Gobernu Kontseiluak gaur onartu ditu kontziliaziorako laguntzak eta seme-alabak hazi eta mantentzeko laguntzak arautzen dituzten aginduak. Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eskatuta egin du.
Familia eta lana kontziliatzeko laguntzen hartzaileak hauek dira:
- Lanerako eszedentzian dauden langileak, urtebetetik beherako adingabea jaiotzeagatik eta zaintzeagatik ordaindu beharreko prestazioak parekatzeko.
- 3 urtetik beherakoak zaintzeko lan-eszedentzian edo 12 urtetik beherakoak zaintzeko lanaldi-murrizketarekin dauden langileak.
- Mendetasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzian edo lanaldi-murrizketan dauden langileak.
- Eta 3 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeagatik laguntza eskatzen duten familiak.
Kontziliazio laguntza horiek eskubide subjektiboak dira, eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, 2024an, 27,89 milioi euro erabiliko ditu eskaerei erantzuteko.
Zehazki, banaketa honela izango da:
- Adingabeak zaintzeko eszedentzia eta lanaldi murrizketa: 26.124.000 euro.
- Laguntza behar duten senitartekoak edo osasun egoera larrian daudenak zaintzeko eszedentzia eta lanaldi murrizketa: 1.325.000 euro.
- Baimenak berdintzeko eszedentziarako laguntza (guraso bakarreko familiak): 390.000 euro.
- Seme-alabak zaintzeko kontrataziorako laguntza: 2.000.000 euro.
2023an:
- 150 pertsonak jaso zituzten lanaldia murrizteko edo eszedentzia hartzeko laguntzak. Jasotako prestazioen batez besteko zenbatekoa 1.144 eurokoa izan zen 22,5 milioi euro bideratuz.
- 200 pertsonak jaso zituzten laguntza behar duten edo egoera larrian dauden senitartekoak zaintzeko laguntzak, eta, batez beste, 1.248 euroko laguntza jaso zuten. Guztira, 400.000 euro baino gehiago bideratu ziren.
- Baimenak parekatzeko laguntzari dagokionez, 43 pertsona onuradun izan ziren, guraso bakarreko familientzat soilik, eta, batez beste, 4.590 euroko laguntza jaso zuten; guztira, 200.000 euro baino zertxobait gutxiago bideratu ziren.
- Seme-alabak zaintzeko pertsonak kontratatzeko, Euskadiko 834 familiak 911 euroko laguntza jaso zuten batez beste, hau da, milioi bat euro baino gehiago inbertsioan.
Gainera, gogoratu behar da 2024an Melgosak zuzentzen duen sailak laguntza-dekretu berri bat garatzea aurreikusi duela, jaiotzagatiko eta adingabeak zaintzeagatiko prestazioa 18 astera luzatzeko. Horretarako 100.000 euroko partida bat gorde du.
Hazkuntzarako laguntzak
Bestalde, Jaurlaritzaren Kontseiluak Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak sustatutako eta orain urtebete indarrean jarritako seme-alabak hazteko eta mantentzeko hileko laguntzak arautzen dituen agindua ere gaitu du.
Hilean 200 euro ordainduko zaizkie adingabea jaiotzen denetik hiru urte bete arte. Eta hilean 100 eurorekin luzatuko da adingabeak zazpi urte bete arte hirugarren seme-alaben eta ondorengoen kasuan (familia ugariak). Gainera, laguntza sortzen duen seme-alabak % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna edo mendetasun-egoera aitortuta badu, aurreikusitako laguntzak bikoiztu egingo dira.
Azpimarratu behar da, hileko laguntza jasotzeaz gain, erditze anizkoitzek eta adopzio anitzek aparteko laguntza jaso ahal izango dutela. Ordainketa bakarreko laguntza da. Laguntzaren zenbatekoa erditze edo adopzio multipleko seme-alaba kopuruaren eta familiaren errenta estandarizatuaren arabera finkatuko da.
Guztira, familia-politiken ardura duen sailak 127,7 milioi euroko aurrekontua du laguntza horiei aurre egiteko.
57.000 eskaera baino gehiago onartu dira. Zehazki, 65.000 eskaeratik 57.069.
Emandako laguntzen tipologiari dagokionez, %84,51 0tik 3 urtera bitarteko seme-alabak dituzten familientzako laguntzak dira.
%14,79, 3 eta 7 urte bitarteko hirugarren edo hurrengo seme-alabentzat, 9.614 guztira.
456,% 0,70, ezgaitasuna duten haurrei; 680 espediente, berriz, erditze anitzei dagozkie.