Nerea Melgosa: «Enpresaren munduan berdintasuna bultzatzea berrikuntzarako elementu bat da»

0
Donostia San Sebastián 19-02-2024 Encuentro Las mujeres en la gestión de empresas y organizaciones /// Emakumeak enpresetako eta erakundeetako kudeaketan © MITXI

Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak «Emakumeak enpresa eta erakundeen kudeaketan» topaketan parte hartu du gaur. Bertan izan da baita ere Miren Elgarresta. Emakundeko zuzendaria, izan ere, Emakundek Arizmendiarrieta Fundazioarekin batera antolatu du topaketa, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan.

Jardunaldi honen helburua izan da emakume zuzendariek enpresen eta erakundeen kudeaketa hobetzeko egindako ekarpenen balioa nabarmentzea, bai eta pertsonei eta erakundeei genero-ikuspegia duen eta emakumeak benetan integratzen dituen kudeaketa baten abantailak nabarmentzea ere.

Ildo horretan, sailburuak azpimarratu duenez, «enpresaren munduan berdintasuna sustatzea berrikuntzako, kalitateko, kudeaketa aurreratuko eta etengabeko hobekuntzako elementutzat hartu behar da».
Melgosak Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) 70 herrialdetako konpainietan egindako azterketa bati buruz hitz egin du. Azterketa horretan egiaztatu da zuzendaritza-postuetan emakumeen presentzia sustatu duten lau enpresatik hiruk irabaziak % 5etik % 20ra igo dituztela. «Gainera, elkarrizketatutako enpresen % 57k nabarmendu zuen horrek talentua zuten profesionalak erakartzen eta atxikitzen eta sormenaren, berrikuntzaren eta irekitasunaren arloan hobetzen lagundu zuela».

Hori dela eta, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak enpresa-kultura berri baten aldeko apustua egitera animatu ditu enpresak, «emakumeak, haien beharrak eta ekiteko edo mailaz igotzeko dituzten baldintzak kontuan hartuko dituena».

Berdintasunari dagokionez enpresek dituzten betebehar berriak kontuan hartuta, Nerea Melgosak gogorarazi du Emakundek zer tresna jartzen dituen enpresen eskura berdintasuna bultzatzeko. Neurrien diseinua errazteko aholkularitza, berdintasun-diagnostikoak eta -planak egiteko laguntza ekonomikoak, Euskalitekin eta UPV/EHUrekin aliantzak edo BAI SAREA bezalako enpresen arteko sareak, besteak beste.
Eta, zehazki, sailburuak Emakunderen Berdintasun Eskolan parte hartzeko deia egin du. Eskola horren prestakuntza-eskaintzan enpresentzako berdintasun-planei buruzko ikastaro bat sartu da.