Miren Elgarresta, Emakundeko zuzendaria buru duen erakundearen ordezkaritza bat, Estatu Batuetan dago Emakumearen Egoera Juridiko eta Sozialaren Batzordearen (CSW68) bilkuran parte hartzen. Batzorde hori genero-berdintasunari eta emakumeen ahalduntzeari buruzko Nazio Batuen urteko bilerarik handiena da eta New Yorkeko NBen egoitza nagusian ospatzen da. Edizio honetako lehentasunezko gaia honako hau izan da: «Emakume eta neska guztien genero-berdintasunaren eta ahalduntzearen lorpena bizkortzea, pobreziari helduz eta erakundeak eta finantzaketa genero-ikuspegitik indartuz».
Emakumearen Egoera Juridiko eta Sozialaren Batzordea (CSW) gobernuen arteko nazioarteko organo nagusia da, eta genero-berdintasuna eta emakumearen ahalduntzea sustatzen ditu. CSWk funtsezko lana egiten du emakumeen eskubideak sustatzeko, emakumeek mundu osoan bizi duten errealitatea dokumentatuz, genero-berdintasunaren eta emakumeen ahalduntzearen arloko nazioarteko arauak landuz.
Emakundeko zuzendariak tokiko lidergo feminista indartzeko aliantzei buruzko elkarrizketa batean parte hartuko du gaur munduko beste eskualde batzuetako ordezkariekin, tokiko eta eskualdeko gobernuei eskainitako jardunaldi batean, NBEren New Yorkeko egoitzan bertan.
Euskal ordezkaritza hainbat bilera izaten ari da berdintasun alorreko nazioarteko erakunde garrantzitsuenetik (NB Emakumeak eta UNFPA, besteak beste), berdintasunaren arloko esperientziak trukatzeko.
Testuinguru horretan, bilera bat egin da Global Alliance for Care-rekin, Euskadi zainketen aldeko aliantza globalean sartzeko prozesua ofizialtzeko. Euskadiko ordezkariek Equimundo Maskulinitate eta Justizia Sozialerako Zentroarekin harremanetan jartzeko aukera ere izan dute. Zentro horretan Emakunderen Gizonduz programaren ekimenak partekatu dira.
Gaur NBE Emakumeak erakundearen ordezkaritza batekin bilera bat egitea ere aurreikusi da, Euskadik Generation Equality-ren kontu-ematean parte har dezan eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitza eta berdintasunaren aldeko Herri Itunaren aurrerapenak aztertzeko.
Emakunderen ordezkaritzak Teknologia eta Berrikuntzari buruzko Ekintza Koalizioa lehen eskutik ezagutzeko aukera izan du. Generation Equality osatzen duten eta genero-berdintasunerako munduko bide-orria diren Sei Ekintza Koalizioetako bat da hau.
Euskadiko Estatu Batuetako Ordezkaritzaren lankidetzari esker ari dira topaketak egiten. Unai Telleria da ordezkaritza horren ordezkaria.