- Atzoko Europar Batasuneko Kontseiluko bileran Makroeskualde Atlantikoa sortzeko proiektua landu ondoren, proposamena Europako agendan sartu da ofizialki eta Eusko Jaurlaritzak espero du aste batzuk barru Europako Kontseiluak Makroeskualde Atlantikoa sortzeari argi berdea ematea eta bi urte barru guztiz erabilgarri egotea
Marian Elorza, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusiak gaurko Gobernu Kontseilu osteko prentsaurreko baliatu du jakinarazteko atzo, Europar Batasuneko Gai Orokorren Kontseiluan, Makroeskualde Atlantikoa sortzeko proiektua landu zela, hasiera batean aurreikusita zegoen bezala.
Izan ere, azaldu duenez, “astelehen goizean jakin genuenez, Espainiako Gobernuak Europar Batasunean duen ordezkari iraunkorrak puntu hau gai-zerrendatik atera zuen, bere arabera, agenda oso zamatuta zegoelako eta lekurik ez zegoelako”. Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean, mailarik gorenean, hainbat harreman izan ondoren, egoera bere onera ekartzea lortu zen, eta Makroeskualde Atlantikoaren proiektua saioaren gai-zerrendan sartu zen.
Atzoko eztabaidak mugarria jarri duela azpimarratu du Elorzak. “Makroeskualde Atlantikoa sortzeko proiektua, ofizialki, Europar Batasuneko Kontseiluaren agendan sartu da; hori horrela, ziur gaude, aste pare bat barru, Europako Kontseiluak Makroeskualde Atlantikoa sortzeari argi berdea emango diola, eta, urte pare bat barru, guztiz erabilgarri egongo dela” adierazi du Elorzak.