Düsseldorfen ProWein 2024 azoka egiten ari dira atzotik, Europako ardo eta edari alkoholdunen nazioarteko topaketa garrantzitsuena mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorearentzat. Azoka horren erakusketarien artean, munduko ardoak ekoizten dituzten enpresa nagusiak daude.
Aurten azokaren 30. edizioa izango da, eta Euskaditik 27 euskal upategik hartuko dute parte, Euskadi – Basque Country – Basque Wine markaren pean, 290 m2-ko stand batean. Arabako Errioxako 16 upategi, Getariako Txakolinaren 6 upategi, Arabako Txakolinaren 2 upategi, Bizkaiko Txakolinaren upategi bat, artisau-enpresa destilatzaile bat eta premium edarien banatzaile bat dira.
Euskal enpresa horien partaidetza bateratua Eusko Jaurlaritzaren eta HAZIren bidez egiten da, eta Euskadiko Elikagaien Industria Sustatzeko Planaren ekintzen barruan kokatzen da, Euskadiko edariak nazioarteko merkatuetan sustatzeko.
Gaur goizean, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek eta Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendari Raúl Perezek ProWein 2024 programan parte hartzen duten euskal upategi eta enpresak bisitatu dituzte.
Edizio honetan, Euskadi Basque Country markaren pean erakusgai jartzen dituzten upategi eta enpresez gain, beste 16 euskal upategik ere parte hartzen dute Alemaniako azokan, beren stand propioarekin.
Euskadiko ardoen esportazioak
Alemania izan zen iaz Euskadiko ardoen esportazioen laugarren helmuga, bai balioari dagokionez (14,8 milioi euro), bai bolumenari dagokionez (2,1 milioi litro).
Euskal ardoak munduko 108 merkatutara esportatu ziren guztira, 5 kontinenteetan. Estatu Batuek lehen merkatu gisa errepikatu dute balioari dagokionez, batez bestekoa baino askoz prezio altuagoan, nahiz eta hango salmentak jaitsi egin diren 2022 urte bikainarekin alderatuta. Erresuma Batuak oso gertutik jarraitzen dio Ipar Amerikako herrialdeari. Bertan, Arabako ardoaren salmenten martxa ona nabarmentzen da, eta merkatu britainiarra da lehena bolumenari dagokionez. Belgika, Herbehereak eta Alemania ere asko igo dira. Mexiko eta Frantzia oso erritmo onean hazi dira balioan.
Ontziratutako izen deiturako ardoak euskal esportazioen motorra izaten jarraitzen du, bolumenaren % 60 eta fakturazioaren % 85 baino gehiagorekin. Guztira, Euskadik 36 milioi litro esportatu zituen 2023an, 182,6 milioi euroko balioarekin, eta batez beste igotzen jarraitu zuen, litroko 5,06 €-ra iritsi arte.
ProWein, nazioarteko erakusleihoa
ProWein Düsseldorf mundu osoko ekoizpen- eta banaketa-enpresekin merkataritza-harremanak ezartzeko Europako topagunerik onena da.
Azoka publiko profesionalari zuzenduta dago soilik, eta bertaratzen diren bisitariak banaketa-kanalen erosle adituak dira (handizkariak, hotelen industria, cateringa, txikizkari espezializatuak, inportatzaileak, kate handiak, etab.).
Mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreko joerak eta berrikuntzak ProWein 2024 azokan daude, erakustaldi berezien, mintegien eta eskola magistralen bidez. Iaz, azokak 62 herrialdetako 6.000 enpresa erakusketari izan zituen, eta 141 herrialdetatik etorritako 49.000 profesionalen bisita jaso zuen.
Euskadi Basque Country – Basque Wine erakustokian parte hartu duten enpresak
Arabako Errioxako upeltegiak
BODEGAS ALTÚN SL
ARANZABELA
BODEGA 202 SLU
SDAD. COOP. VINÍCOLA LAPUEBLA DE LABARCA
BODEGAS L. CASADO, S.L.
BODEGAS MURIEL SL
BODEGAS MEDRANO IRAZU S.L.
BODEGAS LARCHAGO
BODEGAS GARCIA DE OLANO S.L.
BODEGAS OSTATU S.L
BODEGAS Y VIÑEDOS PUJANZA, S.L.U.
SEÑORÍO DE ARANA, S.A.
SIERRA DE TOLOÑO SLU
UKAN WINERY S.A.
BODEGAS VALDEMAR, S.A.
VIÑEDOS Y BODEGAS DE LA MARQUESA SL
Getariako Txakolina
BLAI & BLAI TXAKOLINA
GAINTZA TXAKOLINA
HIKA BODEGA
HIRUZTA TXAKOLINA
TXAKOLI ZUDUGARAI
TXOMIN ETXANIZ
Arabako Txakolina
ASTOBIZA BODEGA
BODEGA BAT GARA
Bizkaiko Txakolina
BODEGAS VIRGEN DE LOREA
Destilatuak
BASQUE MOONSHINERS
LASIL EXCLUSIVE BRANDS