Arriolak euskal fiskalitatea erreformatzeko eskatu die aldundiei, herritarrek etxebizitzaren arloan dituzten beharrei fiskalitate horrek erantzun diezaien

0
PRUEBA

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak astelehen honetan inauguratu du International Congress on Housing Policies, etxebizitzaren erronkari aurre egiteko Europan arrakasta izan duten kasuak ezagutzeko aukera ematen duen etxebizitza-politikei buruzko foroa. Bertaratu diren 400 pertsona baino gehiagoren aurrean, Arriolak gogorarazi du Euskal Autonomia Erkidegoak hainbat neurri dituela martxan, herritarrei arlo horretan erantzunak emateko, baina honako hau ohartarazi du: «oso zaila da horrelako neurriek bilatzen duten emaitza lortzea, baldin eta horren atzean ez badago zerga-sistema konprometiturik, errentak dituzten arrazoizko errentatzaileen eta errentari eta kolektibo kalteberenen baldintzak hobetzera bideratua, gazteak kasu. Etxebizitzaren arloko euskal fiskalitatea zaharkituta geratu da eta ez die erantzuten planteatutako erronkei». Ildo horretan, nabarmendu du bere Sailak jada proposamen bat egin duela eta foru aldundiei dei egin diela «zerga-erreformari ekiteko prozesua bizkortzeko eta helburu komun hori lortzeko gainerako administrazioekin bat egiteko».

Pertsonek etxe duin eta egoki bat edukitzeko beharrari nola erantzun jakiteko helburua duen kongresuan, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak nabarmendu du Euskal Autonomia Erkidegoa erreferente bat dela arlo horretan, etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortzen duelako eta etxeei beren funtzio sozialaren ikuspegitik heltzen dielako, produktutzat hartu beharrean.

Arriolak adierazi duenez, «guztiok gaude interpelatuta», bai sektore publikoa, bai pribatua, bai partikularrak, azken helburuari erantzuteko orduan; era berean, Eusko Jaurlaritzak abian dituen ekintza nagusiak zerrendatu ditu: alokairuko etxebizitza publikoak eraikitzea, etxebizitza hutsak mobilizatzea, gazteen emantzipaziorako neurriak (Gaztelagun eta etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak esleitzeko % 40ko kupo espezifikoak), prestazio ekonomikoak, araudi berria eta sektore pribatuarekin lankidetzan aritzea alokairu eskuragarri gehiago sortzeko, besteak beste. «Etxebizitza-politikek integralak, koherenteak eta denboran iraunkorrak izan behar dute», aipatu du Arriolak; » etxebizitzaren eskaintzan eta eskarian aldi berean jardun behar da, eta sustapen- eta estimulu-neurriak uztartu behar dira beste neurri murriztaileagoekin».

Hasierako saioaren ondoren, etxebizitza-politikei eta eskubide subjektiboari buruzko lehen eztabaida-blokean, Etxebizitzako sailburuorde Pedro Jaureguik azaldu du Euskal Autonomia Erkidegoan 8.400 pertsonak aitortuta dutela gaur egun etxebizitzarako eskubide subjektiboa, eta aitorpen horren ondoriozko etxebizitzen esleipenak xehatu ditu, baita alokairuaren merkatu librean dauden eta eskubidea duten pertsonentzat dirulaguntzen aktibazioa ere. Jaureguik nabarmendu duenez, Etxebiden erregistratuta etxebizitza bat eskatzen duten pertsonen % 76k alokairuan eskatzen du, eta horrek esan nahi du tradizioz erosketaren aldeko apustua egin duen gizarte batean aldaketa kultural garrantzitsua gertatu dela.

