SORMENAREN MUNDU FOROA 2024 (CWF24)
- Sormenaren Mundu Foroaren 2024. edizioak, Districts of Creativity (DC) Network nazioarteko sareak Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin antolatutako ekitaldi ospetsuak, Kultura eta Sormen Industriei (KSI) lotutako mundu osoko eragileak, erakundeak eta enpresak erakarriko ditu
- Parte hartzeko inskripzioa irekita dago eta bere webgunetik sar daiteke: eus
- “Kultura- eta sormen-ekosistemak: gobernantza-ereduak eta berrikuntza” goiburuarekin, edizio honen helburua, sektorearen eredu desberdinak eta azken berritasunak ezagutzera eman eta bere eragileen artean lan-aukera eta harreman berriak sortzea da
Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Districts of Creativity (DC) Network nazioarteko sarearen Sormenaren Mundu Foroa – CWF24 (“Creativity World Forum” ingelesezko sigletatik) hartuko du Euskadik apirilaren 15, 16 eta 17an. Hiru egun horietan, munduko hainbat lekutako ehunka pertsona Bilbon, Gasteizen eta Donostian izango dira sormenaz, berrikuntzaz eta enpresa-senaz eztabaidatzeko. Inskripzioa irekita dago Kultura eta Sormen Industriei buruz ideiak trukatu, ikasi eta gizarte bidezkoago eta berdinzaleago bati egiten dioten ekarpena balioetsi nahi duen pertsona ororentzat.
CWF24 bi urtean behin antolatzen den Districts of Creativity (DC) Network sarearen ekitaldi bereizgarria da. Aurreko edizioa 2022an izan zen, Baden-Württembergen (Alemania). Oraingo honetan, Euskadi arduratuko da Kultura eta Sormen Industrien sektoreko funtsezko pertsonak hartzeaz, gobernu-, enpresa- eta hezkuntza-esparrukoak, sormenari, berrikuntzari eta enpresa-senari buruz eztabaidatzeko.
Berrikuntza eta oparotasuna sustatzeko, gizartean diziplina arteko sormena bultzatuko duten praktikak partekatzeko eta garatzeko helburua Sormenaren Mundu Foroaren zigilu bereizgarria da. Hala ere, aurtengo edizioak –Euskadin egingo den CWF24– urrats bat harago joan nahi du, eta lan-bide, harreman edo enpresa-proiektu berriak sortu hiru euskal hiriburuetan bilduko diren eragileen artean, Euskadi lankidetzarako lurralde gisa proiektatuz. Horretarako, programa ofizialean, eskualdeek betetzen duten zeregina balioan jarriko da, eta alderdi hauetan oinarrituko da: Kultura eta Sormen Industrietara bideratutako politika aitzindariak, azken urteotan Euskadin garatuak, eta Euskadiko Espezializazio Adimendunaren Estrategia (RIS3) abian jartzea. Hortik dator CWF24ren goiburua: “Kultura- eta sormen-ekosistemak: gobernantza-ereduak eta berrikuntza”.
