Gazteen emantzipazioa laguntzeko Euskadiko bigarren bulegoa zabaldu da Barakaldon

0
PRUEBA

Amaia del Campo Barakaldoko alkateak eta Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak, Miren Saratxaga Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariarekin batera, GAZ zerbitzuaren (Gazteriaren-ibilbideak Abiarazteko Zerbitzua) bigarren egoitza inauguratu dute. Zerbitzu berri hau Gazte Bulegoan dago kokatua, San Juan kaleko 17. zenbakian, eta, hasiera batean, bi pertsona izango ditu arreta emateko.

Bere hitzaldian, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak gogorarazi du «Euskadin emantzipatzeko batez besteko adina Europako batez bestekoa baino hiru urte berantiarragoa dela. Errealitate horrek ondorioak ditu: gazteen bizitza- eta familia-proiektuetan atzerapena dakar, eta desoreka demografikoari laguntzen dio».

Errealitate hori kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak «Gazteen emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategia» onartu zuen iaz. Bederatzigarren trakzio-proiektua GAZ Emantzipaziorako Zerbitzua sortzea da, aholkularitza eta laguntza pertsonalizatuko zerbitzu bat, autonomia-ibilbideak eta gazteentzako emantzipazio-kultura berri bat bultzatzeko.

Zerbitzu hori aurrez aurre eskaintzeko, joan den abenduan Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmena sinatu zuen Barakaldoko Udalarekin, eta 385.000 euroko ekarpena egiteko konpromisoa hartu zuen.

GAZ Barakaldoren bidez, gazteek informazioa eta aholkularitza ere jaso ahal izango dute Emantzipa Programaren laguntza berria eskatzeko. 25 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako laguntza, hilean 300 euroko ordainketaren bidez, gehienez ere 24 hilabetez, betiere etxebizitza libre baten alokairu- edo hipoteka-gastua edo mailegu pertsonala egiaztatzen bada.

Joan den asteartean, otsailaren 20an, zabaldu zen epea eta jada 1.978 lagunek eskatu dute Emantzipa laguntza.

Horietatik, 87 eskaera Barakaldoko gazteek egin dituzte, eta eskatzaileen % 53 emantzipatu egin dira edo alokairuan egingo dute, eta gainerako % 47 erositako etxebizitza batean.

Azpimarratu behar da eskabideen % 61 emakumeenak direla, eta % 39 gizonenak. Datu hori koherentea da azken hamarkadan emakumeen emantzipazio-tasan dagoen hamar puntuko aldearekin.

Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak «beren bizi-proiektua autonomiaz hasi edo sendotu nahi duten gazteak laguntza eskatzera” animatu ditu».

Eusko Jaurlaritzak oso balorazio positiboa egin du lehen egun hauetan jasotako erantzunari buruz. Jonan Fernandezek nabarmendu duenez, «gazteei emantzipazioa bultzatzen eta beren bizitza- eta familia-proiektuak eraikitzen laguntzea lehentasun estrategikoa eta atzeraezina da Eusko Jaurlaritzarentzat. Gazteen oraina eta etorkizuna daude jokoan, eta Euskadiren oraina eta etorkizuna daude jokoan».