Etxebizitza Sailak tentsio handiko eremuak izendatzeko eskaera egiteko prozedura bidali du udaletara

0
PRUEBA

2015ean onartutako EAEko Etxebizitza Legeari esker Euskadin etxebizitzaren erronkari aurre egiteko aktibatutako neurriei neurri osagarri berriak gehitzeko aukera du Autonomia Erkidegoak 2023az geroztik, joan den maiatzean onartutako Estatuko Etxebizitza Legearen bidez. Testuinguru horretan, Etxebizitza Sailak, Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren bitartez, txosten bat egin du eta tentsio handiko bizitegi-eremu izendatzeko baldintzak betetzen dituzten eremuak identifikatu ditu, eta aste honetan bertan gutunak bidali ditu eremu horiek kokatuta dauden udaletara, izendapen hori egiteko prozesua aktibatu nahi izanez gero eman beharreko urratsen berri emateko.

Pedro Jauregui Etxebizitzako sailburuordeak eta Mario Yoldi Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariak gaur aurkeztu dute jarraitu behar den prozedura. “Arauak ez du inposatzen, gaitu egiten du, eta, beraz, tentsio handiko eremu izendatzea ez da obligazio bat, baizik eta erabili nahi duten udalerriei ematen zaien aukera bat, salbuespenezko eta denboran mugatutako mekanismo bat, eta Udalak eskaera formala egitea eskatzen du”, azaldu du Jaureguik.

Irizpide objektiboetan oinarrituta, tentsio handiko bizitegi-eremuak izendatzeko aukera  salbuespenezko eta denboran mugatutako mekanismo baten bidez.  Bi kasu jasotzen dira (nahikoa da horietako bat betetzea):

  • irizpidea: Izendapena egin aurreko bost urteetan, erosketa- edo alokairu-prezioa Euskadiko KPIren hazkunde metatua baino ehuneko hiru puntu igo da gutxienez.
  • irizpidea: Hipotekaren edo alokairuaren kostuaren batez besteko kargak, aurrekontu pertsonalean edo bizikidetza-unitatearenean, gehi oinarrizko gastu eta hornidurek (argindarra, gasa, gasolioa edo bestelako hornidura energetikoak, ura, telekomunikazio-zerbitzuak eta komunitateko ekarpenak) batez besteko diru-sarreren edo familien batez besteko errentaren % 30 gainditzen dute.

Udalak eskatuta tentsio handiko eremu izendatu litezkeen eremuak identifikatzeko estatistikak:  

Tentsio handiko eremu izendatu litezkeen eremuak identifikatzeko, Eusko Jaurlaritzak, Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren bidez, azterlan bat egin du irizpide horietakoren bat betetzen duten eremuak identifikatzeko.

  1. irizpiderako (prezioen igoera), erabilgarri dagoen daturik eguneratuena erabili da, Alokairu Merkatuaren Estatistikako (AME) 2023ko lehenengo hiruhilekokoa, alokairu libreko kontratuen batez besteko errentaren igoera aztertzeko, 2017 eta 2022 artean sinatutako akordioetako fidantzen erregistroaren bidez. Ehuneko horiek Euskadiko KPIaren urteko batez besteko igoerarekin alderatu dira, % 14koa dena Eustaten datuen arabera.
  2. irizpiderako (kostuari aurre egiteko ahalegina), errenta pertsonalari eta familiarenari eta hornidura-gastuei buruzko Eustaten estatistika berrienak (2021) erabili dira, bai eta Alokairu Merkatuaren Estatistikako (AME) aldi berekoak ere.

Nola izendatu tentsio handiko eremuak:

Tentsio handiko eremu izendatu daitekeen eremua identifikatzen denean, ez da automatikoki izendatzen. Herriko Udalak horretarako borondatea izan behar du, udal-autonomia bete-betean erabiliz, eta modu formalean eskatu beharko du deklarazioa eta prestaketa-agiri batzuekin batera aurkeztu beharko du.

  1. Udalaren eskaera formala: une hauetan Etxebizitza Sailak asmo-adierazpenak jaso ditu, onartutako mozio moduan, baina ez dago erregistratuta tentsio handiko eremuak izendatzeko udalen eskaera formalik. Eskaera hori egiteko, udalek agiri hauek erantsi behar dituzte:

Eremuaren mugapena

Justifikazio-memoria: eskaera formalarekin batera, justifikazio-memoria bat aurkeztu behar da, datu objektiboen bidez, eta behar adina etxebizitza ez hornitzeko arrisku berezia dagoela oinarri hartuta. Memorietan, besteak beste, jasoko dira alokairu- eta salmenta-prezioen adierazleak eta horien bilakaera eta etxeetako errenta eta horren bilakaera.

Hiru urterako ekintza-plana hautemandako gabeziei erantzuteko: eskaera formalarekin batera ekintza-plan bat eta ekintza horiek ezartzeko kronograma edo egutegia aurkeztu behar dira. Planaren helburua desorekak zuzentzea izango da, honako arlo hauetan jardunez: administrazioen eta sektore pribatuaren arteko lankidetza etxebizitza eskuragarriaren eskaintza suspertzeko, laguntza espezifikoak edo finantzaketa-neurriak alokairu- edo salmenta-prezioei eusteko edo prezio horiek jaisteko, eta zerga-pizgarriak.

