- Urkulluk enpresaren ibilbidea goraipatu du eta Joxe Mari Korta oso harro egongo litzatekeela adierazi du
- «Oparoa izan nahi duen herrialde batek pertsona ekintzaileak behar ditu, Euskadi hazten eta aurrera egiten ari da, etorkizunari ilusioz heltzen diogu»- esan du
Iñigo Urkullu Lehendakaria, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin batera Korta enpresaren 60. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldian izan da.
Lehendakariak, lehenik eta behin, Korta familia zoriondu du enpresaren ibilbideagatik «Ziur nago Joxe Mari oso harro eongo zela duela 60 urte sortutako amets hura gaur zertan bihurtu den ikustean: enpresa lehiakor eta eredugarria, etorkizunera begira dagoena; eta harro ere bere Aberria zertan bihurtu den ikustean: XXIgarren mendeari ilusioz eta konplexurik gabe begiratzen dion herria” esan du Urkulluk.
«Hainbat hamarkadatan sufritu du herri honek; batzuek gure herriaren eraikuntza lanetik, ekintzailetzatik eta ahaleginetik egin behar ez zela ulertu zutelako, herriaren eraikuntza horretan ekintzaileek eta Joxe Mari bezalako enpresariek lekurik ez zutela ulertu zutelako” adierazi du Lehendakariak. Joxe Mari Korta 2000. urtean hil zuen ETAk Zumaian, «Joxe Mari askatasunaren eta demokraziaren sinbolo bihurtu zen; ezberdinen arteko elkarrizketaren eta elkar-ulertzearen defendatzaile izan zen, langile nekaezina, zorrotza eta, aldi berean, eskuzabala; beti pertsona oro laguntzeko prest, horregatik, beti izango dugu Korta gogoan, eta beste behin, gure esker ona eta estimua adierazi nahi dizkiogu» nabarmendu du Urkulluk.
Lehendakariak hitzaldia baliatu du, beste behin, aurrerapausoa eman duten eta ematen duten ekintzaile guztien lana aitortu eta balioan jartzeko. «Emaitzaren gainetik, arrakastaren gainetik, ausardia da benetan baloratzen duguna» nabarmendu du Urkulluk eta gehitu du: «oparoa izan nahi duen herrialde batek pertsona ekintzaileak behar ditu eta Eusko Jaurlaritzaren eta euskal erakundeen babes osoa duzue, zuen hastapenetan bidelagun izan nahi dugu”.
Azkenik, Lehendakariak azpimarratu du Euskadi hazten ari dela, aurrera egiten ari dela, «etorkizunari ilusioz heltzen diogu, Joxe Mari Kortak egin zuen moduan», esan du. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak 2024an abian jarriko du Enpresa Txiki eta Ertainei zuzendutako Laguntza Plan berria, Euskadiko motorra diren eragile horiei guztiei laguntza eskaintzeko.