BasqueFIK klusterrak, Euskadiko finantza eta inbertsio kluster berriak, Euskadiko ekosistemako 100 erakunde bildu ditu “Bolsa de Bilbao – Bilboko Burtsa” eraikinean egin den Elkartearen aurkezpenean. Jardunaldian zehar, BasqueFIK klusterrak bere helburuen, estatutuen eta gobernantza-ereduaren berri eman du. Hori guztia, aurretiaz, hainbat hilabetez, landu du erakundearen talde sustatzaileak (gehienbat pribatuak diren 18 erakundek osatzen dute).
Ekitaldian izan dira Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko ordezkariak.
Jon Ander de las Fuentes presidenteak azaldu duenez: “BasqueFIK irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta euskal ekonomiaren finantza- eta inbertsio-ekosistema eraldatzea du helburu, enpresa- eta industria-ehunaren lehiakortasun jasangarrian laguntzeko eta ongizatea eta lurralde-garapena areagotuko dituen ekonomia sozialagoa eta jasangarriagoa sortzeko”. Era berean, klusterrak Euskadiko enpresa-ehunaren beharrekin konektatu nahi du, erabakiguneak mantendu eta erakartzeko eta ehun hori indartzen laguntzeko.
Hurrengo urratsen artean, honako hauek daude: plan estrategiko bat garatzea, klusterrak lehentasunezkotzat jo dituen erronkei helduko dieten lan-batzordeak antolatzea eta hasierako jarduera-plan bat prestatzea.
Zuzendaritza Batzordearen eta batzordekideen egungo egitura honako erakunde hauek osatzen dute: Artizarra Fundazioa, Kutxabank, Garrigues, Multiverse Computing, ABE Capital Partners SGEIC, Elkargi, Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Federazioa, BBK Fundazioa, Euskadiko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa, IKEI Research & Consultancy, Finantzen Euskal Institutua, Kaizaharra Corporacion Empresarial, Laboral Kutxa, Norgestion, SANTANDER, Seed Capital Bizkaia SGEIC, Sociedad Rectora de la Bolsa de Valores de Bilbao SAU eta Tecnalia Ventures.
Finantza-kultura zabaltzea eta talentua sortzea
Kluster berriaren helburuen artean honako hauek daude: Euskadi inbertsiorako lurralde erakargarri gisa finkatzea; Euskadiko finantza- eta inbertsio-ekosistemaren eta ekonomiaren eraldaketa lehiakorra eta jasangarria lortzea; finantza-kultura sustatzea eta berori errekonozitzea; profesionalak eta finantza- eta inbertsio-talentua sortzea eta garatzea; proiektu estrategikoak eta ehun ekonomikoarekin lotzekoak garatzea; eraldaketa digitala eta jasangarria bultzatzea; eta ekimen berritzaileak bultzatzea legegintza-neurrietan.
Nolanahi ere, lehentasuna emango dio eraldaketa digitala eta teknologia aurreratua bultzatzeari, I+Gren eta teknologia berrien bidez. Horiek inbertsio- eta finantzaketa-tresnetan bertan aplikatuko dira, eta sektorera bideratutako startupak azeleratuko dira.
Gainera, zaintza, adimen lehiakorra, prospektiboa, erregulatzailea, teknologikoa eta merkatuetakoa gidatuko ditu, informazioa partekatu eta zabaltzeko; hezkuntza-sistemarekin topaketak, foroak, gaikuntza-lantegiak eta lankidetzak antolatuko ditu; eta bazkideen arteko elkarrizketarako topagune gisa agertuko da, hainbat eragilerekin enpresen arteko lankidetza indartuta.
BasqueFIK klusterrak bere gain hartuko du sektorea bera dinamizatzea, networking-, prestakuntza- eta lankidetza-jarduerak sustatuta, baita Informazio Barreiadura eta Behatoki bat sortuta ere.
Azken batean, BasqueFIK klusterrak lehiakortasuna hobetzeko eta finantza- eta inbertsio-sektoreari balioa emateko lan egingo du, ongizatearen eta aurrerapenaren palanka gisa.