Kontroleko osoko bilkura

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Nerea Kortajarena Ibañez EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, EAEko hauteskundeetan subiranismoaren indarra handitzeak gobernagarritasunean izan beharko lituzkeen ondorioei buruz.

Lehenik eta behin Lehendakariak adierazi du gobernagarritasuna hauteskunde demokratikoetan lortutako ordezkaritzaren eta indar politikoen arteko adostasunaren ondorioa dela. “Gure herria anitza d; gobernagarritasunak, lehenik eta behin, herritarren babesa eskatzen du, eta, bigarrenik, aliantzak ehuntzeko eta elkarrekin jarduteko gaitasuna izatea” esan du. Horren harira, Urkulluk adierazi du, EH Bildu zerrenda bozkatuenak gobernatzea defendatzen duela, “arauak eta salbuespenak ezarriz, beti eta soilik, zuen interesen defentsan”gaineratu du. Gauzak horrela, argi eta garbi hitz egitea eskatu du Lehendakariak, izan ere, EH Bildu Hauteskundeak irabazi ez zituen alderdi batek osatutako Gobernua babesten ari da Madrilen; baita Nafarroan ere eta Iruñean hauteskundeak irabazi gabe gobernatzen ari direla nabarmendu du Urkulluk, “aldiz, Euskadin ez duzue babestu hauteskundeak irabazi zituen Gobernua” adierazi du. «Zuek zerrenda bozkatuenak goberna dezala defendatzen duzue, baina soilik zuei komeni zaizuenean” berretsi du Lehendakariak. Eta gehitu du “zuen politika egiteko modua betikoa da: besteentzat exijentzia maximoa eta zuentzat minimoa; zuen jarrerak zuen gobernatzeko gaitasunari eragiten dio, hau da, ez duzue gaitasunik konfiantza-esparruak sortzeko, aliantzak lortzeko eta guztiontzako Gobernu Programa bat osatzeko; nire ondorioa, beraz honakoa da: ez duzue onartzen gure herriaren aniztasuna, erakundeen ordezkaritza eta demokraziaren joko arauak” amaitu du.

Galdera,  Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos-Ezker Anitza taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, lehen sektorearen protestei buruz.

Urkulluk adierazi du lehen sektorea estrategikoa dela Gobernuarentzat, eta, horregatik, sektorea erabat babesten eta laguntzen dutela, programa zehatzen bitartez, beren eskumenetik eta lankidetzan. Gauzak horrela,  sektorearen eskaerei erantzunez, aste honetan bertan Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek 10 neurri zehatz partekatu eta konprometitu dituztela azaldu du helburu komun batekin: lehen sektoreari erabateko babesa adieraztea. «Gure esku dagoen guztia egiten jarraituko dugu lehen sektoreari laguntzeko; produktoreek eta sektoreko ordezkariek gure babes osoa dute, bai euskal erakundeena eta baita gizarte osoarena ere; bide beretik goaz eta, beraiek horrela aitortzen digute” esan du.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo Euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, euskal gizarteari eragiten dioten gai askotan duen kudeaketagatik jasotzen dituen kritikei buruz. 

Lehendakariak ez du ukatu arazoak eta zailtasunak daudela «ez ditut kritikak ukatzen, izan ere, eraikitzaileak direnean, gizarteari eskaintzen diogun zerbitzua hobetzen laguntzen digute» adierazi du. Legegintzaldiari buruzko balantzea egiteko eskatuta Urkulluk  balorazio ona egin du eta hainbat datu objektibo eman ditu: langabezia-tasa % 7tik beherakoa da; milioi bat pertsona baino gehiago ari dira lanean eta kotizatzen; esportazioak eta turismo-sektoreak hazkundea izan dute urtez urte; berotegi-efektuko gasen emisioa murriztu da eta pobrezia-arriskuaren tasa, Europako batez bestekoa baino 6 puntu txikiagoa da; Giza Garapenaren Indizeak munduko lehenengo 15 herrialdeen artean kokatzen du Euskadi, Kanada, Zeelanda Berria edo Belgika bezalako herrialdeen parean. «Ongizatean eta bizi-kalitatean aurrera egin dugu, ez da Gobernuaren lorpena, herriaren lorpena da. Hilabete honetan Eurobarometroak Europako herrialde guztietan egiten duen galdera bat egin du Euskadin eta  EAEko herritarren % 73k konfiantza du Eusko Jaurlaritzan; emaitza horrekin, euskal gizartea izango litzateke Europa osoan bere herrialdeko Gobernuarengan konfiantza handiena izango lukeen herrialdea. Nire ondorioa da, beraz, konfiantza hori indartzen jarraitu behar dugula, eta bermatzen dizut azken egunera arte helburu horrekin lan egingo dudala», amaitu du.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña Mistoa – Vox taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, legegintzaldi honetako balantzeari buruz. 

