Zeuk Aukeratu, gazteen osasun mentala prebenitzeko programa

0
PRUEBA

Hiriko ikastetxeetan egiten da, Agifesen eskutik

Donostiako Udalak eta AGIFESek (Buru Osasun Arazoa duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkartea) Zeuk Aukeratu izeneko prebentzio-programa jarri dute abian, Donostiako nerabeen eta gazteen osasun mentala zaintzeko.

Marisol Garmendia Ekologiako eta Osasun Publikoko zinegotziak adierazi duenez, “gazteen eta nerabeen osasun mentalari buruzko datuek egoera kezkagarri samarra erakusten dute. Osasun mentaleko arazoen % 50 hamabost urte bete aurretik agertzen dira, eta % 75, berriz, hemezortzi urte bete baino lehen. Datu kezkagarria da, zalantzarik gabe: gazteen % 49k pentsatu du noizbait bere buruaz beste egitea, eta inoiz halakorik pentsatu ez dutenak baino bi puntu gehiago dira. Sentsibilizazioa piztu nahi dugu osasun mentala zaintzeak duen garrantziaren inguruan, eta, horretarako, erabakigarria da zeinu goiztiarrak identifikatzea, bereziki adingabeengan, kontuan izanik arazoak eragin ditzaketela gerora. Hala, ahalik eta gehien txikitu nahi dira estigmaren ondorioak, eta, bide horretan, estereotiporik gabe ikusi behar da arazoa”.

Zeuk Aukeratu, Udalak lehen aldiz eskola-eremura zuzendu nahi izan duena, hezkuntza-sistemako eragile guztiei zuzenduta dago; izan ere, guztiek dute eginkizun garrantzitsua gazteen garapen pertsonalean, eta, beraz, barnean hartzen ditu familiak, irakasleak eta 12 eta 22 urte bitarteko ikasleak.

Gazteei gehien eragiten dieten arazoen artean ageri dira antsietatea, gogo-aldarte apala, familia-arazoak, arazo akademikoak eta suizidio-ideiak edo -ahaleginak. Horrek inpaktu negatiboa du haien errendimenduan, ongizatean eta bizitzan. Helburua da babes-faktoreak indartzea eta ahalik eta gehien murriztea ondoez emozionalaren arrisku-faktoreak. Ondoez emozional horrek konnotazio eta sintoma ugari ditu, eta, denboran zehar irauten dutenean, estresa sorrarazten dute pertsonarengan eta galarazi egiten dute normal funtzionatzea. Nahasmendu horrek prozesu afektibo eta kognitiboei, aldarteari, pentsamenduari eta portaerari eragiten die.