Gobernu Kontseiluak oniritzia eman du Eusko Jaurlaritzak eta AZTI Fundazioak arlo ozeano-meteorologikoan lankidetza-hitzarmena sinatzeko

0
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman du gaur Eusko Jaurlaritzak, Segurtasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren bidez, eta AZTI Fundazioak elementu ozeano-meteorologikoen kudeaketan lankidetza-hitzarmena sinatzeko.

Hitzarmena sinatuta, AZTI Fundazioak LAEMZekin informazioa trukatzeko eta Euskadiko sare ozeano-meteorologikoa behar bezala funtzionatzen eta egoera onean mantentzeko konpromisoa hartzen du. Sare hori osatzen dute hiru plataforma ozeano-meteorologikok, ur sakonetako buia ozeano-meteorologiko batek, tarteko uretako beste batek, kostaldeko radar-sare batek, mareografo-sistemak eta, azkenik, kostaldeko hainbat bideometria-sistemak.

Alde horretatik, bai Eusko Jaurlaritzak bai AZTI Fundazioak hainbat sentsorizazio dituzte instalatuta, eta azterlanak eta ikerketak sortu dituzte, bai eta itsasoaren ezagutza eta atmosferarekin eta gizartearekin duen harremana hobetzeko sistemak ere. Adibide ugari daude, hala nola: itsas prozesuak denbora errealean monitorizatzeko hainbat sistemaren inplementazioa eta itsasoaren etorkizuneko portaerari eta horrek gizartearen eta itsas ekonomiaren jarduera-sektore guztietan segurtasunarekin duen erlazioari buruzko aurreikuspenak izateko aukera ematen duten aplikazio numerikoak.

Segurtasun Sailak urtean 195.000 euro bideratuko ditu Hitzarmen horretan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko. Bestalde, dirulaguntza nominatibo bera aurreikusten da 2025eko ekitaldi ekonomikorako.