Zarauzko Munoa plazan prestaturiko karpak hartu du gaur, martxoak 6, Urola Kosta eta Urola Erdiko Lanbide Heziketa eta Enpleguko lehen azoka, Zatoz! Azoka.
Bi eskualde horietako Lanbide Heziketako ikastetxeek eta Garapen-agentziek antolatu dute azoka, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera. Azokaren helburua da eskualde horietako Lanbide Heziketako eskaintza, enplegurako prestakuntzarako eskaintza eta enplegu-aukerak ezagutaraztea. Ekimenak Zarauzko Udalaren babesa ere badu, azoka garatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eskaini baititu.
Urola Erdiko eta Urola Kostako DBH eta Batxilergoko ikasleek ere hartu dute parte ekimenean. Horretarako, ikastetxeekin koordinazio-lanak egin dira, goizean zehar azokara txandaka joan daitezen. Hala, Azkoitia, Azpeitia, Orio, Zarautz eta Zumaiako 14 ikastetxetako 900 gazte inguru igaro dira goizean zehar bertatik. Arratsaldean berriz, azoka herritar guztientzat egon da zabalik, eta, beraz, lanik gabe dauden pertsonentzat, lana dutenentzat edo informazio gehiago lortu nahi dutenentzat (gazte, heldu zein guraso) egon da zabalik.
Informazio-standez gain, goizeko programazioa hiru solasaldirekin osatu da. Horietako bakoitzean Lanbide Heziketako ikastetxeetako zuzendaritzako kideek, ikaslek eta eskualdeko enpresetako ordezkariek hartu dute parte. Beren ikuspuntua azaldu dute, eta Lanbide Heziketako egungo egoeraren eta joeren berri eman dute. Era berean, azokan bertan etengabeko prestakuntzarako aholkularitza ere jaso ahal izan da.