Guztira 700 enpresa eta saltoki berri atxiki zaizkio euskal arbitraje-sistemari 2023ko azken hilabeteetan. Hori da Kontsumobidek urtero egiten duen erakartze- eta atxikitze-kanpainaren emaitza. Atxikimendu berri guztietatik, 68 Arabari dagozkio, 305 Gipuzkoari eta 327 Bizkaiari.
Sektoreka, honako hauek nabarmendu behar dira atxikitako sektore nagusi gisa: altzari, dekorazio eta tapizeriakoak; autoak, motozikletak eta bizikletak konpontzeko eta saltzeko tailerrak; eta ikaskuntza-akademiak eta autoeskolak.
Euskal arbitraje-sistemak kontsumo-gatazkak azkar eta doan konpontzeko bidea ematen du. Horrela, eta adostasunik ez badago, kontsumitzaileak arbitrajea aukera dezake, auzitegietara jo gabe. Arbitrajea borondatezko aukera da, baina behin bide hori aukeratuta, laudoek agintzen dutena bete behar da nahitaez. (Laudoa epaile edo arbitraje-auzitegiaren ebazpena da, planteatutako gatazka nola konpontzen den zehazten duena).
Horregatik, sistemaren hasierako borondatezkotasuna dela eta, oso garrantzitsua da enpresak euskal arbitraje-sistemari atxikitzea. Atxikimendu horrekin, enpresek eta saltokiek kontsumitzaileen eskubideekiko konpromisoa erakusten dute jendaurrean, eta kalitate-plus bat lortzen dute kudeaketa-lan horretan.