Iñigo Urkullu Lehendakariak “Languages Lanean. Hizkuntzen kudeaketaren erronkak jarduera ekonomikoan” kongresua inauguratu du gaur Bilboko Euskalduna Jauregian. Lehendakariarekin batera Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritan eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapia ere egon dira beste agintari eta arduradun politiko batzuekin batera.
Gaur eta bihar Euskalduna Jauregian eta Guggenheim Bilbao Museoan egingo den kongresuak aukera emango du lan eta jarduera ekonomikoaren eremuan hizkuntzen kudeaketen erronkei buruzko esperientziak ezagutzeko eta irakaspenak partekatzeko, baita horien gainean eztabaidatzeko ere. Horretarako, Euskal Herriko zein nazioarteko hizlariak gonbidatu dira. Hitzaldiez gain, gai jakinen arabera antolatutako mahai-inguruetan parte hartu ahal izango da. Guztira 550 pertsona baino gehiagok eman dute izena Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak antolatutako kongresuan.
Iñigo Urkullu Lehendakariak bere hitzaldian nabarmendu duenez, «enpresa baten kalitate-bereizgarria bere lan-prozesuen ezaugarriengatik eta azken produktuagatik baloratzen da. Badakigu hizkuntzak kudeatzen eta balioesten dituzten enpresak lehiakorragoak izango direla. Baita gure Herrian ere, Euskadin. Ekonomia eta enpresa globalizatuagoa dugun heinean, atzerriko hizkuntzak ere kontuan hartu behar ditugu, ofizialak izan ala ez «. Lehendakariak gaineratu du lanean hizkuntzak kudeatzeak berekin dakarrela «hizkuntzen ezagutza eta erabilera kudeaketa-sisteman integratzea. Horrek esan nahi du hizkuntza-kudeaketak balioa duela enpresaren jardueran, eta, informazio hori baloratuta, gainerako erabakiak hartzen direla «. Era berean, azpimarratu du langileen edo bezeroen hizkuntzan lan egiteak onurak dakarzkiela prozesuei eta, beraz, produktuari edo zerbitzuari, eta gaineratu du «teknologiak gure hizkuntzen zerbitzura jartzea ere herrialde mailako erronka handia» dela, eta helburu horren alde lan egiten jarraitzea merezi duela.
Egitarau zabala eta 50 hizlari baino gehiago
Gaur eta bihar Euskalduna Jauregian eta Guggenheim Bilbao Museoan egingo den kongresua hiru zatitan banatuko da:
- Euskalduna Jauregiko goizeko saioa: Eusko Jaurlaritzako eta Europar Batasuneko ordezkariak egongo dira, baita bertako zein nazioarteko enpresetako arduradunak ere. Hala, hizkuntzen kudeaketaren gaia Europar Batasuneko testuinguruan aztertzeaz gain, Google, GKN edo Mondragon Korporazioak euren esperientziak azalduko dituzte.
- Euskalduna Jauregiko arratsaldeko saioa: Gai eta sektore desberdinen araberako mahai-inguruak izango dira. Euskaratik egindako praktika onak ezagutu eta erronka berrien inguruan gogoetatuko da. Orotara, lau areto egongo dira. Izena ematerako garaian lau areto horietako bat aukeratu behar izan da:
- ‘Pertsonak’ eta ‘Nazioartekotzea’ aretoa.
- ‘Hizkuntzen kudeaketarako baliabideak’ eta ‘Enpresa txiki eta ertainak’ aretoa.
- ‘Sektore publikoa’ eta ‘Hezkuntza eta lan mundua’ aretoa.
- ‘Hizkuntza teknologiak’ eta ‘Zerbitzuaren kalitatea’ aretoa.
- Guggenheim Bilbao Museoko ostiraleko saioa: Hizkuntzen kudeaketaren gaia kultur eremuko sortzaile eta eragileen ikuspegitik aztertuko da. Bertan izango dira, besteak beste, Esti Urresola gidoilaria, zuzendaria eta ekoizlea; Itziar Ituño aktorea edo Pello Reparaz musikari eta ekoizlea.