Zirkulazioaren bi noranzkoetan izango du eragina 10:30etik 14:00etara
Bihar, osteguna, traktore-kontzentrazio bat egitea aurreikusten da A-8 autobidearen mugan, Behobian, eta horrek eragin zuzena izango du bi noranzkoetako trafikoan 10:30etik 14:00etara bitartean. Hori dela eta, elkarretaratzeak irauten duen bitartean, Eusko Jaurlaritzak gomendatzen du:
- Ez zirkulatzea A-8tik Frantziarako noranzkoan.
- Inguruan zirkulatu behar izanez gero, ordezko bideak erabiltzea: N-636, N-121 A (ñabardura batzuekin), GI20, eta abar. Inola ere ez erabili Frantziarako noranzkoko bide lasterra. Kontuan izan behar da traktore-ilara bat Nafarroatik mugaraino joango dela, eta, elkarretaratzea amaitzen denean, berriz jatorrira itzuliko direla. Horrek eragina izango du N-121 A errepideko trafikoan elkarretaratzearen joan-etorriko ibilbidean.
- Muga inguruko eskualdeei eragin diezaieke: Bidasoaldea, Oarsoaldea, Donostialdea eta Bortziria.
Bidegiko langileek eta Ertzaintzaren Gipuzkoako Trafikoko Lurralde Unitateko agenteek zainduko dute zirkulazioa eta segurtasun-neurriak hartuko dituzte eraginak ahalik eta txikienak izan daitezen.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak informazioa emango du mezu aldakorreko panelen, www.trafikoa.euskadi.eus web-orriaren, @trafikoaEJGV Twitter kontuaren eta 011 telefono-zenbakiaren (24 orduz erabilgarri dagoena) bidez. Jaurlaritzak biziki gomendatzen du 10:30etik 14:00etara bitartean inguru horretan ez zirkulatzea, eta, ezinbestekoa izanez gero, arreta berezia eskaintzea Ertzaintzako eta Udaltzaingoko agenteen jarraibideei.