Iñaki Zabaleta UPV/EHUko katedradunaren zuzendaritzapean diharduen HEKA ikerketa-taldeak (European Minority Language Media and Journalism) Europako zazpi hizkuntza gutxitutan egiten diren telebista eta irratien audientziak aztertu eta konparatzeko azterlan bat egin du. Zehazki, zazpi hizkuntza horiek euskara, katalana, galiziera, irlandera, galesa, Eskoziako gaelikoa eta frisiera dira. Audientzien azterketa asmo handiko ikerlan baten lehen atala da. Geroago, beste kontu batzuk aztertuko dituzte; esate baterako, egokitasun estrukturalaren indizea audientzia garatzeko, edo sare sozialetan eta Interneten irrati zein telebista horiek lortzen dituzten emaitzak.
Emaitzak ikusirik, korrelazio bat dago hiztun gehieneko hizkuntzaren eta hizkuntza gutxituaren arteko ulergarritasunean. Hori gertatzen denean, hizkuntza gutxitua darabilten hedabideen inpaktua handiagoa da bestela baino. Halaber, korrelazio hori hizkuntza gutxituaren ehunekorekin eta hiztun kopuruarekin ere ikusi da. Ildo horretan, share eta rating kontzeptuak bereizi behar dira. Sharea neurtzen denean, piztuta dauden telebistak hartzen dira kontuan. Ratinga neurtzen denean, berriz, telebista edo irrati guztiak kontuan hartzen dira, piztuta edo itzalita egonda ere.
Zehazki, aztertutako zazpi telebisten batez besteko sharea % 6,6 izan da Europa mailan. Katalunia, Galizia eta Frisiako telebistek % 10etik % 15era bitarteko sharea dute egunero. Euskadi, Irlanda eta Galesekoek, aitzitik, % 1etik % 3ra arteko sharea lortzen dute. Katalunia, Galizia eta Frisiako telebistek ulergarritasun-maila handia dute hiztun gehieneko hizkuntzarekin (gaztelania eta nederlandera), baina, Euskadin, Irlandan eta Galesen, hizkuntzen arteko ulergarritasun linguistikoa oso txikia da, edo ez dago halakorik (gaztelaniarekin eta ingelesarekin).
Hiztun gehieneko hizkuntzan egiten den telebista jeneralistarekin konparatuz, TVE1ek baino share handiagoa du Katalunian eta Galizian bertako hizkuntzan egiten den telebista publikoak (Katalunian, % 7,1 handiagoa, eta Galizian, % 1,6 handiagoa). Euskal, frisiar, irlandar eta galestar telebistetan, aldiz, sharea txikiagoa da hiztun gehieneko hizkuntzan egiten den telebistarena baino. Dena den, euskal telebista hurbiltzen da gehien hiztun gehieneko hizkuntzan egiten den telebistaren kopuruetara (TVE1ena baino % 6,6 txikiagoa besterik ez). Konparazioa egiten denean, datu hori oso garrantzitsua da, zerbitzu publikoaren izaera indartu egiten delako, gainerako telebisten aldea askoz handiagoa baita: Irlandan, % 16,9; Galesen, % 22,5; eta Frisian, % 36,1.
Europan, zazpi telebisten batezbestekoa hartuta, ikusleriaren % 53,3 emakumeak dira, eta % 46,7, gizonak. Alde hori ezin da nabarmentzat hartu.
Ikerlanean, irratien entzuleria ere aztertu da. Datua eskuragarri duten lau irratien eguneroko reacha (egunean metaturiko entzuleak) % 7,1 da, baina bi multzo bereiz daitezke: 1) Eguneroko reacha % 6 eta % 10 artekoa da hiru irratitan (Frisiakoan, % 9,6; Kataluniakoan, % 7,9; eta Galiziakoan, % 6,3); eta 2) Eguneroko reacha % 5aren bueltan dabil. Kasu honetan, % 4,6ko reach handi samarra lortzen du euskarazko Euskadi Irratiak, ulergarritasun linguistikoaren faktore estruktural txikia duenak. Izan ere, Galiziako irratitik gertu dago. Ziur asko, komunitatean euskal irrati horrek duen sustraitzeak eta loturak moteldu egiten dute ulergarritasun linguistikoaren faktore estrukturala.