Lehendakariak adierazi duenez, bere balantzea bat dator gizarteak adierazitakoarekin: «Euskal herritarren %73k Eusko Jaurlaritzarengan konfiantza du, eta nik ere bai, eta egunero lan egingo dugu euskal gizarteak Jaurlaritza honengan eta herritarrei eskaintzen dizkiegun zerbitzuegan duen konfiantza-maila hobetzen jarraitzeko» berretsi du Urkulluk. «Nire balantze parlamentarioa hitz batean laburbiltzen da – jarraitu du –, adostasuna; gehiengo osoa izanik ere, akordio eta adostasunak lortzearen alde lan egin dugu eta emaitza agerikoa da: atzo onartutako hiru legeek oposizioko talderen baten babesa izan zuten, legegintzaldi honetan onartutako lau legetik hiruk oposizioko talderen baten babesa izan dute; Gobernuaren kudeaketaren balantzeari dagokionez, 10 herri helburuetatik zazpi bete ditugu erabat, eta zortzigarren batek betetze-maila altua du eta Jaurlaritzak langabezia % 10etik behera kokatzeko ezarritako helburu estrategiko eta zentralari lotuta, pandemia edo gerraren ondorioak gorabehera, krisi eta zailtasun guztiak gorabehera, langabezia % 7an kokatzea lortu dugu” nabarmendu du Urkulluk.

Galdera, José Manuel Gil Vegas Mistoa- Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, itunpeko irakaskuntzaren finantzaketari buruz.

Lehendakariak nabarmendu du onartutako Itunak eta Hezkuntza Legeak Euskal Hezkuntza Sistema osatzen duten ikastetxe guztien bideragarritasun ekonomikoa bermatzen dutela. Gogorarazi du Hezkuntzari buruzko Legea Euskadiko lehen Hezkuntza Lege integrala dela, eta, beraz, itunpeko irakaskuntza ere barne hartzen duen lehena. «Euskal Hezkuntza Sistema osatzen duten funts publikoek sostengatutako ikastetxeek Zerbitzu Publikoa emateko finantzaketa nahikoa bermatuta dute Legean, Legeak ezarritako printzipioak eta helburuak betez, eta Legeak ezartzen dituen konpromisoak eta betebeharrak bere gain hartuz. Konpromiso horiek euskal hezkuntza-sistema osoaren beharrei erantzuten diete. Euskadik 7.300 euro baino gehiago bideratzen du ikasle bakoitzeko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan. Sare publikoa, itunpeko sarea eta sare pribatua kontuan hartuta baliabide gehien bideratzen dituen Estatuko erkidegoa gara «azaldu du Iñigo Urkulluk bere hitzaldian.

Galdera, Eraitz Saez de Egilaz Ramos EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, gazteria-politiken emaitzei buruz.

Urkulluk bere hitzaldian adierazi du Euskadiko gazteek eta Europakoek, zailtasun berdintsuak dituztela: enplegua eta haren kalitatea, etxebizitzen prezioa eta eskasia, emantzipaziorako errenta erabilgarria izatea, besteak beste.   “Ez ditugu arazo horiek ezkutatzen, kezkatzen gaituzte eta, horregatik, alternatiba  errealistekin erantzuten dugu” baieztatu du Lehendakariak. Zentzu horretan, etxebizitza alorra aipatu du “1980tik hona, 105.000 etxebizitza publiko eraiki ditugu Euskadin, Estatuko etxebizitza publiko guztien %35a baino gehiago Euskadin eraikitzen dira. Etxebizitzarako laguntzak handitu eta zabaldu ditugu; gazte batek ezin izan badu etxebizitza publiko bat eskuratu, Gaztelagun programak alokairurako 300 eurora arteko laguntza eskaintzen dio hilabetero. 16 eta 29 urte artekoen langabezia tasa, % 30ekoa zen duela hamar urte eta gaur  %10ekoa da. Gazteek zailtasunak dituzte, noski baietz eta zailtasun horiek leuntzeko lan baldintza eta soldata onak aldarrikatzen ditut beti” azpimarratu du. Datu objektiboei erreparatuta, Lehendakariak adierazi du gazte-politika publikoak eragin positiboa izaten ari direla, “badakigu zuek zuen aurreiritzi eta mezu katastrofistak zabaltzen jarraituko duzuela- esan du EH Bilduri erreferentzia eginez- guk, ordea, gazteen iritzia entzunez eta datu objektiboak erabiliz lanean jarraituko dugu” amaitu du.

Galdera,  Laura Garrido Knörr Euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskal Autonomia Erkidegoko datu demografikoen bilakaerari buruz. 

Lehendakariaren esanetan, erronka demografikoari aurre egitea lehentasun bat da, herri-erronka eta helburuetako bat. Euskadin, bizi-itxaropena 83 urtekoa da, Japonian baino urtebete gutxiago, Japonia izanik bizi-itxaropen handiena duen herrialdea. Bizi-itxaropenaren gorakadak jaiotza-tasaren jaitsierarekin bat egin du herrialde garatuetan. Errealitate horren aurrean, Eusko Jaurlaritza hainbat neurri hartzen ari da: Erronka Demografikorako 2030erako Euskal Estrategia; gazteen emantzipazioa errazteko laguntza berriak; seme-alabagatiko laguntzak familiei lehen hiru urteetan; Haurreskolen doakotasuna; kontziliaziorako laguntzak zabaltzea; familientzako zerga-kenkarien hobekuntza; eskola-beken handitzea eta baliabide gehiago alokairurako laguntzetarako, diru-sarrerak bermatzeko errentarako edo pobrezia energetikoaren aurreko laguntzetarako, besteak beste. «Izaera estrategikoko neurriak dira, era progresiboan txertatzen ari garenak eta epe ertain eta luzean eragina izango dutenak. Gure helburua da pertsona bakoitzak, hala erabakitzen badu, nahi duen seme-alaba kopurua izatea ahalbidetuko duten baldintzak sortzea. Gure egitekoa eta nahia da 2030erako gainbehera demografikoa iraultzea «adierazi du Iñigo Urkulluk.