakaldon (Bizkaia) kokatuta dagoen enpresa bat da. Zibersegurtasuneko soluzioak garatzen ditu, enpresei eta erakunde publikoei IT eta OT sarearen segurtasun-maila hobetzen laguntzeko. Konpainiak hainbat sektorerekin dihardu lanean, hala nola finantza-, osasun-, aseguru-, telekomunikazio- edo industria-enpresekin. Baina, azken urteotan, Open Cloud Factoryk administrazio publikoko bezeroak lortzeko apustua egin du, Zentro Kriptologiko Nazionalarekin batera lan eginez. 

Gehienak nazionalak izan arren, nazioarteko bezeroak ditu, batez ere Brasilen eta Mexikon, herrialde horietan dituen bi bulegoei esker, baina presentzia du Latinoamerikako beste herrialde batzuetan edo Madagaskarren. “Gure teknologiak enpresei eta erakundeei laguntzen die sarearen ikuspena %100ean lortzen, sarbidea kontrolatzen eta gailuetan betetze-maila lortzen, definitutako segurtasun-politika betetzen dela ziurtatzeko, arrisku-maila nabarmen murriztuz eta segurtasun-esparruetara egokitzen lagunduz”, nabarmendu du Darragh Kelly Open Cloud Factoryko estrategia-zuzendariak. 

Hain zuzen ere, Open Cloud Factoryri ematen duen balioa aitortzeko, Gartner teknologia-aholkularitzak Representative Vendor izendatu baitu bere Market Guide for Operational Technology Securityn, non sektoreko nazioarteko fabrikatzaile nagusiekin batera agertzen baita. 

Bizkaiko konpainiak I+Gren aldeko apustua egin du, bere tresnetan funtzionalitate berriak sartzeko, hala nola adimen artifiziala, sareko gailuen ezaugarriak hobetzeko eta automatizatzeko eta IT/OT inguruneen jokaera aztertzeko. Esfortzu horren ondorioz sortutako produktuetako bat cloud Elevate plataforma izan da. Plataforma horren helburu nagusia inguruneen funtzionamendua monitorizatzea eta errendimendu-adierazleak lortzea da. Segurtasun-ekosistema nazionala babesteko helburuarekin bat, Open Cloud Factoryk hainbat proiektutan parte hartu du CDTI,Red.es edo INCIBErekin. Proiektu horietan hogei bat erakundek baino gehiagok parte har dezakete aldi berean, merkatuari bere sare korporatiboetarako segurtasun-maila handiagoa eskaintzeko. 

Barakaldoko enpresak SPRI Taldeak antolatutako Basque Open Industry ekitaldian parte hartu du berriki. “Esperientzia hau oso positiboa izan da. Horri esker, harremanetan jarri gara 4.0 industriarekin eta digitalizazioarekin lotutako profesionalekin, hala nola adimen artifizialeko edo zibersegurtasuneko enpresekin. Horri esker, sinergiak lortu ditugu, eta komunikazioa sustatu dugu”, adierazi du Kellyk. 

Open Cloud Factory Cybasqueren bazkide sortzailea da, eta gaur egun 40 langile ditu egoitza nagusian eta Bartzelona, Madril, Brasil eta Mexikoko bulegoetan. Azken urteotan, berrikuntzaren eta nazioartekotzearen aldeko apustua hazi egin da, eta nazioartean zabaltzeko plan berri bat ezarri du, sorkuntzaren arloan ahalegin eta hazkunde handiagoa lortzeko helburuarekin. 

Eusko Jaurlaritzak zibersegurtasuna bultzatzen du euskal enpresetan, Basque Cybersecurity Centerren inguruan gai horri buruzko sare ekonomiko bat sortuz.