Hamasei gazte dira ‘Elkarbizitza, kezka handia urte luzeetan’ dokumentalaren protagonistak, non bizikidetza zer den eta hari nola heldu hausnartzen duten

0

Topaketa diskretuak egin dituzte, bakeari lotutako XXI. mendeko Euskadirentzat funtsezkoa den erronka horri nola heldu eztabaidatzeko

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak ‘Elkarbizitza, kezka handia urte luzeetan’ dokumentala aurkeztu du gaur Donostiako Aiete – Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean. Proiektu horren helburua da euskal gazteen arteko elkarbizitzaren kontzeptua zabaltzea.

Bizikidetzari, Giza Eskubideei eta Dibertsitateari buruzko 2024 Udaberri Planak gazteei ahotsa eman die, gazteak etorkizunean bizikidetzari buruzko gogoeta eta eztabaida aske eta irekiaren protagonista izango diren prozesu bat garatzeko. Ekimen honen helburu nagusia izan da gazteak bizikidetzaren esanahiari buruzko gogoeta eta eztabaida aske eta ireki baten protagonista izango diren prozesu bat garatzea, oraina eta etorkizuna oinarri hartuta.

Helburu horrekin eta Deustuko Unibertsitatearen laguntzarekin, Giza Eskubideen, Memoriaren eta Lankidetzaren Sailburuordetzak 2022 ezkero garatutako ‘Gazteria, Bizikidetza, Etorkizuna’ prozesua bultzatu du, eta partaidetzazko ikerketa-teknikak eta elkarrizketa sakonak konbinatu ditu gazteriaren munduko erakunde, entitate eta eragile garrantzitsuekin. Hamar bat gaztek eta Deustuko Unibertsitateak gidatutako bideratze-gune batek osatutako talde eragile egonkor batek gidatu, dinamizatu eta sistematizatu du prozesua, EGK – Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren eta Baketik-en parte-hartzearekin.

Melgosak gaur azpimarratu duenez, “terrorismoak eta indarkeria politikoak Euskadiko bizikidetza kutsatu zuten hamarkadetan zehar. Bizitza asko bidean geratu ziren, eta beste askok gorrotoa eta jazarpena jasan zituzten. Gazteak zarete (ia ez zenuten bizi izan), baina funtsezkoa da jakitea zer gertatu zen, nola gertatu zen eta zer erantzukizun hartu ziren. Merezi duzue gure iragan hurbilaren egia jakitea. Zor dizuegu. Ez dugu ahaztuko”.

Dokumentalak 16 gaztek osatutako talde bat erakusten du. Gate horiek bi urtez bildu dira topaketa diskretuetan, hainbat lekutan egindakoetan, bizikidetzari buruz hitz egiteko eta XXI. mendeko Euskadirentzat funtsezkoa den erronka horri nola heldu jakiteko. “Gaur, etorkizunari begiratzen diozue eta begiratzen diogu. Oroitzapena oso presente dugula betiere. Izan ere, ezer baino lehen, ez dugu horrelakorik berriro bizi nahi. Hori da topaketa honen arrazoia: gure etorkizuna printzipio eta balio etiko eta demokratikoetan oinarrituta eraikitzen laguntzea”, sailburuak nabarmendu duenez.

Taldearen bileren eszenatoki izan diren lekuek ere horien garapena markatu dute. Aieteko Jauregia edo Arantzazuko Santutegia bezalako leku enblematikoek testuinguru egokia sortzen lagundu dute bizikidetzaren inguruko gaien inguruko eztabaidarako.

“Bizikidetza izan beharko litzateke guztion helburua, guztioi eragiten baitigu. Euskadin oinarri sendoak ditugu horretarako: printzipio eta balio etiko eta demokratikoak; eta giza eskubideekiko eta pluralismoarekiko errespetua”, esan du, amaitzeko. “Helburua lortzeko aktiborik onena ere badugu: gazte konprometituak”.