Rosbunk-Pool izeneko operazio garrantzitsu horri esker, zazpi pertsona atxilotu dituzte eta beste lau ikertu dituzte iruzurra, kapitalak zuritzea eta egoera zibila usurpatzea leporatuta. Gainera, pertsona horiek iruzur-saiakerak modu masiboan egiteko erabiltzen zuten telekomunikazioko eta informatikako material ugari konfiskatu dute miaketetan. Uste da guztira 190.000 euroko iruzurra egin dela.
Ertzaintzaren eta Guardia Zibilaren operazio bateratu bati esker, zazpi pertsona atxilotu dituzte eta beste lau ikertu dituzte zibererasoaren, kapitalak zuritzearen eta egoera zibila usurpatzearen delituak leporatuta.
Joan den otsailean, Ertzaintzak ikerketa bat hasi zuen Irungo Ertzain-etxean ustezko iruzur-delitu batengatik salaketa jarri ondoren. Iruzurra, 48.000 eurotik gorakoa, bi enpresaren arteko posta elektronikoak intertzeptatzearen eta manipulatzearen bitartez egin zuten, “BEC” edo “Man in the middle” izenez ezagutzen den modus operandia erabiliz.
Metodo hori erabiltzen duen iruzurgileak posta elektronikoen elkarrizketa edo Internet bidez egindako datu-transferentzia intertzeptatzen du, transakzioko legezko parte-hartzaileetako baten lekua hartuta. Ziberdelitugileek transferentzien onuradunen kontu-zenbakia aldatzen dute posta elektronikoak trukatzen direnean, eta zerbitzu jakin bat ematen duen hornitzailearen lekua hartzen dute eta, modu horretan, biktimak haiei transferentzia egitea lortzen dute, enpresari behar bezala bidali diolakoan.
Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuko Ikernet Ataletik ikerketekin jarraitu zuten, eta susmagarri nagusia Madrilgo Erkidegoko eta Guadalajarako probintziako bi etxebizitzatan kokatzea lortu zuten.
Abenduaren hasieran, Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentro nagusiaren bitartez, egiaztatu zen Guardia Zibila susmagarria ikertzen ari zela Espainiako beste probintzia batzuetan gertatutako antzeko egitateengatik.
Hori dela eta, ikerketekin jarraitzea erabaki zen, Rosbunk-Pool izeneko operazio bateratu baten bitartez. Lankidetza horren ondorioz, Madrilgo eta Guadalajarako probintzietako bi etxebizitzatan sartu eta miaketa egin zuten aldi berean, eta aurkitu zituzten telekomunikazioko hari gabeko 5 gailu telefoniako 350 modulurekin, 800 SIM txartel, 5 ordenagailu eta material informatiko ugari, bai eta biltegiratze masiboko 7 gailu ere.
Azken emaitza izan da 7 atxilotu eta 4 ikertu iruzurraren, kapitalak zuritzearen eta egoera zibila usurpatzearen delituengatik, eta agintari judizialaren eskuetan jarriko dituzte.
Gainera, biktima batzuei iruzurrez kendutako 45.000 euro berreskuratu dituzte eta 100.000 eurotik gora zituzten bankuko 5 kontu blokeatu dituzte.
Ikerketa hori oinarri hartuta, 2023an Ertzaintzak egile horiek ustez egindako antzeko egitateen beste 20 biktima identifikatu ditu, eta iruzur egindako kopuru osoa 180.000 euro ingurukoa da.