‘Inklusioaren bidea saretzen’ nazioarteko kongresua ospatuko da UPV/EHUn

0
Argazkia: UPV/EHU
PRUEBA

Martxoaren 14 eta 15ean Inklusioaren bidea saretzen: eskola+komunitatea+ikerkuntza lelopean Nazioarteko Kongresua burutuko da Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologiako Fakultatearen areto nagusian, Donostian, UPV/EHUko Inkluni ikerketa taldeak eta RUEI hezkuntza inklusiboaren Unibertsitate sareak antolatuta. Donostian ospatuko den kongresu honek XIX. edizioa du aurtengoa Nazioarteko Kongresu gisa eta XXXIX. edizioa Unibertsitate eta hezkuntza inklusiboaren Jardunaldia bezala.

Inkluni Taldeak burutzen duen lanaren ingurumarian, estatu mailako zein nazioarteko beste hainbat unibertsitaterekin eraiki dituzten lankidetzak azpimarratu behar dira. Nazioartean inklusioaren eremuan lehen mailako irakasle eta ikertzaileak izango dira Euskal Herriko Unibertsitatean eta aukera ezin hobea da inklusioaren inguruan gogoeta egiteko, gai honen inguruan dauden beste egitasmoak ezagutu eta partekatzeko eta gizarte moduan inklusioa eta ekitatearen inguruan diren erronkak finkatzeko. Tartean aipagarriak dira Kiriaky Messiou (Southamton Unibertsitatetik), Mel Ainscow (Manchesterreko Unibertsitateko irakaslea) edota Gerardo Echeita (Madrilgo Unibertsitate Autonomotik), Ignacio Calderon (Malagako Unibertsitatekoaren ordezkari) edota Carmen Alba (Madrilgo Unibertsitate Konplutensetik), besteak beste. UPV/EHUtik ere ordezkaritza izango da aipatu kongresuan, esaterako, Zuriñe Gaintza eta Koldobika Teleria.

Bi egun non, inklusioari begirada eta ertz askotatik heltzeko parada hartuta lau oinarriren inguruan burutuko den gogoeta: eskola inklusiboa, metodologia inklusiboak, inklusio sozio komunitarioa eta sareen eraikitzea. Beti ere, inklusioaren norabidean urratsak finkatu eta pausu berriak ematea da xedea. “Nabarmena da, gero eta gizarte errealitate askotarikoagoan bizi garen neurrian, inklusioan oinarritutako praktika eta prozesuak abiatzea eta horiek iraunkorrak izatea ezinbestekoa dela, norbanako guztien presentzia, parte hartzea eta ikaskuntza bermatzeko. Bistan da, ardura horrek ezin du soilik eskolaren esku geratu, zentzu honetan, ikerkuntzaren garrantzia azpimarratzekoa da arlo honetan ere”, diote antolatzaileek.

Kongresua indartsu dator 375 izen emate esku artean dituztelarik. Komunikazio zientifiko oso interesgarriak jasota, antolakuntza aldetik ere, kongresu honen inguruan interesa sumatu dute hasieratik eta zentzu horretan oso eskertuta daude kongresu hau lagundu duten eragile guztiekin: ONCE Fundazioa, Convention Bureau, Sistac eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) bera, besteen artean.

Bi egunetan zehar, hamarnaka komunikazio eta eztabaida mahai, guztietan inklusioaren eremuan urrats eraginkorrak ematea helburu, ekitatea eta justizia sozialaren bidetik. Modu berean kongresuak baditu aipatzekoak diren bestelako proposamenak ere, Ezezagunok  antzerki inklusiboa, Red Arteria edota Mindara bezalako elkarteek hezkuntza ez formalaren eremuan egiten duten lana erakutsiko dute. Aipatzekoa baita ere, inklusioaren inguruan ikertzen ari diren ikertzaile eta doktore gai hasi berrien bilkura, hezkuntza museora txangoa, besteen artean. Kongresuaren inguruko xehetasun guztiak: www.inkluni.eus-n eskuragarri daude.

*Horiek horrela, martxoaren 14ean, 11:30etan, Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologiako Fakultatearen areto nagusian, Donostian, Inkluni ikerketa taldeko kide eta antolatzaileok, prentsaren aurrean agerraldira eskainiko dute.

Informazioa Inkluni ikerketa taldearen inguruan: https://www.ehu.eus/es/web/inkluni

Kongresuaren inguruko jarraipena egiteko web orria: www.inkluni.eus