Iñigo Urkulluk: “Gure baliabide guztiak erabiliko ditugu gure Herriko nekazaritza indar osoz defendatzeko”

0
PRUEBA

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Arantxa Tapia sailburuarekin batera, Gasteizko Europa Jauregian egin den VIII. Mundu Konferentzia –Familia Nekazaritza: Gure Planetaren Iraunkortasuna izeneko kongresuaren amaiera ekitaldian parte hartu du.

Konferentziak 60 herrialde baino gehiagotatik etorritako 150 familia-nekazaritzako ordezkariak, gobernuak, nazioarteko erakundeak, ikerketa-zentroak, fundazioak, kontsumitzaile-elkarketak, gazte- eta emakume-erakundeak, batu ditu. Ordezkari horien guztien aurrean eta familia-nekazaritzak aurrean dituen erronka garrantzitsuak aintzat hartuz, Lehendakariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa irmoa dela eta baliabide guztiak erabiliko dituela gure Herriko nekazaritza indar osoz defendatzeko.

“Euskadi lurralde nekazaria da, gure sustraien eta historiaren parte garrantzitsua da; berebiziko garrantzia ematen diogu lurrak ematen digunari, izan ere, gure sostengua izan da mendeetan zehar. Gaur, ordea, gure Herriko nekazariek aurrekaririk gabeko arazoak dituzte eta, onartzen dugu, ez dira txikiak. Geure egiten dugu sektorearen kezka, asko baitugu jokoan” adierazi du Urkulluk.  Horregatik, Lehendakariak nabarmendu du aurrekaririk gabeko erronka horiei eman beharreko erantzunak bateratua eta egokia izan behar duela. «Ekoizpen jasangarriaz ari gara, merkatuetarako sarbideaz eta nekazaritza-ekoizpenetarako balio erantsia sortzeaz,belaunaldi berrientzako nekazaritza-sektorearen erakargarritasuna eta emakumeen lidergoa sustatzeaz edo familia-nekazaritza indartzeko politikak eta tresnak diseinatzeko beharraz» gaineratu du.

Zentzu horretan, Lehendakariak gogora ekarri ditu Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek nekazaritzaren alde hitzemandako 10 neurri zehatzak: Erkidegoko araudia errealitateetara egokitzea, malguagoa eta bidezkoagoa izan dadin;  laguntzak kudeatzeko eta izapidetzeko prozesuak erraztea; Euskadiko Elikadura Katearen Legea modu eraginkorrean ezartzen dela bermatzea; nekazaritza-lurren erabilera eraginkorra eta iraunkorra sustatzea; ingurumen-politikak nekazaritza-jarduerarekin bateratzea; sektorea gaztetzea, nekazari eta abeltzain gazteen sarrera sustatuz; laguntza-programak egonkortzea; nekazaritza-aseguruen sistema indartzea; nekazaritza-sektorean teknologia aurreratuen berrikuntza eta erabilera bultzatzea eta lehen sektorea indartzea, ahots indartsu eta erabakigarria izango duela ziurtatuz.

«Aurrera egiten ari gara eta ez dugu atzera pausorik onartuko, ez dugu nekazaritza alde batera utziko, gehiegi dugu jokoan; gure munduaren jasangarritasuna, familia-nekazaritzak bermatzen duen jasangarritasuna, Euskadin hasten da eta gutariko bakoitzaren konpromisoa eskatzen du. Babestu dezagun nekazaritza, babestu ditzagun gure sustraiak, guztion artean egoera honi buelta emateko eta mundu justuago bat lortzeko” esanez amaitu du bere hitzaldia Lehendakariak.