Ertzaintzak ekitaldi jendetsuetan artefaktu piroteknikoak erabiltzearen arriskuaz ohartarazten du

0
PRUEBA

Aste hauetan Donostian eta Bilbon izango diren kirol-ekitaldiei begira, eta bai partiden aurreko uneetan bai ondoren jende asko bilduko dela aurreikusita, Ertzaintzatik material piroteknikoa, bereziki bengalak, erabiltzeak dakartzan arriskuez ohartarazten dute.

Aste honetan eta datorrenean Donostian eta Bilbon jokatuko diren futbol-partidak direla eta, Ertzaintzak herritarrei gogorarazten die jende asko biltzen duten ekitaldietan material piroteknikoa, bereziki bengalak, erabiltzeak arrisku larriak eragin ditzakeela artefaktu horiek erabiltzen dituzten pertsonen eta ingurukoen osasunean eta segurtasunean, hala nola, erredurak, begietako eta entzumeneko lesioak edo sortzen duten kearen ondorio toxikoak.

Gomendio horiek Europar Batasuneko Kontseiluaren txosten batean jasotzen dira. Txosten horretan estatu kideei eskatzen zaie kirol-estadioetan material piroteknikoaren erabilera prebenitzeko estrategiak garatzea.

Bengalak eta bestelako material piroteknikoak erabiltzea ohikoa da kirol-taldeei egiten zaizkien harreretan. Taldeen jarraitzaile asko biltzen dira autobusak eta polizia-segizioa igarotzen direnean, eta, lehen aipatutako arriskuez gainera, pertsonen segurtasunerako beste arrisku-egoera batzuk ere gerta litezke, besteak beste harrapatzeak, ibilgailuen gidarien ikuspenari ere eragiten baitiote egoera horiek.

Ertzaintzatik gogoratzen dute kirol arloan indarkeriaren, arrazakeriaren, xenofobiaren eta intolerantziaren aurkako legeak debekatu egiten duela kirol-esparruetan eta horien inguruan bengalak sartzea, eramatea edo erabiltzea, eta bide publikoan horiek erabiltzea ere zehatu daiteke Herritarren Segurtasuna Babesteko Legea ezarriz, arau-hauste penalak izan ezean.