Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio Gogora institutuaren eta Martxoak 3 biktimen Elkartearen arteko hitzarmenari

0

Nerea Melgosak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Gobernu Kontseiluaren oniritzia jaso ondoren, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren eta Martxoak 3 Elkartearen arteko hitzarmena sinatuko dela iragarri du. Melgosak bileraren osteko prentsaurrekoan hitz egin du, eta jakinarazi du bihar, otsailaren 14an, 18:00etan, bi aldeek akordioa sinatuko dutela Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusian, Gasteizen.

Era berean, sailburuak iragarri du hurrengo egunean, otsailaren 15ean, notario aurrean formalizatuko dela Martxoak 3 Memoriagunea Fundazioa’ eraketa. Lau erakunde fundatzaile dira: Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala eta Gasteizko Gotzaindegia. Martxoak 3 eta Memoria Gara elkarteak ere fundazioaren patronatuko kide izango dira, gizarte-ekimenaren ordezkari gisa.

Fundazioa sortu aurreko hitzarmena sinatzeak «elkarlanerako oinarriak ezartzen ditu, argi eta garbi beharrezkoa den elkarlana», Melgosa sailburuaren hitzetan.

Gogora Institutuaren eta Martxoak 3 Elkartearen arteko akordio horren helburua lankidetza-esparru bat sortzea da, Martxoak 3 Elkarteak eta Gogora Institutuak Martxoak 3 Memoriagunea sortzeko prozesuan dituzten baliabide historikoak, materialak, dokumentalak eta erakusketakoak laguntzeko eta emateko. Hitzarmenak ikerketa, dokumentazio eta inbentariatze lanak jasotzen ditu, eta horretarako, Gogora Institutuak 35.000 euro bideratuko ditu.