Teresa Errandoneak, Basque Teamek bekatutako atletak, agur esan dio goi mailako lehiari

0

Irungo hesi-lasterkeria bost aldiz izan da Espainiako txapeldun, Europako eta Munduko txapelketetan parte hartu du eta Tokioko 2021eko Jokoetan olinpikoa izatera iritsi zen

Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak, Juan José Anderez Euskadiko Atletismo Federazioko presidenteak, Leire Guerenabarrena Euskal Federazioen Batasuneko gerenteak eta bere ibilbideko pertsona garrantzitsuenetako batzuek lagunduta, tartean familia, lankideak eta Ramón Cid entrenatzailea, Teresa Errandoneak atletismoari agur esateko erabakia hartu duela jakinarazi du Donostian.

Teresa Errandonea Irunen jaio zen 1994an, kirola gustuko zuen familia batean; bere osaba José María Errandonea txirrindulari profesionala izan zen eta hainbat etapa irabazi zituen Espainiako Itzulian eta Frantziako Tourrean. Teresak zortzi urterekin ekin zion atletismoari, eta berehala nabarmendu zen hesi-lasterketetan eta luzera jauzian, azken proba horretan 16 urtez azpiko Espainiako txapeldun izatera iritsiz 13 urterekin. Bost urte geroago, lehen aldiz Espainiako txapelduna izan zen, kategoria absolutuan, pista estaliko 60 metroko proban. Hala ere, bere ibilbidean 100 metroko hesi-lasterketa izan da bere proba nagusia (60 metroko hesi proba pista estalian).

Aipatutako Espainiako txapelketa lortu ondoren, denboraldi batzuk eman zituen bere marketan garapenik izan gabe, eta, ondorioz, 2018ko maiatzean aldaketarako unea heldu zela erabaki zuen eta Ramón Cid entrenatzailearekin lanean hasi zen. 2019an Espainiako bigarren txapelketa irabazi zuen, oraingoan aire zabalean, eta nabarmen hobetzen hasi zen. 2020an, 8.00,4ra jaistea lortu zuen 60 metroko hesi proban, eta, horrela, pista estalian Munduko Txapelketara joateko gutxieneko marka erdietsi zuen. Dena den, COVID-19ko pandemiaren ondorioz, txapelketa hori bertan behera geratu zen.

2021ean, nazioarteko txapelketen itzulerarekin, debuta egin zuen goi mailako hitzordu batean, pista estaliko Europako Txapelketan, 60 metroko hesi lasterketan  finalerdietan sartuz. Uda horretan bertan, Nazioen Arteko Europako Txapelketan estatuko selekzioaren bosgarren postua lortzen lagundu zuen, 100 metroko hesi proban hirugarren amaitu baitzuen. Ondoren, bere lehen Joko Olinpikoetan lehiatu zen, Tokiokoetan, baina lehen txanda gainditu gabe.

2022ko pista estaliko denboraldian aurreko urteetako maila eman ez zuen arren, Munduko Txapelketan parte hartu zuen, eta finalerdietara iritsi zen. Handik gutxira, lesio bat izan zuen soleoan, eta, ondorioz, ezin izan zuen lehiatu urtearen hondarrean.

2023ko udan Espainiako selekzioko kide izan zen Krakovian jokatutako Europako Jokoetan eta seigarren postua lortu zuen 100 metroko hesi-proban.

Teresa gogor ari zen lanean bere bigarren Jokoak izango zirenetarako sailkatzeko, hau da, uda honetan Parisen egoteko, baina Akilesen orpazurdetan izandako eragozpenek, batez ere lan-karga handitzen zenean, gogoa txikitu diote. Azken hilabeteak, nazioarteko kontzentrazioak barne, nahiko gogorrak izan dira, eta erabakia hartzea zaila izan bada ere, Teresa Errandoneak ulertu du egoera horretan jarraitzeak kalte edo min psikologikoa besterik ez ziola ekarriko.

«Ez da batere erraza izan erabakia hartzea, baina ez nintzen ondo sentitzen. Etapa hau itxi behar nuen aurrera egin ahal izateko. Orain, nire bizitzako beste alderdi batzuetan jarri behar dut arreta, baina urte hauetan guztietan jaso dudan babesa eskertu nahi dut, batez ere goi mailan pasa ditudan urteetan jasotako sostengua. Eskerrak eman nahi dizkiet familiari, lagunei, klubari eta entrenatzaileei, taldekideei eta urte hauetan guztietan nire ondoan egon diren esponsor eta erakunde guztiei» azpimarratu du Errandoneak.

Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak nabarmendu nahi izan du zein garrantzitsua izan den Teresa Errandonea bezalako kirolari bat izatea atletismoa bezain zorrotza den kirol batean. «Programa olinpikoaren barruan dauden kirol guztietan Europako eta Munduko txapelketetarako eta batez ere Joko batzuetarako sailkapena lortzea ez da erraza, baina atletismoa bezalako kirol gogor batean egitea are zailagoa da. Hitzordu handietan kirol “errege” edo nagusietako bat da, eta Teresa izan da gure ordezkaria horietako askotan; horregatik, gure eskerrik beroenak helarazi nahi dizkiogu».

«Basque Team fundazioko kideentzat harro egoteko modukoa izan da Teresa Errandonea gure familiaren parte izatea. Teresa bere balioengatik, konpromisoagatik eta lanerako gaitasunagatik nabarmentzen da, beti bikaintasuna eta dotorezia zainduz, ‘zarata’ handirik egin nahi izan gabe» gaineratu du Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak.

Teresa Errandoneak 21 urte daramatza atletismoarekin lotuta, baina goi mailari agur esateko unea iritsi dela erabaki du, bere bizitza pertsonalari eta orain arte kirolarekin uztartu duen lan-arloari denbora gehiago eskaintzeko (Teresa Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan graduatua da eta Salto Systemseko finantza departamentuan lan egiten du).