Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizuneko zuzendari Aitor Uriarte elkarrizketatu dute gaur Radio Vitoriako “Gaur Actualidad” programan. Besteak beste, Uriartek su artifizialen araudiaz eta Urtezahar gauari begira hainbat lokaletan egindako ikuskapenez hitz egin du eta 2023an joko-aretoetan egindako ikuskapenez ere mintzatu da elkarrizketan.
Uriartek nabarmendu duenez, su artifizialak botatzeko denbora mugatzeko neurriak elkarbizitza bermatzea du helburu, «kontuan izan behar da pertsona batzuei zaratak enbarazu egiten diela, osasun arrazoiak medio, adibidez, eta uste dut ordu laurden bat nahikoa dela eta neurria egokia dela».
Ohiko Urtezaharreko ospakizun festak egingo diren lokaletan egindako ikuskapenei dagokienez, Uriartek azaldu du ikuspenak aurretik eta egunean bertan egiten direla pertsonen segurtasuna bermatzeko. “700 pertsonatik gorako edukiera duten lokal guztiak ikuskatu dira, besteak beste, lokalaren autobabes-plana, ebakuazio-bideak eta dekorazio-elementuen ignifugitate-ziurtagiriak” azaldu du.
Uriartek adierazi du edukiera kontrolatzeko, sarrera eta asistentzia kontrolak edo sarreren salmenta bera erabiltzen direla. «Batzuetan gehiegizko edukiera subjektiboa izan daiteke, edukiera gainditu dela senti dezakegu, baina araudia betetzen da, edonola ere norbaitek uste badu edukiera gainditu dela 112ra deitu dezake» gaineratu du.
Ikuskaritzak joko-aretoetan
Uriartek azpimarratu du 2023an joko-aretoen gaineko kontrol-intentsitatea handitu egin dela, eta 4.000 ikuskapen inguru egin direla. «Gure autonomia erkidegoak, zorionez, Ertzaintzaren joko eta ikuskizunetarako unitate espezifiko bat dauka, eta horrek aukera ematen digu, urteko egun guztietan eta 24 orduz, edozein egoeraren gainean egoteko», azpimarratu du Uriartek.
Joko eta ikuskizunen zuzendariak azpimarratu du araudia betetzen dela, eta nabarmendu du joko-aretoetan sarrera-kontrolak ezartzeak erregistratutako gorabeheren kopuruak behera egitea ekarri duela.
Azkenik, Uriartek Eusko Jaurlaritzak eta EHUk Jokoaren Euskal Behatokirako abian jarritako «Joko Data» proiektuari buruz hitz egin du. «Tresna horri esker, jokoarekin lotutako datuak eskuratu ahal izango ditugu eta informazio gehiago izateak behatokiari bere zereginetan lagunduko dio eta politika publiko askoz objektiboagoak garatzeko aukera izango dugu” esanez amaitu du.