Lehendakaria gaur goizean Oliten izan den Akitania Berria / Euskadi / Nafarroa Euroeskualdearen Batzarrera bertaratu da, eta bertan Europa batzearen alde mintzatu da, Europan bakea, askatasuna eta ongizatearen estatua eta oparotasuna nagusitzen jarraitzeko; azken batean, Europa “bere baitan aniztasuna hartzen duen gune segurua” izan dadin. Iñigo Urkullu Lehendakaria Arantxa Tapia, Jokin Bildarratz eta Javier Hurtado Sailburuekin batera bertaratu da Olitera. Bileran, Alain Rousset Akitania Berriko Presidenteak María Chivite Nafarroako Presidenteari eskualdatu dio Euroeskualdearen “makila”, eta 2026ra arte Nafarroak izango du Euroeskualdearen presidentzia.
Bere agerraldian, populismoa, demagogia edo autoritarismoa indartzen ari direla eta arduratuta dagoela adierazi du Lehendakariak, era berean, Lehendakariarentzat nazioarteko liskarren aurrean, Europar Batasunaren “gaitasun falta” kezkagarriak dira, bai eta migrazio politikak “gogortu izana” ere; ildo beretik, Lehendakariak nolako Europa nahi dugun galdetu dio bere buruari.
Zentzu horretan, lankidetzan eta adostasunean Euroeskualdea eredugarria dela nabarmendu du Iñigo Urkulluk; “partekatutako proiektu baten inguruko indar metaketa” den heinean.
“Harreman-sareak josten eta gure gaitasunak garatzen jarraitu behar dugu, une honetan, Makroeskualde Atlantikoa instituzionalizatzea lortzeko. Eta lortuko dugu”− adierazi du, eta bukatzeko, azken urteotan, hiru gobernuetako –Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroa– pertsonek egindako lana aintzat hartu eta eskertu du.
Jorratutako gaiak
Batzar Orokorrean, zeina hiru lurraldeetako 18 ordezkarik osatua den, 2023ko jardueren txostena aurkeztu da, bai eta aurtengo ekitaldirako aurrekontu-orientabideak ere. Bestalde, 2024ko Akitania Berria Euskadi Nafarroa proiektu-deialdiaren esparrua onartu da, eta, Foru Gobernuaren berrantolaketak eraginda, Batzarreko kideen berritzea baietsi.
2023ko jardueren txostenari dagokionez, Batzarrak herritarrengandik gertuago egon izanaren esfortzua aintzatetsi du, 27 proiektu berri, 7 lankidetza eta ikasleei zuzenduriko 93 mugikortasun-beka diruz lagundu dira-eta. 2021-2027 Plan Estrategikoaren garapenak aurrera egin du, lurralde-dinamizazioaren sustapenak eta POCTEFA 2021-2027 programaren Mendebaldeko Eremu Funtzionalaren koordinazioak halatsu egin bezala, zeinak Euroeskualdeko lurraldeengan zuzeneko eragina duen.
2024rako proiektu-deialdiei dagokienez, aurten 900.000 euroko aurrekontua mantenduko da, eta bi norabidetan banatuko da. Lehen proiektu-deialdiak, gaurko jardunaldian adostua, 500.000 euroko zuzkidura izango du, eta “Euroeskualdeko Hiritartasuna”-ri dagozkion proiektuak garatuko ditu, alegia, kulturan, eleaniztasunean, hezkuntzan, gazterian, kirolean eta erronka sozial garaikideetan ardazturikoak. 2024ko bigarren seihilekoan onartuko da bigarren proiektu-deialdia, “Euroeskualdeko Berrikuntza”-ra bideratua, 400.000 euroko zuzkidura izango duena, eta hiru lurraldeen S4 espezializazio adimentsuaren estrategiak ezarritako sektoreetara zedarrituko da.
Halaber, Euroeskualdeak lankidetza estrategikoak sustengatzen jarraituko du, 300.000 euroko ekarpenaren bitartez, mugaz gaindi existitzen diren ekonomia-, kultur, hezkuntza- eta kirol-esparruetan aliantza berriak indartzea helburu. Horrez gain, aurten Euroeskualdeko bekaren edizio berri bat aurreikusten da, 60.000 euroko aurrekontua izango duena, hiru lurraldeetako gradu-, master- eta doktoretza-ikasleen mugikortasun akademikoa sustatzea xede, gertuko nazioartekotze mugikortasun-egitasmoaren atal gisa.
Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdea hiru lurraldeen mugaz gaindiko, tokiko eta Europako garapena sustatzen duen lankidetza erraminta da. 101.678 km²-ko lurralde bateratu horretan 8,7 milioi pertsona bizi dira. Talde hau 2011n sortua da, LLET Lurralde Lankidetzarako Europar Taldea osatzea xede duen Akitania Berriaren eta Euskadiren arteko akordioaren bitartez, zeinarekin Nafarroak bat egin zuen 2017an.