Ertzaintzak Carlos Díaz Arcocha, ETAk 1985ean Gasteizen hil zuen superintendentea, gogoratu du

0
PRUEBA

Ertzaintzak ETAk orain dela 39 urte hil zuen Carlos Díaz Arcocha gogoratzeko ekitaldia egin du gaur eguerdian. Omenaldia Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian egin da, atentatu terroristetan hildako ertzainak gogoratzen dituen monolitoaren ondoan.

Andrés Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendariak, Malentxo Arruabarrena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Administrazio eta Zerbitzuetako zuzendariak, Josu Bujanda Ertzaintzaren buruak eta Herritarren Babeseko, Ikerketa Kriminaleko, Inteligentzia Bulego Nagusiko eta Arabako Lurralde Ataletako buruek, agenteek eta lankideek omenaldi hunkigarria egin diote gaur, osteguna, Carlos Díaz Arcochari. Ertzaina omentzeko ekitaldia Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian egin da, atentatu terroristetan hildako ertzainak oroitzeko monolitoaren ondoan. Bertan lore-eskaintza egin dute eta minutu bateko isilunea egin dute familiartekoak ere bertan zirela.

Carlos Díaz Arcocha Ertzaintzako superintendentea 1985eko martxoaren 7an, 52 urte zituela, hil zuen ETAk Gasteizen, bere autoaren azpian itsatsitako bonba batekin.

Oroimen-ekitaldia Ertzaintzaren unitate eta polizia-zentro guztietan ere egin dute gaur eguerdian, eta minutu bateko isilunea egin dute hildako ertzainaren oroimenez.

15 agente hil zituen ETAk

Ertzaintzako 15 agente hil zituen ETAk 1985etik 2001era bitartean:

  1. Carlos Díaz Arcocha (1985).
  2. Genaro García de Andoain Larrinaga (1986).
  3. Juan José Pacheco Cano (1988).
  4. Luis Hortelano García (1989).
  5. Alfonso Mentxaka Lejona (1991).
  6. Joseba Goikoetxea Asla (1993).
  7. José Luis González Villanueva (1995).
  8. Iñaki Mendiluze Etxeberria (1995).
  9. Ramón Doral Trabadelo (1996).
  10. José María Aguirre Larraona (1997).
  11. Jorge Díez Elorza (2000).
  12. Mikel Uribe Aurkia (2001).
  13. Iñaki Totorika Vega (2001).
  14. Javier Mijangos Martínez de Bujo (2001).
  15. Ana Isabel Arostegui Legarreta (2001).