641 milioi euro bideratu ditu Jaurlaritzak Lanbideko prestazioetara

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan Marian Elorza, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarekin batera.

641 MILIOI LANBIDEKO PRESTAZIOETARA

Lehenik eta behin Bingen Zupiriak azaldu du gaurko Gobernu Kontseiluak Lanbide zerbitzu publikoak bermatzen dituen eskubidezko prestazioen gastuaren xedapena onartu du: Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (382 milioi), Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera (180) eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarria (79). Guztira, 641 milioi bideratu dira prestazioetara gaur hartutako erabakien arabera. Zupiriak gogorarazi du, apiriletik aurrera Lanbidek ez duela etxebizitzagatiko prestazioaren espediente berririk egingo, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (RGIa) jasotzen dutenek Etxebizitza Sailean dagoen prestazioari helduko diotelako eta pasabide bat ezarriko delako indarrean dauden eta orain Lanbideren parte diren espedienteak hara bideratzeko.

LEHENDAKARIAREN BIDAIA OFIZIALA BRUSELARA

Elorzak Lehendakariaren nazioarteko  agendaren berri eman du eta jakinarazi du datorren astelehenean Bruselara egingo duela bidaia ofiziala. Bidaia honen barruan hainbat bilera izango ditu Europako erakundeetako arduradunekin, Europar Batasunaren agendaren funtsezko zenbait arlotan Eusko Jaurlaritza garatzen ari den ekimenak partekatzeko. Agenda astelehenean hasiko da, eta egun horretan, Lehendakariak Euskal Harrera Eredua aurkeztuko du, eta Europar Batasunean euskara ofiziala izateko eskariari helduta, Iñigo Urkullu Europako Batzordearen babesa lortzen saiatuko da. Asteartean, Makroeskualde Atlantikoa bultzatzeko bilerak egingo ditu eta trantsizio berdearen arloan Euskadi bultzatzen ari den azken proiektuen berri ere emango du Lehendakariak.  Horretaz gain, asteazkenean, Europako Parlamentuan, Iñigo Urkulluk autodeterminazioari buruzko foro batean parte hartuko du, eta harrera egingo dio euskal komunitateari; harrera horretan Lege-eskumenak dituzten Europako Eskualdeen Ekimeneko (RLEG) kideak ere izango dira.

GOBERNU KONTSEILUAK ONARTUTAKO BESTE HAINBAT GAI

Ohikoa den moduan, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur jorratu eta onartutako beste hainbat gai.

Bozeramailean adierazi duenez, Jaurlaritzak argi berdea eman dio Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordea arautzen duen Dekretuari, Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Euskal Sistemaren Legearen bigarren arau-garapena, hain zuzen ere. “Lehen garapena Erregelamenduarena izan zen, indarrean sartu berria eta presazkoena zena, jarduera guztiak argitzen dituelako eta Legearen aplikazioan interpretazioak saihesten dituelako. Eta orain Erakunde arteko Batzordea sortu da, bazterkeriaren aurkako borrokan lan egiten duten euskal erakundeen koordinazioan eta lankidetzan sakontzeko. Hurrengo arau-garapena enplegurako pizgarriena izango da” azaldu du bozeramaileak.

Azkenik, Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio gaur Laudioko Udalarekin egindako hitzarmenari eta honen ondorioz herrian alokairuan emateko babes ofizialeko 80 etxebizitza inguru eraikiko dira. Zupiriak azaldu duenez, Goiko Plaza eremuan kokatutako bi eraikinetan egingo dira etxebizitza horiekk, Udalak Etxebizitza Sailari dohainik emango dion elkarren ondoko bi lursailetan. Guztira, bizitegi-erabilerako 8.500 metro karratu izango dira eta Visesa sozietate publikoa arduratuko da 80 etxebizitza horiek eta bertako garajeak eraikitzeaz.

Prentsa txostena

Gai zerrenda