Segurtasun Publikoaren Kontseiluak Euskadiko Segurtasun Publikoko 2025 Plana nola betetzen ari den aztertu du

0

Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea buru dela egin den bileran Emakumeak indarkeria matxistaren aurrean modu integralean babesteko plan estrategiko berriaren berri ere eman dute

Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea buru dela elkartu da gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseilua. Aholkularitzako eta parte hartzeko organo horretan segurtasun publikoarekin zerikusia duten gaiak koordinatzen, aztertzen eta eztabaidatzen dira, tartean diren erakunde guztien jarduketetan koherentzia sustatzeko: Eusko Jaurlaritza, EUDEL, hiru hiriburuetako udalak, hiru foru-aldundiak, Legelarien Euskal Kontseilua, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusia, EAEko Fiskaltza Nagusia, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritza eta abar.

Lan-bileran, beste gai batzuen artean, Euskadiko Segurtasun Publikoko 2025 Plan Orokorra nola betetzen ari den aztertu dute. Alde horretatik, aipatzekoa da azken hilabeteotan sortu den Cyberzaintza, Euskadiko Zibersegurtasun Agentzia, eta 2024tik aurrera Interneten eta teknologia berrien erabileraren ondorio diren mehatxuei modu integralean eta zeharkakotasunez aurre egiteko erakunde formal gisa eratuko da. Gainera, positiboki baloratu da Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuak arautzen dituen Legea, euskal gizartearen segurtasun-maila optimizatzen lagunduko duen arau berria, Eusko Legebiltzarrean gehiengo zabal batek babestuta onartu izana.

Bestalde, Ricardo Egigurenek Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeko kide gisa baja eman izanari dagokionez, José Julio González Zamanillo, Bilboko Udaltzaingoaren komisariordea, proposatu da kide anitzeko organoko kide berri izendatzeko.

Emakumeen aurkako indarkeria

Gainera, Gobernuak jakitera eman du datorren urtean jarriko dela abian Emakumeak indarkeria matxistaren aurrean modu integralean babesteko plan estrategiko berria. Dokumentu horrek Ertzaintza esparru horretan aspaldiko urtetatik egiten ari den polizia-lana EAEn emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimei ematen zaien arreta koordinatzeko erakundeen arteko III. Akordioan ezarritako helburu berrietarantz bideratu eta helburu horiekin lerrokatuko du. Josu Erkorekak Segurtasun Sailaren 2024rako aurrekontua aurkeztu zuenean adierazi zuenez, planak era ezberdinetako neurriak eta jarduketak jasoko ditu, besteak beste hauek:

  1. 5 Mill/€ babes pertsonalerako, bizkartzain-zerbitzuarekin, indarkeria matxistaren kasu larri eta berezienetako biktima diren emakumeentzat.
  2. 1,4 Mill/€ % 40 gehitzeko Ertzaintzako ikerketa-taldeak, emakumeen kontrako indarkeria-arriskuaren ebaluazioan eta espedienteen jarraipenean aritzen direnak (29 plaza gehiago)
  3. 100.000€ UPV/EHUrekin egingo den hitzarmen berria finantzatzeko, biktimen arriskua baloratzeko polizia-tresnak ebaluatzeko eta tresna horiek Euskadiko emakumeen egungo egoera sozialera egokitzeko. Datorren urtean sinatuko den hitzarmena 2027ra arte luzatuko da, eta 100.000 euroko gastua izango du lehenengo urtean, 125.00 eurokoa 2025ean, 120.000 eurokoa 2026an eta 95.000 eurokoa 2027an.
  4. 72.091,80€ erreminta informatikoa (EBA, Emakumeen eta Etxekoen Babesa) eguneratzen jarraitzeko. Emakumeen aurkako indarkeria-delituekin zerikusia duten Ertzaintzaren eta udaltzaingoen espediente guztien kudeaketa partekatzeko aukera ematen duen sistema digitala da. Bi eguneraketa egingo dira: Istanbuleko Protokoloan jasotako indarkeria-mota guztiak jasotzeko eta Estatuko gainerako poliziekin konexioa ezartzeko.
  5. 40.000€ Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak diziplina anitzeko formakuntza-plan berri bat landu eta eskain dezan emakumeen aurkako indarkeriaren arloan, biktima diren emakumeekin harremanetan jartzen diren agenteentzat.
  6. 100.000€ Ertzain-etxeetan eta Ertzaintzaren Herritarren Arretarako Bulegoetan biktimei arreta eta azalpenak emateko dagoen ikus-entzunezko materiala berritzeko.
  7. 62.194,00€ Euskal Poliziaren koordinazio-protokoloak ezartzen jarraitzeko, indarkeria matxistaren biktimei polizia-arreta homogeneoagoa emateko. Kontu-sail honek aukera emango du poliziaren esku-hartzeko protokoloak sortzen eta ezartzen jarraitzeko, Ertzaintzaren eta Euskadiko udaltzaingoen arteko jarduera-jarraibide bateratuekin, alde batetik, biktimei arreta integrala eman ahal izateko eta, bestetik, berriz biktimizatzea eragozteko erakunde batetik bestera ibilita.
  8. 150.000€ komunikazio-kanpaina instituzionalerako, 112 SOS DEIAK zerbitzuaren aplikazio mugikorra, indarkeria matxista jasateko arriskuan dauden emakumeei larrialdietako dei isilak, segmentatuak eta geolokalizatuak egiteko aukera ematen diena, zabaltzeko.
  9. 100.000€ beste jarduera batzuetarako: berdintasunaren eta indarkeria matxistaren arloan aholkularitza profesionala eta formakuntza espezializatua emateko.
  10. Inbertsioa obretan Ertzain-etxeetako eta Ertzaintzaren Herritarren Arretarako Bulegoetako gune fisikoak egokitzen jarraitzeko, biktimak berriz biktimizatzea eragotziko duten gune adeitsuagoak sortzeko.