Eusko Jaurlaritzak ezabatu egin du hauteskundeetako materialetako eta agirietako hizkuntzaren erabilera sexista

0
PRUEBA

Genero-ikuspegia aplikatuz berrikusi dira, androzentrismoa eta genero-rol tradizionalak betikotzen ari ziren esamolde desegokiak detektatu eta zuzentzeko

Eusko Jaurlaritzak emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde egin nahi du hauteskunde-hizkuntzaren bidez ere. Hori dela eta, genero-ikuspegitik berrikusi ditu hauteskunde-aldi honetan erabiliko diren materialetako eta agirietako testu guztiak: eskuliburuak, boto-paperak, gutun-azalak, inprimakiak, spotak, iragarkiak, bideoak, etab.

Berrikuspen horrek esamolde desegokiak, androzentrikoak eta genero-rol tradizionalak betikotzen ari zirenak detektatu eta zuzentzeko aukera eman du. Hizkuntzaren erabilera sexista hizkuntza neutro eta inklusiboarekin ordezkatu da, eta datorren apirilaren 21eko hauteskundeetan, beraz, Eusko Jaurlaritzak herritarren eskura jartzen duen material guztiak errespetatu egingo du administrazio publikoek hizkuntza zuzentasunez erabiltzeko duten betebeharra. Betebehar horrek, lege mailara 2005eko EAEko lehenengo berdintasunerako legeaz geroztik igo zenak, komunikazioan estereotipo matxistak ezabatzea eta, horrekin batera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egitea ahalbidetzen du.

Eusko Jaurlaritzako hauteskunde-prozesuen zerbitzuko profesionaletako batek, Olalla Marañón Martínek, azaldu duen bezala, hauteskunde-hizkuntza ez-sexista erabiltzeak demokrazia inklusibo eta ordezkatzailean aurrera egiten laguntzen du.