Jokin Bildarratz: «Orain hezkuntza eraldatzeko momentua da»

0
PRUEBA

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak agerraldia egin du komunikabideen aurrean, Legebiltzarrak Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Legea onartu ondoren. Sailburuak esan duenez, “azken unean emandako botoaz harago”, Lege berriak “babes sendoa, sakona eta zabala” dauka.

Agerraldian, Bildarratzek azaldu du “bidea luzea eta bizia” izan dela, zailtasunak ere izan dituena, “baina lortu dugu”, esan du. “Euskal gizarteak merezi eta nahi duen Hezkuntza Lege berria du. Hori ehunka pertsonaren eta hainbat erakunde, eragile, elkarte, sindikatu, eta alderdi politikori esker lortu dugu. Guztiak dira gure hezkuntza komunitatearen parte. Gaur, egun berezi honetan, eskerrak eman nahi dizkiet guztiei. Proiektu eder honetan inplikatu direnek badakite haiei zuzentzen natzaiela. Eskerrik asko benetan”. Eta aipamena izan du berarekin batera agertu den Hezkuntza Saileko bere lantaldearentzat ere.

Legea onartu arte izan den bide luzearen errepasoa egitean azaldu du “proiektu hau hasi genuenean bi aukera” zeudela. “Bidea geuk bakarrik egitea, edota hezkuntza komunitatearekin batera egitea. Bigarren aukeraren alde egin genuen, eta hor dago Lege berriaren benetako balioa”, baieztatu du. “Legealdi honi erreparatzen badiogu, oso zaila izango litzateke izandako bilera guztiak, dokumentu trukaketak, hausnarketa guztiak, topaketa diskretu eta publikoak zenbatzea. Ekarpen guzti horiek bilduz egin dugun hausnarketaren fruitua da Hezkuntza Lege berria. Legea guztiona da”.

Lege berria “gaur egungo eta etorkizuneko haur eta gazteei zuzendutako legea” dela nabarmendu du. “Guztiei zor genien ahalegin hau, horrela eskatu zigulako hezkuntza komunitateak. Irauteko asmoz burututako Legea da; hezkuntzaren kalitatea etengabe hobetzeko markoa, baliabideak eta egonkortasuna eskaintzen dizkiguna”.

Babes sendoa duen legea

Bildarratzen esanetan, “hezkuntza komunitateak berak eskatu zigun Hitzarmena eta Legea. Orain, hezkuntzaren eraldaketaren momentua da. Beraz, azken unean emandako botoaz harago, Hezkuntza Hitzarmenak eta Hezkuntza Lege berriak babes sendoa, sakona eta zabala dauzkate”.

Lege berria onartu izana, sailburuak azaldu duenez, “esparru arautu berritu bat” onartzea ere bada, “erronka berriei aurre egin ahal izateko. Kalitatezko hezkuntza sistema integral eta propioa garatzen lagunduko digun esparru berri bat, hezkuntza komunitatearen eta gizartearen etorkizunaren mesedetan, ekitatea eta bikaintasuna xede ditugula”.