Laneko 4 arlo tematiko
CWF24ren helburuak lortzeko lau arlo tematiko (aurrerantzean AT) hautatu dira. Arlo horietako bakoitza Euskadiko erakunde garrantzitsu batek koordinatzen du, gaian eta bere deribatuetan esperientzia zabala bildua duenak, baita proiektuen koordinazioan ere. Arlo horietako bakoitzeko funtsezko eragileek, euskal erakunde bat buru dutela, ekitaldiaren aurreko hilabeteetan lan egin dute arloko erronka nagusiak eta jardunbide egokien kasuak identifikatzeko. Arlo tematiko guztiek paper garrantzitsua izango dute Foroan, eta hautatutako kasu arrakastatsuetako ordezkariek parte hartuko dute. ATen bidezko ikuspegi hori eta aurretiazko lan-prozesua dira aurtengo edizioaren berritasun nagusietako bi, ekitaldiaren programari sendotasuna, aniztasuna eta izaera parte-hartzailea ematen diotenak. CWF24ren ATak hauek dira:
- Gobernantza eta Kultura eta Sormen Industriak
- Berrikuntza Kultura eta Sormen Industriekin eta industria horien barruan
- Kultura eta Sormen Industrietako enpresak eta merkatuak
- Hezkuntza eta ikerketa Kultura eta Sormen Industrietan
Prestakuntza
Ikasleak trukatzeko nazioarteko programa bat (DC Living Lab) aurreikusi da, Districts of Creativity Network sareak sustatua. Ohiko programa da edizio guztietan, eta kulturarteko talde batean lan egiteko aukera ematen die ikasleei, Kultura eta Sormen Industrien barruan benetako erronkei aurre egiteko. Euskadin egingo den edizio honetako desberdintasuna da online eta presentzialki jarraitu ahal izango dela. Gainera, KSIgunek, Euskal Goi Mailako Hezkuntzako Kultura eta Sormen Industrien Ezagutza Guneak, eta Travelling U/TAZEBAEZ hezkuntza-kooperatibak koordinatuko dute. Azken honek nazioarteko ikaskuntza-esperientziak diseinatzen ditu, hiru oinarri nagusitan oinarrituta: elkarlaneko ikaskuntza, pertsonak ardatz dituen diseinua eta ekintzailetza.
Inskripzio irekia
Inskripzioa irekita dago Sormenaren Mundu Foroan parte hartzeko. Kultura eta Sormen Industriei buruz ideiak trukatu, ikasi eta gizarte bidezkoago eta berdinzaleago bati egiten dioten ekarpena balioetsi nahi duen pertsona orok CWF2024.EUS web orriaren bidez egin dezake. Parte-hartzaileek beren interesetara ondoen egokitzen den arlo tematikoa aukera dezakete, eta horiek aldi berean antolatuko dira hiru euskal hiriburuetan. Bestalde, inskripzioa doakoa da eta ez da derrigorrezkoa hiru egunetan izena ematea. CWF24 streaming bidez jarraitu ahal izango da, partzialki, lehen eta hirugarren egunetan.
Programa
CWF24 2024ko apirilaren 15, 16 eta 17rako (astelehenetik asteazkenera) programatuta dago, eta Euskadiko 3 hiriburuetan egingo da.
- Lehen egunean (apirilak 15) kongresua Bilbon egingo da. Bertan egingo dira ongietorria eta irekiera ofiziala, CWF24ren eta DC Living Lab-en 4 arlo tematikoen aurkezpenaz gain. Euskalduna Jauregian egingo den lehenengo eguneko egitaraua hitzaldi inspiratzaile batekin eta izaera artistikoko esku-hartze batekin osatuko da. Arratsaldean, bertaratzen diren pertsonek hainbat ibilbideren artean aukeratu ahal izango dute, Bilboko Kultur eta Sormen Industria nabarmenetako batzuk bertatik bertara ezagutzeko esperientzia-bisitak barne. Ibilbide hauek izango dira: Zorrotzaurre uhartea, Bilbo Erdialdea eta Bilbo Zaharra.
- Bigarren egunean (apirilaren 16an) arlo tematikoak dira protagonistak, eta horietan parte hartu nahi duten pertsonak euskal hiriburuetako batera joango dira, aukeratutako ATaren arabera. Bertan, taldeka lan egingo dute sinergiak sortzeko, bereziki arlo bakoitzean jardunbide egoki gisa aukeratutako erronka eta proiektuen inguruan.
- Azken egunean (apirilaren 17an) baterako saio bat egingo da. Bertan, arlo tematikoen araberako lan-emaitzen kontrastea eta azken aurkezpena egingo da, eta lankidetza posibleak ezarriko dira. Egun horretan, gainera, nazioartean ospea zabaldua duten eta ikus-entzunezkoen eta gastronomiaren sektoreetako euskal erreferente diren bi pertsonen arteko elkarrizketa eskainiko da. Elkarrizketa horren ondoren, konferentzia itxiko da.
Ekitaldi hau mugarri bat izatea aurreikusten da euskal Kultura eta Sormen Industrien ikusgarritasunaren arloan, nazioartean duten posizioa sendotzen eta potentzial berritzailea are gehiago garatzen lagunduko duena, mundu osoko funtsezko eragileekin sinergiak ezarrita.