Osasun Sailak farmazia-prestaziorako beste itun bat sinatu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako farmazialarien elkargo ofizialekin

0
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio Osasun Sailak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialek farmazia-prestazioaren eta osasun-lankidetzaren arloko beste itun bat sinatzeari.

Itun berrian finkatzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan legez ezarritako farmazia-bulegoak zer baldintzatan arituko diren Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin maila profesionalean elkarlanean, batik bat Osasun Sistema Nazionalaren farmazia-prestazioan dauden sendagaiak, osasun-produktuak eta produktu dietetikoak banatzeko garaian.

Osasun Sailaren 2021-2024ko Esparru Estrategikoan, sinatzaileek konpromisoa hartzen dute farmazia-bulegoek osasun-agente gisa Euskadiko Osasun Sisteman duten integrazioa finkatzeko eta handitzeko, betiere komunitateari zuzendutako zerbitzugintzaren bidez —sendagaien erabilerari, osasunaren prebentzioari eta sustapenari dagokienez— eta farmazia-arretako programen garapenaren bidez, gainerako asistentzia-mailekin eta gizarte-zerbitzuekin koordinatuta.

Itun honen bidez baimenduko da, era berean, Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko pazienteen farmazia-prestaziorako ordaindu beharreko gastua. Aurrekontua 566,8 milioi eurokoa da, 283,8 M/€-ko zenbatekoa 2023an tramitatu zen, eta 2024rako 283 M/€ geratu dira.

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialetako presidenteek eta AFARE-EUSFARE Euskal Autonomia Erkidegoko farmazialarien patronalaren, Gipuzkoako Farmazia Bulegoen Enpresaburuen Elkartearen (AGEOFAR) eta Bizkaiko Farmazia Bulegoen Enpresaburuen Elkartearen (PROFARBI) ordezkariek sinatuko dute 4 urteko iraupena izango duen itun hau. Ituna beste 4 urtez luzatu ahal izango da.

Aurreko ituna 2006koa zen, eta azken urteotan eguneratu eta aldatu egin da, farmazia-prestazioaren arloan gertatu diren aldaketak direla eta. Une honetan, behar-beharrezkoa zen ituna erabat eguneratzea maila funtzionalean, indarrean dagoen araudiaren mailan, kontratu-mailan eta farmazia-prestazioaren mailan.

Aldi horretan, hauek izan dira berrikuntza nagusiak: 2013. urtean Errezeta Elektronikoa ezarri zen; 2018. urtean Estatuko autonomia-erkidegoen arteko elkarreragingarritasuna ezarri zen; 2022. urtean Europako elkarreragingarritasuna; eta 2023ko ekainaz geroztik Euskal Autonomia Erkidegoko farmazia guztietan martxan dago Osasun Txartel digitala.