UPV-EHUk EBren finantzaketa jaso du Ikertzaileen Gaua hurrengo bi urteetan egiteko

0
PRUEBA

EBren “Horizon Europe” Ikerketa eta Berrikuntzako Esparru Programako Marie Skłodowska-Curie ekintzen barruan, eta kontinentean zientzia karrerak sustatzeko asmoz, laguntzak publiko guztientzako dibulgazio jarduerak ere hartzen ditu

G9 taldeko unibertsitateek Ikertzaileen Europako Gaua egiten jarraitu ahal izango dute 2026ko martxoren 31ra arte, bai eta publiko orokorrarentzako zein unibertsitate aurreko ikasleentzako zientzia hedatzeko beste jarduera batzuk ere. Kantabriako Unibertsitateak koordinatzen dituen eta G9-SCIENCE4ALL proiektuan sartu dauden ekimen horiek Europako Batzordearen laguntzari esker gauzatuko dira. Laguntza hori bosgarren urtez jarraian lortu da EBren “Horizon Europe” Ikerketa eta Berrikuntzako Esparru Programaren eremuan, zehazki, Marie Skłodowska-Curie ekintzen barruan.

Bestalde, Ikertzaileen Europako Gaua ekimenean, txoko eta stand batzuen bidez, herritarrekin elkarreragiten da eta zientzia ezagutza partekatzen da erakustaldi, esperimentu eta bitxikeria ugariei esker. Horiek guztiak partzuergoko unibertsitateek campusak dituzten hirietako erdialdeko lekuren batean egiten dira.

Zientziaren dibulgaziorako eta izaera ludikoko ekimen hori 2005ean jarri zuten martxan. Orduan, 15 herrialdek, 20 hirik eta 20.000 bat pertsonak hartu zuten parte. Hemezortzi urte geroago, 2023an, 26 herrialdetako 1,5 milioi bisitari jaso zituen. Jardunaldia Europako 350 hiritan baino gehiagotan egiten da aldi berean, eta, parte hartzeari dagokionez, ibilbide arrakastatsua izan du. Iraileko azken ostiralean egiten da, eta G9 taldeko unibertsitateek antolatzen dituzten doako 300 ekitaldi baino gehiago izaten ditu.

Bestalde, ikerketa Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxeetara eramaten da, unibertsitate aurreko ikasleen artean zientziarekiko jakin mina eta interesa sustatzeko. Horiek horrela, datozen bi urteetan zientzia hedatzeko jarduerak egingo dira, besteak beste, Zientzia Astea eta Zientzia Zirkularra. Lehenengoan, esperimentu, hitzaldi eta tailerretarako sarrera librea izango da; bigarrenean, berriz, ikertzaileak ikastetxeetara hurbilaraziko dira.

Europako Batzordearen beste helburuetako bat da publiko orokorrari Europar Batasunaren 5 misioak hurbilaraztea, Ikertzaileen Europako Gauean eta dibulgazio ekintzetan garatzen direnak. Honako hauek dira misio horien ardatzak: minbizia; klima aldaketara egokitzea, gizarte eraldaketa kontuan izanik; ura eta ozeanoak; hiri adimendunak eta klimatikoki neutroak; eta, lurzoruaren eta elikagaien osasuna.

Ildo horretan, partzuergoak proposatu du helburu horiekin lotutako ekitaldiak egitea hiru egun gakotan; hortaz, Minbiziaren Mundu Egunean, otsailaren 4an, gaixotasun horren ikerketaren eta prebentzioaren garrantzia azpimarratuko da. Ekainaren 3an, Ingurumenaren Mundu Egunean, Klima aldaketara egokitzea, Hiri adimendunak eta klimatikoki neutroak, eta Lurzoruaren eta elikagaien osasuna misioei buruzko proposamenak gauzatuko dira. Azkenik, ekainaren 8an, Ozeanoen Mundu Egunean, jarduerek ur-baliabideak eta itsasoko bizitza kontserbatzea izango dute ardatz.

G9 unibertsitate taldea honako unibertsitate hauek osatzen dute: Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitate publikoak, eta Kantabriako, Gaztela-Mantxako, Extremadurako, Illes Balears/Balear Uharteetako, Oviedoko eta Zaragozako unibertsitateek. Unibertsitate horiek guztiek jasoko dute Europako laguntza.

Era berean, Euskal Herriko Unibertsitatea Europar Batasunak finantzatutako eta Ikertzaileen Gauaren barruan kokatutako beste proiektu baten parte da, ORE4CITIZENS izenekoa, Tecnalia korporazioa buru duen ekimena. Gure unibertsitateaz gain, Euskampusek eta BCAM-Basque Center for Applied Mathematicsek ere parte hartzen dute ekimen horretan. Planaren helburua itsasoko energia berriztagarriak sustatzea da, eta egun handia Ikertzaileen Europako Gauaren barruan izango da, zehazki Portugaleteko Itsasgunean (Bilboko Ingeniaritza Eskola), Ozeanoen teknologian eta ikerketan oinarrituko den instalazio-multzo berria. Bestalde, G9 proiektuko jarduerak Bilboko Areatzan egiten jarraituko dira, aurreko edizioetan bezala.