Euroeskualdeak zazpi berrikuntza- Proiektu finantzatuko ditu 400.000 euroren bidez

0
PRUEBA

Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeko Batzorde betearazleak 2023ko ‘Euroeskualdeko Berrikuntza’ izeneko proiektu-deialdia onartu du. Hala, 400.000 euro baino gehiagorekin finantzatuko ditu mugaz gaindiko zazpi lankidetza-proiektu, Euroeskualdeak ezarritako sektore estrategikoetan. Proiektuen hautaketa osasunaren, fabrikazio aurreratuaren, nekazaritzako elikagaien industriaren, energia berriztagarrien eta sormen- eta kultur industrien arloetan jasotako 23 proiektu-hautagaietatik abiatuta gauzatu da.

Osasunaren arloan, ECLICARE 2 proiektua hautatu da, BCMaterials Fundazioak (Leioa, Euskadi) gidatutako proiektua. Proiektuak telefono mugikorrak hanturazko gaixotasunen biomarkatzaileak detektatzeko gai diren laborategi analitiko eramangarri bihurtzeko plataforma garatuko du.

Fabrikazio aurreratuaren alorrean, Euroeskualdeak ADDILANZA proiektua finantzatuko du. Nafarroako Unibertsitate Publikoa buru duen proiektu honek osagai metalikoak fabrikatzeko eta berreskuratzeko errendimendu handiko fabrikazio gehigarriko teknologiak ikertu eta integratuko ditu, ekodiseinuan arreta berezia jarriz. Halaber, BIDEONENA proiektuak, UPV/EHU buru duenak, adimen artifiziala erabiliko du robotika mugikorraren energia-kontsumoa murriztea ahalbidetuko duen kostu txikiko irtenbide bat garatu asmoz.

Nekazaritzako elikagaien industriari dagokionez, bi proiektu hautatu ditu Euroeskualdeak. Lehenik eta behin, HOBBEA proiektuak Euroeskualdeko eragileen lankidetza indartzea du xede, ogi ekologikoaren elaborazioa eta kontsumoa bultzatzeko. Hazialdeko nekazaritza eta abeltzaintzako kooperatibak (Noain, Nafarroa) gidatuta, ogiaren balio-kate osoan praktika jasangarriagoak bultzatuko ditu. Bigarrenik, ReTPIM proiektuak Jatorri Deitura Babestuaren (BJD) edo Adierazpen Geografiko Babestuaren (AGB) pean piper-ekoizle eta teknikarien mugaz gaindiko sare bat sortzea du helburu, eta Ezpeletako Biperra sormarka du proiektuburu.

Energia berriztagarrien arloari dagokionez, ENERKIDE proiektua izan da hautatutako proiektua, Sakanako Garapen Agentziak gidatua. Mugaz gaindiko energia-komunitateak bultzatzea du xede, komunitate horiek aurre egin behar dieten oztopo nagusiak aintzat hartuko dituen metodologia eta tresna-kaxetatik abiatuta.

Azkenik, sormen- eta kultur industrien esparruan, Euskampus Fundazioak gidatutako EGAH proiektuak Euroeskualdeko ikus-entzunezko hub bat eratzea du helburu nagusi, hiru lurraldeetan ikus-entzunezko industrien bazkide eta ekosistemak lotzeko, lankidetza-ildoak identifikatzeko eta Euroeskualdeko eragileen arteko sinergiak bultzatzeko.

‘Euroeskualdeko Berrikuntza’ proiektu-deialdia

Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak antolatutako ‘Euroeskualdeko Berrikuntza’ proiektu-deialdiak lurraldearen garapen lehiakorra eta erresilientea bultzatzea du helburu, iraultza digitalaren testuinguruan, iraunkortasunerako espezializazio adimendunaren, ezagutza- eta berrikuntza-sorreraren eta ekonomia zirkularraren aldeko apustuaren bitartez. 2015ean sortu zen proiektu-deialdia, eta Akitania-Berria, Euskadi eta Nafarroako erakunde eta enpresen arteko proiektu egituratzaileak garatzea ahalbidetu du. Hasieraz geroztik, ‘Euroeskualdeko Berrikuntza’ proiektu-deialdiak 51 proiektu diruz lagundu ditu, orotara 2,9 milioi euroren bidez.

Proiektu-deialdiak aintzat hartzen dituen sektore estrategikoak honako hauek dira: fabrikazio aurreratua, aeronautika eta mugikortasun elektrikoa; biozientziak, osasuna eta silver ekonomia; nekazaritzako elikagaien industria eta elikadura osasungarria; energia berriztagarriak; habitat jasangarria, basoa eta zura; eta sormen- eta kultur industriak, ikus- entzunezko industriarekin batera.