Eusko Jaurlaritzak desaktibatu egin du Itsasertzaren Kutsadurari Aurre Egiteko Euskadiko Larrialdi Plan Berezia – Itsasertza. Planaren alerta-fasea aktibatuta zegoen, prebentzio moduan, joan den urtarrilaren 9tik, ontzi batek Portugalgo uretan galdutako zamatik sortutako hondakin mikroplastikorik ez dagoela egiaztatu ondoren.
Erabakia jakinarazi zaio Plan horren Aholku Batzordeari, eta kostaldearen eguneroko behaketan eta AZTI itsas teknologia zentroak eta Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak, itsasoaren baldintzen etengabeko jarraipena eta analisia egiteaz arduratzen direnek, emandako irizpide zientifikoan oinarritu da.
Aholku Batzordea osatu dute, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako, EUDELeko, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietako, itsas kapitaintzetako eta Gobernuaren Euskadiko Ordezkaritzako arduradunek.
Itsasertza, pertsonak eta ondasun materialak arriskuan jar ditzaketen itsasoko kutsadura-egoerei aurre egiteko prozedura bat da, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko apirilaren 9an onartu zuen eta, hain zuzen ere, kasu honetan aktibatu da lehenbiziko aldiz.