Desgaitasun intelektuala duten 154 pertsonek enplegu publikoko 6 plaza betetzeko Eusko Jaurlaritzaren hautaketa prozesuaren probak hasi dituzte

0
PRUEBA

Desgaitasun intelektuala duten 154 pertsonek gaur hasi dute Eusko Jaurlaritzaren  hautaketa prozesua enplegu publikoko sei lanpostu betetzeko. Hautagaiek astearte honetan egin dute deialdiko bi probetako lehena, Gasteizko Europa Jauregian.

Enplegu publikoa lortzeko hautaketa prozesuetan bete beharreko baldintza orokorrak betetzen dituzten eta %33ko edo gehiagoko desgaitasun intelektuala aitortuta duten pertsonek parte hartu dute proban. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari atxikitako Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) egin du proben antolaketa eta kudeaketa.

Izangaiek test moduko azterketa bat egin dute, garatutako eta argitaratutako gai-zerrendaren zati orokorrari dagokiona. Hilaren amaieran bigarren azterketa bat egingo dute, gai-zerrendaren zati espezifikoari dagokiona, eta hori ere test motakoa izango da.

Ordenantza plazak karrerako funtzionarioenak dira, eta sukaldeko laguntzailearenak lan-kategoria finkoa izango du. Plaza guztiak Administrazio Orokorrean esleitu eta integratuko dira.

Enplegu publikoa lortzeko prozesu honetan beteko diren plazak Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak bere lanpostu zerrendetan berariaz gorde dituenak dira, desgaitasun intelektuala duten pertsonek bete ditzaten.

Azterketak gainditu dituzten baina plaza lortzen ez duten pertsonak berariazko lan poltsetan sartuko dira. Poltsa horiek hautaketa prozesua amaitutakoan sortuko dira, eta lanpostuak aldi baterako betetzeko balioko dute, beharrezkoa denean.

Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legeak ezarritakoaren ildotik, Eusko Jaurlaritzak lan eskaintza publiko hau egiten du, desgaitasun intelektuala duten pertsonak lan munduan eta, kasu honetan, administrazio publikoan erabat integratzeko urrats eraginkor gisa.