Giltzurrunaren Mundu Eguna. 2024ko martxoaren 14a
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak aditzera eman du euskal gizartearen elkartasunari esker izan dela posible hori, bereziki emaileei eta haien senideei, talde profesionalen lanari eta pazienteen elkarteen zereginari esker
Euskadin giltzurruneko lehen transplantea egin zenetik (Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, 1979ko uztailaren 6an), 4.800 pertsonari egin zaie giltzurruneko transplantea Euskal Autonomia Erkidegoan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, bihar Giltzurrunaren Mundu Eguna dela eta, ezagutarazi dituen datuak dira horiek.
Kopuru horretatik, Gurutzetako Ospitaleak, penintsulako iparralde osorako giltzurruneko transplante pediatrikoen erreferentzia-zentroak, 1994. urteaz geroztik, guztira 201 transplante egin dizkie pediatria-adineko pertsonei. Zehazki: Euskadiko 91ri; Nafarroako 16ri; Gaztela eta Leongo 20ri; Galiziako 25i; Asturiasko 19ri; Kantabriako 19ri; Errioxako 7ri; eta Aragoiko 4ri.
Osasun Sailak adierazi duenez, hori guztia euskal gizartearen elkartasunari esker egin ahal izan da, eta bereziki emaileen eta haien senideen eskuzabaltasunari esker. Euskadin, hildako pertsonen 10 familiatik 9 dira organoak ematearen aldekoak. 2006. urteaz geroztik, berriz, gure herrian abian dago emaile biziaren giltzurruneko transplanterako programa. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoan, 2023an, 57 organo- eta ehun-emaile izan ziren milioi bat biztanleko, nazioarteko daturik altuenetako bat. 2000. urteaz geroztik, urteko eta milioi biztanleko 40 emailetik gorako batez besteko tasa duen lurralde bakarra da (Osasunaren Mundu Erakundeak egokitzat jotzen duen kopurua); azken hamarkadan, milioi bat biztanleko batez beste 56,8 emaile izan dira.
Sailak berak nabarmentzen duenez, elkartasun hori antzua izango zen programa hau babesten duten profesional guztien lan bikainik gabe, bai Osakidetzako osasun-arloko profesionalena (ospitalekoak eta Lehen Mailako Arretakoak), bai osasun-arloaz kanpoko profesionalena (epailetza, auzitegiko medikuak, organoak garraiatzeko ekipoak, osasun-zerbitzuko kideak garraiatzeko ekipoak, epaitegi eta aireportuetako langileak, SOS DEIAK, Ertzaintza eta abar). Horiei guztiei esker, paziente/injerto biziraupen-emaitza handiak lortu dira, ospe handieneko munduko zentroen pareko emaitzak.
Ez dugu ahaztu behar, jakina, arlo horretako gaixoen elkarteek gizarte kontzientziazioaren arloan egiten duten funtsezko zeregina.