18 herrialde ezberdinetan bizi diren ia ehun nafarrek parte hartu dute asteazken honetan Iruñean egin den Next Topaketaren VI. edizioan. Ana Ollo lehendakariordeak elkargune horretan azpimarratu du Gobernuak migratzaileen kolektiboarekin duen konpromisoa, eta baieztatu du berehala garatuko dela Atzerrian dauden Herritarren Legearen araudia, kanpoan dauden Nafarroako Komunitateen Kontseilua eta Erregistroa eratzeko Foru Dekretu baten bidez, bai eta zenbait neurri ere, Nafarroara itzultzea edo Foru Komunitatean bizi direnekiko aukera-berdintasuna administratiboki errazteko. Topaketan, hainbat esperientzia pertsonal partekatzeaz gain, Nafarroan dauden formula eta neurri desberdinak aztertu dira, mugikortasun handiko une batean talentua itzultzea eta atxikitzea errazteko.
Parte-hartzeari dagokionez topaketaren edizio hau bereziki nabarmena izan da, are gehiago pandemiaren urte konplexuen ondoren. Zehazki, kanpoan bizi diren 96 nafarrek (75 presentzialak eta 21 Internet bidez) parte hartu dute Next Topaketaren seigarren edizioan. Topaketa Nafarroako Gobernuko Memoriaren eta Bizikidetzaren, Kanpo Ekintzaren eta Euskararen Departamentuak antolatzen du, Caja Navarra Fundazioarekin lankidetzan, pertsona horien eta Nafarroako gizarteko eragileen arteko harreman-elkargune gisa.
Iruñeko Civicanen, aurrez aurre eta streaming bidez egindako jardunaldian 18 herrialdetan bizi diren nafarrak elkartu dira: Erresuma Batua, Txina, Suitza, Argentina, Mexiko, Estatu Batuak, Australia, Frantzia, Belgika, Suedia, Singapur, Austria, Kanada, Irlanda, Finlandia, Galizia, Katalunia, Madril eta Nafarroa bera. Topaketa berriro ikus daiteke, Nafarroako Gobernuko Youtubeko profilean, Kanpo Ekintzako erreprodukzio zerrendan, esteka honen bidez.
Printzipioak, gaitasun profesionalak eta balio demokratikoak
«Nafarroatik kanpo bizi bazara, hau interesatzen zaizu!» lelopean programari, Nafarroako Kutxa Fundazioko zuzendari nagusi José Ángel Andrés Gutiérrez jaunak hasiera eman dio eta Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak itxi du. Azken legegintzaldietan Gobernuak kanmpoan bizi den nafar komunitatearekiko harremanak indartzeko konpromisoa hartu duela nabarmendu du Ollok, kudeaketa-neurri eta arau-urrats zehatzekin. Kanpo Ekintzako zuzendari nagusi Sergio Pérezek zehaztu dituen gai horiek kontuan izanik, Ollo lehendakariordeak berretsi egin du Gobernuaren erabateko konpromisoa «munduari irekita dagoen eta mugarik gabeko gizarte global batekin konprometituta dagoen Nafarroarekin, zuetako asko horren eredu biatzarete. Eta are gehiago, uste dut konpromiso hori ez dela erakunde- edo arau-esparrutik harago doana soilik, baizik eta balio eta printzipio batzuekiko konpromisoa ere badela, eta balio eta printzipio horietarako ere ez dagoela mugarik – eta ez litzatekeela egon behar – «, adierazi du.
«Are gehiago —gaineratu du Ollok—, gaur egungo nazioarteko errealitateak Europar Batasunaren balio nagusiak berresten dizkigu —giza eskubideak, askatasuna, demokrazia, berdintasuna eta zuzenbide-estatua— eta, aldi berean, aniztasuna, diskriminaziorik eza, tolerantzia, justizia, elkartasuna eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ezaugarri izan behar dituen gizarte-eredu bat defendatzea eskatzen digu. Nire ustez, konpetentzia profesionalez eta esperientzia pertsonalez gain, garrantzitsua da horrelako oinarrizko printzipioak partekatzea eta defendatzea «azpimarratu du.
Kanpo Ekintzako zuzendari nagusi Sergio Pérezek Next estrategiaren inguruko berrikuntza nagusiak azaldu ditu. Aurten, Kanpoko Nafar Herritarrekiko Harremanei buruzko otsailaren 22ko 3/2023 Foru Legearen onarpenean zentratu dira berrikuntza horiek. Foru Lege horren xedea da Nafarroako herritarrekiko kanpo harreman instituzionalak indartzea eta, horretarako, laguntza eta babesa, bai eta borondatezko itzulera ere erraztuko dituzten oinarrizko jarduera-ildoak zehazten dituen euskarri juridikoa ezartzea. Kalkuluen arabera, Nafarroako 30.000 pertsona inguru daude kanpoan, migrazio-une eta -mugimendu desberdinen ondorioz, baita hogei bat komunitate nafar ere.
Sergio Pérezek Nafarroako Kanpoko Erkidegoen Kontseilua eta komunitate birtualen figura berria arautuko dituen Foru Dekretu proiektuaren inguruko partaidetza-prozesuaren hasiera aurreratu du, legean bertan aurreikusitako arau-garapenari erantzunez. Joan den hilaren 21etik aurrera ekarpenak egin daitezke Parte Hartze Atariaren bidez. Arau horiek «Nafarroa munduan» gaiarekin zerikusia duen Kanpo Ekintzako Planaren ardatzetako baten barruan kokatzen dira, zehazki, Next estrategiaren barruan (talentuaren itzulera, atxikipena eta lankidetza), eta departamentuen arteko lan garrantzitsua du.
Aurkezpenaren ondoren, Diego Ruiz del Árbol Volvemos.org-eko zuzendari exekutiboak hartu du hitza, eta itzulera ikuspegi oso praktikotik jorratu du, esperientzia pertsonalen blokeari bide emanez. Aurtengo elkarrizketan Alerie Guzmán eta Unai Villanueva izan dira protagonistak.
Alerie Guzmán Altsasukoa da, eta Italia, Cambridge, Belfast eta Alacanten egindako ibilbidea kontatu du. Esklerosi Anizkoitzaren garapenean zelula ama mota batek duen zeregina aztertzen ari den ikertzailea da, eta Alacanteko Ikerketa Sanitario eta Biomedikoko Institutuan eta Alacanteko Neurozientzien Institutuan ari da lanean.
Bestalde, Unai Villanuevak Londresen bizitzen jarraitzen du eta DJ ospetsua da, bere zigilu diskografikoa duena, 12+1 London. Jarduera zabala egiten du bere «alter ego», U Z Z V-en pean, eta horrek Kolonbia, Alemania, Estatu Batuak edo Italiako klubetan parte hartzera eraman du, besteak beste.
Baita ere, izena eman nahi izan dutenek ostegun honetan, abenduak 28, Nafarroako Jauregira egingo den antzerki-bisita batean parte hartuko dute. Bisita horretan, Foru Gobernuaren egoitzaren zenbait alderdi ezagutuko dituzte.