Bestalde, sei irratien (Eskoziakoa alde batera utzita, oso minoritarioa baita) asteroko reacha, Europa mailan, % 9,9 da. Kataluniako, Galiziako eta Frisiako irratiek % 11tik % 17ra bitarteko asteroko reacha lortzen dute. Irlanda eta Galeseko irratien asteroko reacha oso neurritsua da: % 2 eta % 6 artekoa. Euskal irratiak, aldiz, % 9,6 inguruko reach nabarmen samarra lortzen du astero, Galiziako irratiaren ehunekotik gertu, eta entzuleria-ehunekorik handieneko irratien multzoan sartzetik gertu.
Zenbait ondorio ETB1i eta Euskadi Irratiari buruz
Kontuan izanik ulergarritasun linguistikoaren faktoreak (eta, hein txikiagoan, hizkuntza gutxituaren hiztun kopuruak) telebistako ikusleriaren tamainan eragina duela, ETB1ek share ona lortzen du, hiztun gehieneko hizkuntzarekiko oso ulergarritasun linguistiko txikia duten hizkuntzetako telebisten artean. Irlandako eta Galeseko telebisten aldean, ETB1en sharearen ehunekoa Irlandako telebistarena baino % 13,6 handiagoa da, eta galesezko telebistarena baino % 54,5 handiagoa. Hiztun gehieneko hizkuntzan egiten den telebistarekin konparatuz, ETB1 da share alderik txikiena duen telebista. ETB1en sharea TVE1en sharea baino % 6,6 txikiagoa da, besterik ez.
Etorkizunari begira kritikoa den 14-34 adin-tartean, ETB1en ehunekoa Europako batezbestekoa (% 11,8) baino % 3,5 handiagoa da. Emaitza horrek esan nahi du aztertutako beste irrati batzuk baino gertuago dagoela gazteengandik, edo erakargarriagoa dela gazteentzat.
Euskadi Irratiari dagokionez, asteroko reacha % 9,6 da, gutxi-gorabehera, Katalunia, Galizia eta Frisiako irratien % 11-17tik gertu, eta Irlanda zein Galeseko irratiena baino askoz handiagoa. Berriz ere, ulergarritasun linguistikoaren faktoreak (eta, neurri txikiagoan, hiztun kopuruak) eragina du irratiaren entzuleriaren tamainan. Euskadi Irratiaren asteroko reacha RNE1ena baino zertxobait handiagoa da (% 1 handiagoa). Frisiako irratiaren emaitza antzekoa da. Baina azpimarratu behar da emaitza hori garrantzitsuagoa eta positiboagoa dela Euskadi Irratiaren kasuan, haren ulergarritasun linguistikoaren faktore estrukturala txiki-txikia delako, Frisian ez bezala. Euskadi Irratiak ez du emaitza ona lortzen gazteenen tartean (% 14,1, Europako batezbestekoa % 17,3 izanik), adin horretako entzuleek Gaztea sintonizatzen dute-eta, batez ere. Antzeko zerbait gertatzen da kataluniar eta galiziar irratiekin.
Ikerlanaren zuzendari Iñaki Zabaletak honela aztertu ditu emaitzak: “Audientziei buruzko azterlan hau aitzindari da konparazio lanean, eta erreferentzia bat finkatu du Europa mailan. EITBri dagokionez, ETB1en ikusleria maila ona dela esan daiteke, Irlanda, Gales eta Eskoziako antzeko telebisten aldean. Eta Euskadi Irratiaren entzuleria maila are hobea da. Etorkizunari begira telebistarako kritikoa den 14-34 adin-tartean, ETB1en ehunekoa % 3,5 handiagoa da hizkuntza gutxituetan egiten diren telebisten Europako batezbestekoa (% 11,8) baino. Horrek esan nahi du aztertu diren gainerako telebistak baino gertuago dagoela gazteengandik”.