Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordea arautzen duen Dekretua onartu da, arlo horretako politiken betearazpena koordinatzeko

0
PRUEBA

Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Sistemaren 14/22 Legetik eratorritako bigarren dekretua da

Gobernu Kontseiluak astearte honetako bileran onartu du Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordearen funtzionamendua arautuko duen Dekretua. Organo horrek administrazio publikoak koordinatuko ditu, ahalik eta eraginkortasun eta efizientzia handiena bermatzeko politika publikoak egin eta gauzatzean, Diru-sarrerak Bermatzeko eta Inklusiorako Sistemaren esparruan. Dekretu hori Diru-sarrerak Bermatzeko eta Inklusiorako Euskal Sistemaren Legearen bigarren erregelamendu-garapena da, urtarrilaren 1ean indarrean jarri den erregelamenduaren ondoren, eta ondoren enplegurako pizgarriak arautuko dituena.

Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak eraman du dekretu hau, Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Sistemaren 14/22 Legetik datorrena. Lege hori Legebiltzarrak onartu zuen 2022ko abenduan, eta 142. eta 143. artikuluetan xedatutakoa garatzen du. Zehazki, legeak arlo horretako eskumen-banaketa espezifiko bat jasotzen du foru-aldundien eta udalen artean, Lanbide-Enplegu Zerbitzu Publikoari aitortutakoez gain. Eskumen-esparru horretan lotura-puntu ugari egoteak justifikatzen du lankidetza- eta koordinazio-mekanismoak arbitratzeko beharra, zerbitzuak ematean ahalik eta eraginkortasunik handiena bermatzeko.

Hori dela eta, Legeak batzorde hori sortzen du euskal administrazioen arteko lankidetza instituzionalerako erakunde gisa, lege honetan aipatzen diren politika publikoak diseinatu, egin eta gauzatzeari dagokionez. Gainera, horrela, amaitu egiten da Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordearen funtzionamenduaren iragankortasuna, gizarte-bazterkeriaren aurkako 18/2008 Legean aurreikusia, inoiz ez baitzuen izan berezko funtzionamendu-erregulaziorik.

Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordea Lan eta Enplegu Sailari atxikita egongo da, eta hamabi kidek osatuko dute. Horietatik sei Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak izango dira, hiru foru aldundienak (bana) eta beste hirurak udalerrienak.