Zuzenean zerbitzuak goi mailako Bikain ziurtagiria lortu du euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa normalizatzeko egindako lanagatik

0
PRUEBA

Zuzenean, Eusko Jaurlaritzaren herritarrentzako arreta zerbitzuak, urrats sendoak ematen jarraitzen du euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko eta areagotzeko, bai eta euskararen kudeaketan ere. Hala aitortzen da hainbat eremutatik, eta hala egiaztatu berri du Eusko Jaurlaritzak, zerbitzu horri goi mailako Bikain ziurtagiria aitortu baitio. Arreta zerbitzu honek, batez beste, 2.500 kontsulta eta arreta jaso eta ematen ditu egunero,  bai Gasteizko, Bilboko eta Donostiako bulegoetan aurrez aurre, bai telematika eta telefono bidez.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren zerbitzu honek 850 eta 900 puntu arteko balorazioa lortu du (gehienez 1.000 puntu), eta horrek goi mailako Bikain aitortza lortzeko balio izan dio. Azaroan egindako kanpo ebaluazioak zerbitzu horrek (herritarrengandik hurbilen dagoena) herritarrekin duen harremanean zein langileen artean duen euskararen tratamendua neurtu du eta horren ondorioz aitortu dio goi mailako Bikain ziurtagiria. Izan ere, Zuzenean zerbitzuak erabat bermatzen du herritarrek nahi duten hizkuntza ofiziala erabiltzeko duten eskubidea euskal Administrazioarekiko harremanetan.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendik jaso du Zuzenean zerbitzuaren lana aitortzeko euskararen kalitate ziurtagiria. Ekitaldian Harreman Instituzionaletarako sailburuorde Jon Urbina eta Zuzenean zerbitzuko zuzendari Matxalen Lauzirika ere izan dira. Bilboko Euskalduna Jauregian gaur egindako ekitaldian 37 erakunde publiko eta pribatuk euskararen erabilera eta kudeaketaren alde egindako lana goraipatu dute.

Eusko Jaurlaritzak, oro har, eta Zuzenean zerbitzuak, bereziki, euskararekin duen konpromisoa da Jaurlaritza honen ezaugarrietako bat, eta Bikain ziurtagiriak euskararekiko hobekuntza konpromiso hori azpimarratu besterik ez du egin. Errekonozimendu horrek erakusten du Zuzenean zerbitzuko langileek euskara erabiltzen dutela lanean integratzeko. Zerbitzuak emateaz eta euskaraz lan egiteaz gain, etengabe hobetzen dela bermatzen duen eta euskararen erabilera bultzatzen duen kudeaketa sistema bat du.

Bikain ziurtagiri ofiziala da, publikoa eta doakoa, Eusko Jaurlaritzak enpresei eta erakundeei ematen diena. Erakundeetako zerbitzuen eta lan harremanen hizkuntza ebaluatzen du eta euskararekiko duen konpromiso maila saritzen du. Hainbat euskal erakundek eskatuta, ebaluazio taldeak lantokia bisitatu eta Erreferentzia Marko Estandarrean (EME) jasotako adierazleak aztertu ditu, eta azterketta horre tan euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa ebaluatzen du. EMEk bi ardatz ditu (zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza) eta lehen mailako 6 elementu (irudi korporatiboa, bezeroekiko eta herritarrekiko harremanak, barne komunikazioa eta lan-tresnak, pertsonen kudeaketa, kanpo harremanak eta kudeaketa sistema).