Hurrengo astean Iñigo Urkullu Europako Batzordeko arduradunekin bilduko da, eta autodeterminazioari buruzko foro batean parte hartuko du Europako Parlamentuan
Lehendakariak datorren astelehenean Bruselarako bidaia ofizial bati ekingo dio. Bidaia honen barruan hainbat bilera izango ditu Europako erakundeetako arduradunekin, Europar Batasunaren agendaren funtsezko zenbait arlotan Eusko Jaurlaritza garatzen ari den ekimenak partekatzeko. Horretaz gain, Europako Parlamentuan, Iñigo Urkulluk autodeterminazioari buruzko foro batean parte hartuko du, eta harrera egingo dio euskal komunitateari; harrera horretan Lege-eskumenak dituzten Europako Eskualdeen Ekimeneko (RLEG) kideak ere izango dira.
Bidaia hau, zehazki, urtarrilaren 31ra arte eramango da aurrera, hau da, asteazkenera arte, eta Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Marian Elorza buru duen Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusiko taldeak hiru legealdi hauetan landu dituzten harreman estu eta iraunkorren barruan kokatzen da.
Lehendakariaren agenda astelehenean hasiko da, hau da, urtarrilaren 29an, izan ere, egun horretan, Margaritis Schinas Europako Bizimodu Europarraren Sustapenerako presidenteordearekin bilduko da. Margaritis Schinas, besteak beste, migrazio eta asilo arloetako arduraduna da, eta hezkuntzan eta kulturan ere eskumenak ditu. Lehendakariak Euskal Harrera Eredua aurkeztuko dio, bai eta eredu horrek migratzaileei eta babesa behar dutenei harrera eta gizarteratzea bermatzeko aurreikusten dituen ekimenak ere. Era berean, Europar Batasunean euskara ofiziala izateko eskariari helduta, Iñigo Urkullu Europako Batzordearen babesa lortzen saiatuko da.
Asteartean, urtarrilaren 30ean, Iñigo Urkullu, Bruselan bertan, Gobernu Kontseiluaren ohiko bileraren buru izango da, eta, ondoren, Dubravka Suiça Demokrazia eta Demografiako presidenteordearekin bilduko da, horrela, Euskadi buru duelarik, Lege-eskumenak dituzten Europako Eskualdeen Ekimena (RLEG) EBren politikak erabakitzeko prozesuan lantzen ari den proposamenak partekatzeko.
Arratsalde horretan bertan, Lehendakariak beste batzar bat izango du, kasu honetan, Maros Sefcovic Europako Itun Berdearen, Erakunde arteko Harremanen eta Prospektibaren presidenteordearekin, trantsizio berdearen arloan Euskadi bultzatzen ari den azken proiektuen berri emateko. Ondoren, Elisa Ferreira Kohesio eta Erreforma Komisarioarekin bilduko da, Makroeskualde Atlantikoa bultzatzeko Arku Atlantikoaren Batzordeak egin dituen azken lanak aurkezteko; Iñigo Urkulluk Makroeskualde Atlantikorako laguntza eskatuko dio.
Jardunaldiari amaiera emateko, Bruselako euskal komunitateari harrera egingo zaio, eta RLEGko kideak ere bertan izango dira.
Asteazkenean, alegia, urtarrilaren 31n, Europako hiriburuko bere agendaren azken egunean, Lehendakariak Europako Parlamentuan eurodiputatu taldeak antolatutako Caucus por la Autodeterminación izeneko foroan parte hartuko du. Foro horretan, EBean autodeterminazio-eskubidea demokratikoki gauzatzeko baldintzak arautzeko erregelamendu-proposamena aurkeztuko da. Lehendakariak arratsaldeko saioan parte hartzea aurreikusten da, zehazki, Kataluniako Generalitateko presidentearekin eta Korsikako Elkargoko presidentearekin batera.