Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak aldiriko trenbideen kudeaketa Euskadiri transferitzea erabaki dute. Bi gobernuetako ordezkaritzak telematikoki bildu dira ponentzia teknikoan, eta onartu dute Euskadik kudeatzea Bizkaian eta Gipuzkoan dauden aldiriko trenen zerbitzuak, bai eta autonomia erkidegoak Araban aldiriko zerbitzu berriak deklaratzeko aukera eta Bilbo eta Karrantza lotzen dituena ere. Akordioa Transferentzien Batzorde Mistoak berretsi beharko du datozen egunetan.
Olatz Garamendi buru duen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak itxitako transferentziak mugikortasunaren aldetik dakarren hobekuntzaz gain, atea irekitzen dio garraioaren kudeaketa hurbilago eta eraginkorrago bati, Euskadiko herritarren eguneroko bizitza hobetuz. Konektibitatea hobetuko du erabiltzaileei berehala eragiten dien zerbitzu batekin, eta eragin handia izango du jasangarritasun energetikoan eta ingurumenean.
Garamendiren hitzetan, «transferentzia guztiak dira garrantzitsuak, guztiek laguntzen baitute, modu batean edo bestean, Euskadiren ongizatean eta garapenean, autogobernua traktore gisa hartuta». Sailburuak, halaber, negoziazio prozesuari buruz hitz egin du: «bizia izan da. Lan handia egin dugu zerbitzu horiek gure herritarrei baldintza onenetan eskaintzeko eta horien kalitate estandarrak hobetzeko aukera emango duen akordio bat lortzeko».
Eskualdaketaren ardatza Bizkaiko aldiriko zerbitzuak dira:
Bilbao Abando-Barakaldo-Santurtzi
Bilbao Abando-Barakaldo-Muskiz
Bilbao Abando-Laudio-Orduña
Bilbao-Balmaseda
Gipuzkoan, aldirietako zerbitzua eskualdatzen da: Irun-Donostia-Tolosa-Brinkola
Gainera, Bilbo eta Karrantza arteko aldiriko zerbitzu berriak deklaratu ahal izango dira Bizkaian. Baita Arabako Araia-Gasteiz eta Gasteiz-Manzanos Erribera Beitia artean ere. Araban aldiriko zerbitzuak egungo trenbide trazaduraren gainean ezarriko lirateke, eta horrek lotura hobeak ahalbidetuko lituzke Arabako lautadan eta Añanako koadrilan, mugikortasunari, lurralde kohesioari eta garapen ekonomikoari mesede eginez.
Bestalde, akordioak Bilboko portura sartzeko lineen transferentziak aipatzen ditu, etorkizunean hegoaldeko trenbide saihesbideak ordeztuko baititu (gaur egun plangintza fasean dago). Eskualdaketa Bilboko hegoaldeko trenbide saihesbidea amaitu eta zerbitzuan jarri ondoren gauzatuko da, eta une horretan honako linea hauek entregatu eta ustiatuko dira:
Bilbao Abando-Santurtzi
Desertu Barakaldo-Muskiz
Bilbao Salgaiak-Santurtzi
Akordioaren arabera, Euskadi Estatuaren posizioan subrogatuko da Renfe Viajeros operadorearekin duen kontratuan, hura baita eskualdatzen diren aldiriko zerbitzuen enpresa operadorea. Oraingo kontratua 2027ko abenduan amaitzen da, hau da, Renfek zerbitzuak ematen jarraituko du, hasiera batean, ordura arte, oraingo baldintza berberetan, baina akordioak berritu beharreko material gurpildunaren katalogoa eta kronograma jasotzen ditu, baita ADIFek Euskal Autonomia Erkidegoan dituen azpiegituretan inbertsioak egiteko plan bat ere.
Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen dituen eginkizunen artean sartzen dira zerbitzu horiek arautzea, planifikatzea, kudeatzea, koordinatzea eta ikuskatzea, bai eta zerbitzu horien gaineko tarifa ahalmena, ordutegiak eta maiztasunak ere.
Balorazio ekonomikoa
Balorazio ekonomikoa Ekonomia Itunaren metodologia erabiliz egin da; horrela, eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatzeari lotutako Estatu mailako urteko kostu osoa 92,7 milioi eurokoa izango litzateke.
Balorazio ekonomiko horrekin, Euskadik konpentsatuko dio Renferi aldiriko zerbitzuak emateagatik sortzen duen defizita, zerbitzu publikoko betebeharrei lotutako zerbitzuak baitira. Konpentsaziotik kanpo geratzen da egin beharreko kostua, baldin eta Euskadik aurreikusitako kalitate estandarrak edo zerbitzuak hobetzea aurreikusten badu; kostu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura izango da.
Inbertsio plana
Akordioak, halaber, ADIFen azpiegituretan inbertitzeko plan bat martxan jartzea ere jasotzen du, aldiriko zerbitzuen eskaintzan eragina duten gabezia batzuei aurre egiteko eta horietako batzuen egoera hobetzeko. 100 bat jarduera aurreikusten dira, 400 milioi euro inguruko balioarekin.
Telematikoki egindako bileran parte hartu dute Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Gobernantza Publikoa eta Autogobernuko saila, Ekonomia eta Ogasun Saila eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila.
Titulu ofizialen homologazioari eta atzerriko goi mailako ikasketen baliokidetasuna
Euskadik bere gain hartzen ditu eginkizun horiek, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta dauden pertsonak homologatzeko edo baliokidetzat jotzeko eskaerei dagokienez. Homologazioak esan nahi du Estatuko tituluen eragin berak izango dituztela tituludunak kasuan kasuko lanbidean aritzeko gaitzeko. Adibidez, medikuntzan, arkitekturan edo abokatutzan…
Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak itxi du eskualdaketa hori, Olatz Garamendi buru duela, eta garrantzi berezia hartzen du profesionalen premia dela eta, batez ere osasun sektorean, Euskadin baitaude profesional hauek eta zerbitzu publikoak indartu baititzakete.
Ildo horretan, homologazioak Espainiako tituluarekin estatu osoan homologatzen den Espainiako tituluaren eragin berberak ematen dizkio atzerriko tituluari. Era berean, kasuan kasuko lanbide arautuan jarduteko aukera emango du, horretarako gaitzen dituzten Espainiako tituluak dituzten pertsonen baldintza berberetan.
Eskumen aldaketa honek ere, atzerrian lortutako unibertsitate graduko eta masterreko tituluen baliokidetasuna Estatuko gradu maila ofizial batean eta unibertsitate masterrean deklaratzeko gaitasuna Euskadik bere gain hartuko duela esan nahi du. Maila akademikoa egiaztatzeko ezinbesteko izapidea da, adibidez, administrazio publikoetako oposizioetan.
Euskadi izango da funtzio horiek kudeatuko dituen autonomia erkidego bakarra, eta horrek homologazioa eskatzen duten profesionalen eta langileen eskaria arintzen lagunduko du.
Aipatu behar da, espezialitate jakin batean medikuntzako tituluaz gain (titulu hori EAEk homologatu ahal izango du eskualdaketaren ondoren), dagokion espezialitatea egiaztatu behar dela (ginekologia, familia-medikuntza…). Espezialitatea atzerriko unibertsitate batekoa badu, espezialitatearen titulua Osasun Ministerioak aitortzen jarraituko du.
Telematikoki egindako bileran parte hartu dute Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Gobernantza Publikoa eta Autogobernuko saila, Ekonomia eta Ogasun Saila eta Hezkuntza Saila.