 

  1. Tentsio handiko eremu izendatzeko prozedurari hasiera ematea Etxebizitza Sailaren aldetik. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) eta dagokion lurralde historikoko aldizkari ofizialean argitaratuko da prozedura hasi dela, eta jendaurrean jarriko da izendapen-proposamena oinarritzen duen informazio guztiarekin. Alegazioak aztertu ondoren, behin betiko justifikazio-memoria egingo da.
  2. Prozedura ebaztea: sailburuaren agindu bidez emango da ebazpena, eta EHAAn argiratuko da eta Etxebizitza Ministerioari jakinaraziko zaio.

 

Etxebizitza Sailak aste honetan bidali dizkie udalei, tentsio handiko eremu izendatu daitezkeen eremuak zehaztuta, espedienteari hasiera emateko eskaera egiteko jarraitu behar den prozeduraren berri emateko informazio-gutunak.

Tentsio handiko eremu izendatzearen ondorioak:

Eremu bat tentsio handiko eremu izendatzen denean, egoera horretan jarraituko du hiru urtez, eta egoera hori urtero luzatu ahal izango da, izendapena eragin zuten inguruabarrek irauten badute eta egoera leheneratzeko edo hobetzeko bultzatutako jarduerak justifikatzen badira.

Eremu bat tentsio handiko eremu izendatzeak dakar:

  • Kontratua amaitzen zaien errentarientzat: errentariak urtean aparteko luzapena izateko aukera kontratua amaitu ondoren, indarrean dagoen kontratuaren baldintza berberetan. Urteko luzapenak, eta gehienez hiru.
  • Errentari berrientzat: alokairuaren prezioa aurreko kontratuaren errentara mugatzen da, urteko eguneratze-klausula bat ezarrita. Modu horretan gehieneko igoera gehigarri batzuk ahalbidetzen dira legez ezarritako kasuetan.
  • Azken bost urteetan alokatu gabe egon den etxebizitza baten errentarientzat: prezioak ezingo du gainditu erreferentziako prezioen indizeen sistemari jarraituz aplikatzekoa den gehieneko muga.
  • Edukitzaile handientzat: hamar etxebizitza dituztenak izatetik tentsio handiko eremu izendatutako eremu berean bizitegi-erabilerako hiri-lurreko bost ondasun higiezin edo gehiago dituztenak pasatzeko aukera izango da, justifikazio-memoriak hala adierazten badu. Etxebizitza edukitzaile handi batena bada, prezioak ezingo du gainditu erreferentziako prezioen indizeen sistemari jarraituz aplikatzekoa den gehieneko muga.

Euskadiko tentsio handiko eremuei buruzko txostena:  

Etxebizitzaren Euskal Behatokiak, lehen adierazitako estatistiketan oinarrituta, tentsio handiko eremu izendatu daitezkeen eremuen mapa bat egin du. Guztira, 251 udalerrien artean 41 udalerrik dauzkate tentsio handiko eremuak izendatzeko baldintzak betetzen dituztenak (autonomia erkidegoko biztanleriaren %55 bertan bizi da).

  • Araba: guztira bi udalerrik baldintzak betetzen dituzte. Gasteizko sei distrituetako bost (ekialdeko, ipar-ekialdeko eta hego-ekialdeko landa-eremuak izan ezik) eta Dulantzi.
  • Bizkaia: guztira 19 udalerrik baldintzak betetzen dituzte. Tentsio handiko eremuak distritu guztietan dituzten udalerriak 8 dira: Barakaldo, Basauri, Berango, Etxebarri, Santurtzi, Sestao, Sondika, Urduliz.Tentsio handiko eremu batzuk dituztenak beste 11 dira: Abanto-Zierbena, Arrigorriaga, Balmaseda, Bermeo, Bilboko zortzi distrituetako zazpi (seigarrena izan ezik: Abando eta Indautxu), Erandio, Galdakao, Gernika-Lumo, Leioa, Ortuella eta Portugalete.    .
  • Gipuzkoa: guztira 20 udalerri. Tentsio handiko eremuak distritu guztietan dituzten udalerriak: Andoain, Astigarraga, Beasain, Errenteria, Hernani, Irun, Lasarte-Oria, Lazkao, Lezo, Ordizia, Urnieta, Pasaia, Usurbil, Zestoa, Zumaia. Tentsio handiko eremu batzuk dituztenak beste bost dira: Arrasate, Azkoitia, Tolosa, Donostia (distritu guztiak bigarrena eta seigarrena izan ezik: Aieteko, Amara Berriko, erdialdeko, Martuteneko eta Miramongo zati batzuk eta Antiguo, Añorga, Ibaeta, Igeldo eta Zubieta auzoak bere osotasunean) eta Zarautz.

 

Dokumentazio guztia Etxebizitzaren Euskal Behatokian dago eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/observatoriovivienda