Elkarrizketa horretan bertan, Housing Europe-ko idazkari nagusi Sorcha Edwards kontinente zaharrean barrena ibili da, etxebizitzarako eskubide subjektiboa ezartzearen ikuspegia kontuan hartuta. Vienatik etorrita, Wohnpartner-Wien sozietate publikoaren bitartekari Isabella Wohinz-ek —Austriako hiriburuko alokairuko parke publikoa kudeatzen du— azaldu du nola gauzatzen duten etxe bat eskuratzeko aukera hori 500.000 pertsona bizi diren —hiriko biztanleriaren % 21— 220.000 etxebizitzako parke publiko baten bidez, eta nola erantzuten zaion etxebizitza eskuragarrien beharrari, «jabeenganako araudi sendo» baten bidez ere. Nafarroako Gobernuko Etxebizitzako zuzendari nagusi Maite Arrondok –Nafarroa, Euskal Autonomia Erkidegoarekin batera, etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortzen duen autonomía-erkidego bakarra, baina Euskal Autonomia Erkidegokoaz bestelako modu batzuen bidez gauzatuz— bi programa zehatz nabarmendu ditu; etxebizitza lankidetzarako eta hirugarren sektorearekin lankidetzan aritzeko formulen aldeko apustua egin du, eta bere hurrengo erronken artean tenkatutako eremuak deklaratzea dagoela nabarmendu du.

Bigarren eztabaidan zehar —etxebizitzaren funtzio soziala eta prezioak eusteko beharrizana izango ditu ardatz—,Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendari Mario Yoldik azpimarratuko du garrantzitsua dela fiskalitatea errentamendu eskuragarria sustatzeko etxebizitza-politikekin batera joatea, eta errealitate horri zifrak jarriko dizkio: Eusko Jaurlaritzak etxebizitza-politiketan gauzatutako aurrekontua (2022ko itxiera-datuak) 386,3 milioi eurokoa izan zen, eta etxebizitzako zerga-arinketak ordaintzeko gastua, berriz, 432 milioi eurokoa. Horietatik gehienak, 312 milioi euro, etxebizitzak erostera bideratu ziren, sozietatearen eskari nagusia alokairua denean.

DIW Berlineko ikertzaile elkartu Konstantin Kholodilin-ek — Europan prezioen kontrolean aditu handienetakoa— Europako hainbat herrialdek, prezioei eusteko arloan, bizi duten egoeraren berri emango du. Bestalde, etxebizitza-politika publikoetan erreferente den analista eta Bartzelonako Etxebizitzako Metropoli Behatokiko presidente Carme Trillak «etxebizitzen prezioen bilakaeraren eta soldaten eta etxeen ordainketa-ahalmenaren bilakaeraren arteko desproportzioa» azalduko du, eta prezioak kontrolatzeko Kataluniaren egoera azalduko du; UNECAko presidente Luis Albak, berriz, sektore pribatuaren ikuspegitik sakondu du gai horren inguruan.

Arratsaldean, kongresuaren hirugarren blokeak » Etxebizitza publikoen erronka XXI. mendean: nola sortu eta kudeatu parke publikoak?» gaia izango du ardatz. Epigrafe horren barruan, Amsterdamgo Lurzoru eta Garapen Zuzendaritzako etxebizitza-programako kudeatzaile Marije Raap-ek parte hartuko du. Hiriburu horrek urtero 7.500 etxebizitza berri sortzeko programa bat lantzen du 2019tik. Etxebizitza horien herena sozialak dira, alokairu mugatuko eta txandakako programen bitartez kudeatuak, eta kooperatibei eta etxebizitza-elkarteei bultzada handia ematen zaie. Alokabide Eusko Jaurlaritzaren sozietateko zuzendari Patricia Valek gauzatzen ari diren ekimenen berri emango du: 7.400 etxebizitza huts mobilizatu dira Bizigune programaren bidez, edo gazteentzako 10.000 laguntza Gaztelagun programaren bidez, 2019an hasi zenetik, besteak beste. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturaren zuzendari Pablo García Astrainek etxe publikoen eraikuntzaren ikuspegia azalduko du – Euskal Autonomia Erkidegoan, alokairu-parkea 26.000 etxebizitzakoa da, eta horietatik 16.000 Eusko Jaurlaritzak kudeatzen ditu, eta, une honetan, Autonomia Erkidegoko Administrazioak 2.000 etxebizitza ditu eraikitzen, hau da, biztanleriaren proportzioan Estatu mailan parke publikoa sortzeko jarduera handiena duena–, baita ikuspegi berritzailea ere. Azkenik, Begirune Fundazioko José Antonio Oleagak etxebizitzak gizarte-politiketan duen domino-efektua aztertuko du.