Osakidetzak lehiaketara atera ditu Iurretan plataforma logistiko berri bat eraikitzeko eta abian jartzeko lanak

0
PRUEBA

Osakidetzak lehiaketara atera ditu plataforma logistiko berri bat eraikitzeko eta abian jartzeko lanak. Instalazio honen helburua beharrezkoak diren hornidura sanitarioak eta ez-sanitarioak eskuratu eta osasun-erakundeetara banatzeko sistema ordenatzea da. Erosketa horien zenbatekoa 500 milioi eurokoa da urtean.

Gaur egun, Osakidetzako zentroetan materiala banatzen duten 2 mila hornitzaile inguru ditu Euskal Osasun Zerbitzuak. Material sanitarioaren erosketaren % 35,7 eta material ez-sanitarioaren % 17,1 zentralizatuta daude, eta gainerakoa erakunde sanitario integratuek eskuratzen dute.

Zentro logistikoaren oinarrizko helburua da, alde batetik, hornidura horien erosketa gehiago arrazionalizatzea eta sinplifikatzea, eta, bestetik, zentro bakar batetik kudeatzea ospitaleetako eta osasun-zentroetako biltegietara igortzen den materialaren bidalketa.

Lehiaketara ateratzen den kontratuaren xedeak zentroaren diseinua, eraikuntza eta kudeaketa barne hartzen ditu. Eraikitzeko behar den inbertsioa 30 milioi eurokoa da, eta martxan jartzeko behar den denbora 2 urtekoa.

Onurak

Erosketa-sistema horrek eskaintzen dituen onura nagusien artean, hauek nabarmentzen dira: bolumenaren araberako prezio-murrizketa; hornitzaileen arrazionalizazioa; hornikuntzaren eta banaketaren eskuragarritasuna, kostu txikiagoko jardunbide logistiko hobeen bidez; stock-hausturei eta zaharkitzeei aurre egitea; edo prozesu efizienteagoak, automatizatuagoak eta estandarizatuagoak izatea.

Gainera, azpiegitura horri esker, osasun-zentroetako biltegiak optimizatu ahal izango dira —osasun-zentroetan eta ospitaleetan biltegiak gordetzeko espazioak liberatuko ditu horrek—, eta materialen kudeaketarekin lotutako osasun-profesionalen administrazio, burokrazia eta logistikaren arloko zereginak minimizatu ahal izango dira eta, horrenbestez, asistentzia-zerbitzuak hobetu.

Azken batean, lan-eredua aldatzeak eragin positiboa izango du erabiltzaileengan eta, azken batean, pazientearengan. Izan ere, sistema logistiko fidagarria izango da, beharrezkoa den unean materialak eskuragarri izango dituena eta prozesu eta fluxu optimizatuak izango dituena. Horrela, arintasuna, eta bizkortasuna irabaziko da eta kudeaketa hobea lortu.

PLATAFORMA BERRIAREN KOKALEKUA

Bizkaiko Foru Aldundiak, joan den apirilaren 3an sinatutako hitzarmenaren barruan, Euskal Telebistak (ETB) Iurretan zuen eraikin zaharra laga zion Eusko Jaurlaritzari, eta bertan eraikiko da hornikuntza-eredu malgu eta efizientea inplementatzeko zentro logistiko berria.

Etorkizuneko biltegia hartuko duen eremu horrek kokapen estrategikoa du, sareko edozein zentro hurbil baitu, eta autobiderako irteera erraza, zerbitzua arin egitea bermatuko duena. Gainera, balio teknologiko handiko 10.000 m² inguruko instalazio modernoa eraikitzeko aukera ematen du, ibilgailuak aparkatzeko eta kamioiak maniobratzeko leku egokiarekin. Eraikinak osasunaren arloko I+G+Bko jarduerak ere hartuko ditu, material sanitarioaren jarduera logistikoarekin lotuta.

Plataforma logistikoa eraikitzeko eta abian jartzeko inbertsioa 30 milioi euro ingurukoa izango da, eta 2 urteko epea aurreikusten da zerbitzua abian jartzeko.